Igor (Tolosa, 1979) eta June (Tolosa, 2009) Aranburu aita-alaba tolosarrentzat bizimodua da iraupen-eskia. Tolosako Alpino Uzturre elkarteko kideak dira biak. Igor, aitak, aitarengandik jaso zuen zaletasuna. Egun, Alpino Uzturre taldean eta federazioan ere ari da laguntzaile lanetan. June, alabak ere, arrastoari jarraitzeko hautua egin zuen umetatik. Iraupen-eskiaren denboraldia amaitu berritan, belaunaldiz belaunaldiko transmisioaz, kirolaren gogortasunaz eta federazioen babes faltaz hausnartu dute. Kirolari petoak dira biak ere.
Igor, nola hasi zinen iraupen-eskian?
Igor: Aitarengandik datorkit zaletasuna. Txikitan Oargi mendi elkartean zegoen, eta bera ere eskiatzera joaten zen. Aralarren txapelketak jokatutakoa da. Egun batean, aitak eskiak une batez lurrean utzi zituen, eta nik probatu egin nituen. Orduan ohartu nintzen eskiatzea gustuko nuela. Hurrengo Eguberrietako opariak eskiak izan ziren.
Zuretzat dena errazagoa izan da, June? Transmisio ona egin du aitak?
June: Bai, aitak transmisio ona egin zuen. Txiki-txikitatik, hiru urterekin-edo, gurasoek eskiatzera eramaten ninduten. Normalean Somport (Pirinioak, Frantzia) aldera joaten ginen. Ez dut gogoratzen eskiatu ez dudan unerik. Berehala lotu nintzen iraupen-eskira.
Igor, beste kirolekin alderatuta, zer du berezia iraupen-eskiak?
Igor: Lehenengo gauza berezia elurra da. Niretzat magikoa da. Elurraren gainean gorputza irristatzea eta natura sentitzea oso berezia da. Surflari batek urarekin eta olatuekin duen sentsazioaren antzekoa da. Jaitsierak eta derrapeek beren xarma dute, ikaragarria da. Hemengo fenomenoa oso bitxia da, oso arraroa. Norvegiar haiek Tolosara etorri, fabrikak ireki eta eskia ekarri zuten; jendeari asko gustatu zitzaion. Belaunaldiz belaunaldi ibili ondoren, hemen gaude azkenean. Bakoitzak bere zailtasunekin, baina hemen jarraitzen dugu.
Nolakoa da aita-alaba harremana txapelketa asteburuetan?
Igor: Ni beti saiatzen naiz tarte handia uzten. Junek hamasei urte ditu eta bere lagunak ditu. Ohartu naiz jada: txikitan bere eredua nintzen, baina orain beste gazte batzuei transmititzea dagokie. Gaur egun gazteak gu baino hobeto informatuta daude eskiaren teknikei dagokienez. Hala ere, beti egoten naiz hor, laguntza behar badu. Ni ere oso gustura joaten naiz.
June, aitak aholku asko ematen dizkizu, ala zuk eskatzen dizkiozu?
June: Nik ez dizkiot ia inoiz eskatzen. Asteburuetan nahiko ondo mantentzen dugu distantzia hori. Lasterketa bat dudanean ez naiz aitarengana aholku bila joaten, entrenatzaileari eskatzen dizkiot gehienak. Noizbehinka bakarrik jotzen dut aitarengana. Asteburuetan ez naiz asko egoten harekin, astean zehar gehiagotan egoten gara elkarrekin.
Igor, oso perfekzionista al zara?
Igor: Bai, baina batez ere nahi dudanarekin eta komeni zaidanarekin. Zerbait asko gustatzen ez bazait, ez diot garrantzirik ematen. Orokorrean gustatzen zait gauzak txukun egotea, behar bezala. Emazteak askotan esaten dit alemaniarra dirudidala. Alaba ere nahiko perfekzionista da. Zorionez ez gara berdin-berdinak, bakoitzak bere berezitasunak ditu.
June, nor da zorrotzagoa bere buruarekin? Aita ala zu?
June: Nik esango nuke ni naizela zorrotzagoa. Aitari askotan ez bazaio zerbait ondo atera, ez zaio asko inporta.
Igor: Nik bere adina nuenean eskiatzea asko gustatzen zitzaidan, baina baita beste gauza batzuk ere: lagunekin egotea, mendira joatea, parranda, eskalatzea, musika... Lehiatzen nintzenean ez nintzen oso lehiakorra; ez nuen langa oso goian jartzen. Bizitzako beste arlo batzuei ere garrantzi handia ematen nien. Egia da, urteak pasatu ahala, gero eta gehiago baloratu dudala kirola egitea, baina bizitza soziala ahaztu gabe. Horrek ez du esan nahi Junek ez duenik bizitza sozialik, nahiz eta langa oso altu izan. Ni gaztetan lasaiagoa nintzen. Gainera, garaiak asko aldatu dira.
June, zer moduz joan da denboraldia? Zer izan da onena?
June: Oso ondo. Batetik hamarrera bederatzi bat jarriko nioke, beti baitago zerbait hobetzeko. Gehien baloratzen dudana taldekideekin pasatutako asteburuak dira. Gutxi gara taldean eta oso ondo konpontzen gara. Taldeaz harago, selekzioarekin kanpora joatea ere bai. Aurten Italian izan naiz, eta hango denboraldiak oso ezberdinak dira hemengoekin alderatuta.
Aitak zer dio denboraldiaz? Bederatzikoa izan al da?
Igor: Bai, bera dagoen mailan eta duen gaztetasunarekin... Gainera, bera baino zaharragoak diren gazteak daude eta maila handia dute; beraz, ondo moldatu da. Hark esan bezala, beti dago zerbait hobetzeko. Nik beti esaten diot lasai hartzeko, urtero koska txiki bat igotzeko. Prestakuntzan ere gauzak aldatzen joango dira pixkana; urteak aurrera joan ahala, gogorragoa izango da.
June, zer aurkitu duzu lehiatzera kanpora joan zarenean? Alde handia al dago?
June: Kanpoan gure adineko jendea ikusten duzu, eta nabarmena da guk baino maila handiagoa dutela. Entrenamendu gehiago egiten dituzte. Guk, ordea, ikastola dugu. Egunero entrenatzen dugu, baina ezin dugu egunero eskiatu. Haien baliabideak oso ezberdinak dira.
Igor, ikusi al duzu bilakaerarik iraupen-eskian azken urteetan?
Igor: Esaterako, federazioak ez du baliabide handirik, eta kluba asko aldatu da, behera egin du. Gure garaitik gauzak asko aldatu dira. Euskal Herrian lau talde bakarrik daude: Nafarroakoa, Erronkarikoa, Uhartekoa eta geurea. Irrintzik beste talde satelite bat du. Baina gure garaian bizkaitarrak ere etortzen ziren. Autobusak antolatzen ziren, eta gurasoek ez zuten zertan eskiatzaileak izan. Boluntario asko zegoen. Urte hauetan guztietan eredugarri izan den jendea da hori, eta eskerrak eman nahi dizkiegu.
Zuen etxera joango banintz, berehala konturatuko nintzateke kirolari etxea dela?
Igor: Ez pentsa! Etxean agian ez, baina garajera joango bazina, bai. Garajea trastez beteta dugu. Aitona Inaxiok esango lukeen bezala, zenbat diru txatar bihurtuta! Bizikletak, eskiak, mendiko bizikletak... Denetik dugu.
Etxean denak kirolariak izanda, nola antolatzen zineten kirola egitera joateko?
June: Gogoratzen naiz txikiak ginenean Iker anaia eta biok beranduago esnatzen ginela. Aita goizean goiz joaten zen, eta gero guregana etortzen zen. Ondoren, ama joaten zen.
June, aitaren hiru ezaugarri aukeratu beharko bazenitu, zein lirateke?
June: Diziplina, kirolerako duen motibazioa, eta egiten dugunaz gozatzen duela. Hau da, ez dela dena lehia; ondo pasatzeak ere balio du.
Eta amarengandik?
June: Amak ere motibazio handia du. Beste bi gauzak ez zaizkit burura etortzen, baina ama ere berdintsua da.
Igor, oraindik lasterketetan parte hartzen jarraitzen duzu?
Igor: Bai, baina ez lehen bezala. Orain seme-alabekin joaten garenez, nahiago dut haiekin parte hartu. Lasterketa asteburuetan hor egon behar duzu laguntzen: begira, animatzen... Eguna konturatu orduko pasatzen da. Ez dut lasterketa guztietan parte hartzen, esprintetan adibidez ez, baina distantzia luzeetan bai.
Motibazioa bilatzea gero eta gehiago kostatzen al da?
Igor: Bai, eskiatzea gero eta gehiago kostatzen zait. Bizikletan errazago ibiltzen naiz, gehiago motibatzen nau. Negua oso motza da eta azkar pasatzen da; gainera, hurrengo negura arte itxaron behar izaten da.
June, nola dago iraupen-eskiaren egoera gaur egun Euskal Herrian?
June: Nahiko gaizki. Gero eta jende gutxiago dago, eta neskak are gutxiago. Denboraldiro jendeak utzi egiten du, eta egoera kaskarra da. Espainian ere berdin: gero eta gutxiago dira. Gainera, federazioak ez digu laguntzarik ematen. Espainian mutilen taldea soilik dago, neskarik ez. Mailarik ez dugula ematen esaten dute. Mutilen aldeko apustua egiten dute, baina ez neskena.
Egonaldietara joaten zaretenean, nabaritzen al duzue mutilenganako alderaketa hori?
Igor: Ez. Hara joaten garenean ez dago ezberdintasunik, eta neskak eta mutilak maila berean jartzen gaituzte. Gure adinean ez dago ezberdintasunik. Zaharragoak direnean banatu egiten dituzte, eta neskak ez dituzte mutilekin jartzen.
Igor: Ez dute emakumeentzako osatutako egiturarik, gazte mailan bai. Emakumeak desmotibatu egiten dira, eta ez dute mailarik ematen. Ikusten dute ez dietela jaramonik egiten, eta pixkana iraupen-eskia uzten joaten dira.
Zein adineko jendeak uzten du iraupen-eskia?
Igor: 17-18 urte bitartekoek uzten dute batez ere, ikasketak aurrera eraman behar dituztelako. Batxilergoa amaitu eta unibertsitatera joandakoan, ez da inor geratzen. Lehen Junek esan bezala, federazioak ez die laguntzarik ematen eta ez du apusturik egiten nesken alde. Pil-pilean dagoen gaia da, eta azken urtean dezente mugitu da. Nik uste dut haiek gero eta presio handiagoa sentitzen dutela, baina ez dakit zerbait egiteko asmorik ba ote duten. Oraindik esperantza galdu gabe gaude.
June: Zerbait egiten badute, aurten izan beharko luke, kirol olinpikoa izanik...
Igor: Kataluniako federazioak Espainiakoak baino dezente hobeto funtzionatzen du. Beti izan da horrela. Estruktura oso gogorra dute, eta Kataluniako teknifikazio taldean dauden gazteak azarotik otsailera arte kanpoan ibiltzen dira eskiatzen. Bestalde, nazioarteko probetan aritzen dira. Haien lana ikaragarri ondo egiten dute, eta, agian, Espainiako federazioak inbidia pixka bat sentitzen du. Baina horrek diru asko eskatzen du; ahalegin hori familia askoren bizkar geratzen ari da, eta federazioari salatu dakioke hori.
June, non irudikatzen duzu zure burua 18 urterekin? Eskiak jantzita?
June: Jende askok galdetzen dit hori, eta denei erantzuten diet iraupen-eskian jarraituko dudala. Ez dakit nola moldatuko naizen, baina unibertsitatera joandakoan ere jarraitu nahi nuke. Mailaz igotzen joatea gustatuko litzaidake, ea jendearen laguntzarekin nora irits naitekeen. Zaila ikusten dut, baina inoiz ez da amore eman behar.
Nolakoa izaten da etxerako bidea autoan, lehiatu ondoren?
June: Hori da asteburuko okerrena, oso luzeak egiten zaizkit bidaiak. Une oro horretan pentsatzen ari zara, eta ez da erosoa. Lasterketa ondo atera bada, ez zait hain pisutsua egiten. Asteburuetan ez naiz azterketetan pentsatzen egoten, guztiz deskonektatzen dut. Lasterketa amaitutakoan hasten naiz azterketetan pentsatzen, baina lehenago ez. Etxera iristean deserosoa egiten zait: ikasten hasi behar dut, eta ez zait batere gustatzen.
Txapelketa gaizki joan bada, aitak asko hitz egiten al du?
June: Ez, ez du asko hitz egiten. Normalean ni egoten naiz haserre nire buruarekin, eta ez aita.
Igor: Nik ez diot presio handirik egiten. Gauzak gaizki ateratzen direnean, ez da ezer gertatzen. Hurrengoan hobeto egingo duela esaten diot, eta kito.
Aurtengo denboraldian elkarrekin igarotako egunik onena aukeratu beharko bazenute, zein litzateke?
June: Gogoratzen naiz asteburu batean taldekoekin eskiatzera joatekoak ginela. Azkenean ez ziren etorri, eta gu geu bakarrik joan ginen Izabara (Nafarroa). Oso eguraldi txarra zegoen, baina entrenatu egin behar genuen. Asteburu hura sekulakoa izan zen. Gu bakarrik geunden estazioan!
Igor: Nik ere gogoratzen dut egun hura! Junek serie batzuk egin behar zituen, eta ni laguntzen aritu nintzen bera motibatzeko, nahiz eta ez zuen motibazio beharrik. Bakarrik ere nahikoa zuen; bazekien zer egin behar zuen. Azkenean biok batera aritu ginen serieak egiten. Sekulako barreak egin genituen! Bera zalaparta batean zihoan eta elurrak nire aurpegian jotzen zuen. Aitaren eta alabaren arteko harreman horretan, bakarrik joanda, barre algara ederrak egiten dira. Etxeko laurok joatea edo biok bakarrik joatea oso ezberdina da; ez hobea edo txarragoa, ezberdina baizik.
Zer aholku emango zenieke kirol honetan hasi nahi dutenei?
Igor: Tolosan Alpino izeneko taldea dagoela. Hango gazteak oso jatorrak dira; asteburuero elurretara joaten gara eta oso ondo pasatzen dugu. Guretzat oso berezia da elurretan ibiltzea. Zailtasunak zailtasun, merezi du iraupen-eskian aritzeak.
June: Benetan hasi nahi duenak, has dadila eskia eta kirola asko gustatzen zaiolako, baita lehiatzea ere. Beti esaten dut sekulako taldea dugula. Niretzat taldea da onena, eta oso gustura ibiltzen naiz asteburuero. Animatu!
June, berriz jaioko bazina, kirol bera hautatuko al zenuke?
June: Bai, zalantzarik gabe.