ELKARRIZKETA

«Pintxanarik gabe? Ostegun Gizenik ez!»

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko otsailaren 8a

Pintxana izendatu dute aurtengo inauterietako Kabi Alai Kuttuna, eta munduko txaranga jendetsuenak piztuko du festei hasiera emateko suziria. Azken hamarkadetan ikaragarri hazi da txaranga, eta gaur egun, Ostegun Gizenero, 130 musikari inguruk parte hartzen dute. Iñigo Irurzun Sorarrain eta Henar Martinez Varela Pintxana txarangako kideak dira.

130 musikarik parte hartzen dute Pintxana txarangan, eta horietatik dozena batek osatzen du zuzendaritza taldea. Bi eginkizunak egiten dituztenen artean daude Henar Martinez Varela (Tolosa, 1995) eta Iñigo Irurzun Sorarrain (Tolosa, 1995). Martinez haurra zela hasi zen txarangan musikari; Irurzun, berriz, gaztetxoa zenean. Biek ere, gogoan dituzte azken urteotako zenbait anekdota. Jakitun dira aurtengo Ostegun Gizena berezia izango dela, egitaraua ere aldatu baitzaie. Besteak beste, oraindik ez dakite nola sartuko diren Plaza Zaharrean.

Pintxana txarangaren abestia entzuten duzuenean, zer sentitzen duzue?

Henar Martinez: Inauteriei hasiera emateko betiko modua da, gurea, eta oilo ipurdia jartzen duen kantua.

 

Iñigo Irurzun: Festen hasiera, zalantzarik gabe. Gure bizitzaren azken 15-20 urteetako inauterien lehen minutuak abesti honekin lotzen ditugu.

Aurten, Kabi Alai Kuttuna izendatu zaituztete. Nola izan zenuten horren berri, eta zer sentitu zenuten?

Irurzun: Txarangako zuzendaritza taldeko kide batek Kabi Alaikoen deia jaso zuen, eta hark jakinarazi zigun gainerako kideoi. Sorpresa handia izan zen, ez genuelako espero.

Martinez: Guretzako ohore handia da izendapena bera. Ilusio handia piztu du, eta aldi berean...

Irurzun: Aldi berean zerbait oso arraroa. Izan ere, Pintxana txarangakoak Ostegun Gizenean 12:00etan hasten gara jotzen Plaza Berrian, bertan inor ez dagoela. Festa beste toki batean hasten da, baina gu ere festaren parte gara. Horregatik, arraroa izango da, baina poz handiz jaso genuen albistea, eta bada aitortza bat inauterietan egiten dugun lanari.

Festari hasiera emateko ardura izango duzue. Nola zaudete? Prest? Urduri?

 

Martinez: [Barreak]. Urduri bai, prest ere bai.

Irurzun: Espero dugu txupinazoa zerurantz ateratzea.

Martinez: Urduritasun handia daukagu, baina baita ilusio handia ere. Aurten, berezia izango da inauterien hasiera. Bai Kabi Alai txaranga, baita gu ere, Plaza Zaharrean egongo garelako, eta bertatik hasiko dugu kalejira. Inauteriei hasiera emateko ardura gurea izatea ohore handia da. Oso eskertuta gaude.

Irurzun: Uste dut datozen urteetako Ostegun Gizenetan asko kostatuko zaigula Plaza Berrira itzultzea.

Arraroa izango da txupinazoa inoiz ez bizitzetik, udaletxeko balkoira igotzea, ezta?

Irurzun: Bai. 120 musikari inguru gara txarangan, baina Ostegun Gizenean Plaza Berrian jotzen hasten garenean, kasik musikariak bakarrik egoten gara. Gero, Alde Zaharrean zehar kalejiran goazela jendetza ikusten dugunean, «hemen hasi da festa!» pentsatzen dugu. Beraz, berezia izango da aurten Plaza Zaharrean hastea.

Eta zer da tolosar batentzat inauterietako txupinazoa botatzeko ardura izatea?

Martinez: Ez dakit azaltzeko gai izango nintzakeen. Lanean jai eskatu beharko dugu egun horretan bai ala bai udaletxean egoteko. Bizitzan behin gertatuko zait, eta berezia izango da. Oraindik ez dakit nola azaldu. Ilusio handia daukat balkoian egoteko, baita urduritasun handia ere. Bizitzan gertatu daitekeen gauza onenetariko bat da.

Irurzun: Politenetakoa, bai. Bitxia izango da balkoian bertan festari hasiera ematea.

Dagoeneko irudikatu duzue zeuen buruan txupinazoko momentua?

Biek: Oraingoz, ez.

Irurzun: Zer erreakzio izango dugun ere ez dakit.

Martinez: Pentsatzen jartze hutsagatik, gehiago urduritzen naiz.

Zerbait prestatu duzue txupinazoko momenturako, balkoitik esateko edo?

Martinez: Erabaki dugu nork hitz egingo duen, baina oraindik ez dugu esan beharrekoa prestatu.

Irurzun: Pintxanaren historian garrantzitsuak izan diren hiru musikari omenduko ditugu: Fernando Ropero, Jose Mari Mendibil eta Santi Balza. Omenaldira eta balkoira gonbidatuko ditugu, une berezia elkarrekin bizi dezagun. Balza jada gure artean ez dagoenez, haren alaba Idoia joango da.

Zuek, Ostegun Gizenero 11:45 aldera elkartzen zarete Plaza Berrian. Une berezia izaten da, ezta?

Irurzun: Txarangako kide batek esaten du une horretan hasten dela urte berria. Oso berezia izaten da. Plaza hutsik egoten da, baina ehundik gora garenez, berehala betetzen dugu. Une horretan, zuzendaria izango denari animoak ematen dizkiogu, urduri egoten baita.

Martinez: Urteko egun berezienetakoa da guretzat, eta saiatzen gara gure esku dagoena ahalik eta berezien egiten.

Haur askok parte hartzen dute Pintxanan, eta musikari beteranoagoen esku ere badago horientzat Ostegun Gizena egun berezia izatea.

Irurzun: Haurrek parte hartzen dute, baita 30 eta 60 urte inguruko haurrek ere. Tolosako musikari askorentzat zubi-lan garrantzitsua egin izan du Pintxanak. Oso lagungarria da instrumentua jotzen ikasten hasten direnetik, kalera ateratzeko pausoa ematen duten arteko prozesuan. Haurrak nahiz beteranoak ilusio handiarekin elkartzen gara Ostegun Gizenean.

Martinez: Gainera, haur askok abesti bakarra ikasita parte hartzen du Pintxanarekin. Gurea ez da txaranga profesionala. Instrumentu bat jotzen dakien eta inauterietako abestiak etxean errepasatu dituen edonork du eskubidea gurekin kalera ateratzeko. Haur gehienek perkusioa jotzen dute lehen urteetan, eta, urte batzuk aurrerago, haizezko instrumentuekin animatzen dira.

Hori da Pintxanaren esentzia, eta hori aitortu nahi izan du Kabi Alai elkarteak.

Irurzun: Ez da ohikoa txaranga batean 130 musikarik parte hartzea, eta uste dut horrek eragina izan duela izendapenean. Parte-hartzea sustatzen dugu, haurretatik hasi eta adinekoetara arte, baita parekidetasuna ere; neska eta emakume ugarik parte hartzen du Pintxanan, eta txarangen mundua oraindik ia erabat gizonezkoena da. Alde horretatik, eredugarri gara.

Iñigo Irurzun: «Emakume ugarik parte hartzen du Pintxanan, eta txarangen mundua oraindik ia erabat gizonezkoena da»

Martinez: Gure lana ikusarazteko balio du aitortzak, nahiz eta guk egiten dugun lanak ez duen halakorik bilatzen. Hala ere, oso eskertuta eta kontentu gaude, gure lana saritu dutelako.

Kabi Alai Kuttuna izateak zenbaterainoko eragina izango du zuen egitarauan?

Martinez: Lehen esan bezala, hasieratik izango du eragina, Plaza Zaharretik hasiko dugulako kalejira. Gainera, ez ditugu urteroko geldialdi berdinak egingo. Goizeko saioa Plaza Berrian amaitzen dugu, baina aurten Euskal Herria plazan amaituko dugu, Kabi Alai txarangarekin batera, eta bi abesti joko ditugu bertan.

Irurzun: Berez, txaranga bakoitzak bere ibilbidea izaten du, baina aurtengoa berezia denez, salbuespenezko kalejira egitea onartu dute.

1940an sortu zen Pintxana Txaranga. Ezagutzen duzue bere historia?

Irurzun: Egia esateko, ez dakigu asko. Esan izan digutenagatik, harakin talde batek sortu zuen, udaletxearekin izandako hika-mika baten ondorioz, protesta egiteko. Urtetik urtera, protesta batekin hasitakoa ohitura bilakatu zen, eta ohitura hori inauterietako egitarauan txertatu zuten. Izenak, berriz, txori mota batean du jatorria. Harakin taldeak pintxana bat eramaten zuen kaiola batean sartuta. Gau batean, ihes egin zuen, baina kaiolara itzuli zen, eta horregatik jarri zioten izena. Ez dakit istorio honek zenbateraino den egia.

Martinez: Harakin talde bat zenez, gure armarrian txistorra bat daukagu, eta zuzendariak txistorra batekin zuzentzen du txaranga. Txarangak jakin du garai berrietara egokitzen, eta garatu egin da. Horrela bihurtu da musikari multzo erraldoia.

Irurzun: Ez dut uste gaur egun txarangan harakinik daukagunik.

Harakinik ez, baina musikariak bai. Zuek noiz eta zergatik hasi zineten Pintxanan parte hartzen?

Martinez: 20 urte inguru daramatzat. Lehen urteetan, txindatak jotzen nituen; gero, berriz, saxofoia. Abesti bakarra jakingo nuen orduan, Ostegun Gizenekoa (Sasikoipatsu). Familiaren eraginagatik hasi nintzen. Lehen, nire amaren osabak parte hartzen zuen, eta nirekin batera, nire neba eta lehengusua hasi ziren. Familiako ohitura bat izan da, eta izaten ari da, belaunaldiz belaunaldi irauten duena. Ea hurrengoek ere jarraipena ematen dioten.

Irurzun: Ni duela 16 edo 17 urte hasiko nintzen, musika eskolako lagunekin batera. Ea animatuko ote nintzen galdetu zidaten urte batean, eta lagun talde horretako askok oraindik hemen jarraitzen dugu.

Zuen adineko musikariek multzo handia osatzen duzue. Hori lagungarri da urte luzez txarangan jarraitzeko, ezta?

Irurzun: Bai. Hala ere, multzo horretako ia denak gara aldi berean zuzendaritza edo antolakuntza taldeko kideak.

Eta nola lortzen da urtero txarangan parte hartu nahi izatea?

Irurzun: Ziurrenik, aho zapore onarekin amaituko dugu urtero.

 

Martinez: Tolosako inauteriak ez lirateke existituko Ostegun Gizenik gabe. Inauterietan astebeteko bidaia egitea eskainiko balidate, ez nuke onartuko. Eta Ostegun Gizena ezin dut ezerengatik aldatu.

 

Henar Martinez: «Inauterietan astebeteko bidaia egitea eskainiko balidate, ez nuke onartuko»

Ostegun Gizenik gabe, inauteririk ez; Pintxanarik gabe...

Biek: Ostegun Gizenik ez!

Zer da zuentzat Pintxana?

Martinez: Familia bat gara. Egunero elkartzen ez garen musikari multzo erraldoia gara. Askorekin kalean topatuz gero, elkar agurtuko genuke, besterik ez.

Irurzun: Zenbait belaunalditako musikariak, askotariko kalitate eta maila dutenak, elkartzen dituen txaranga da. Inork ez du inor neurtzen zenbat eta nola jotzen duen. Kalean lehen aldiz jotzeko esperientzia ezin aproposagoa da. Guztiak dira ongi etorriak. Eta zerk egiten du berezi? 130 musikari garela: emakumeak, gizonak, haurrak, gazteak, adinekoak...

Zer lortu du Pintxanak inauterietan eta Tolosan?

Martinez: Batez ere, Ostegun Gizena girotzea. Horrez gain, txikienetik helduenera musikarako eta inauterietarako zaletasuna areagotzea. Askotan, musikan hasiberriak direnengatik hitz egiten dugunean, haurrak etortzen zaizkigu burura, baina Pintxanan badira musikan hasiberriak diren helduak ere. Horientzat ere berezia da. Guk ateak zabalik ditugu, nahi duenak parte hartu dezan, presiorik eta loturarik gabe. Bestetik, musikariak elkar zaintzen gara.

Irurzun: Zentzu horretan, eredugarriak gara, eta kalean gu ikusten gaituenak badaki hori.

Urtero aldatzen duzue zuzendaria. Zuek izanak zarete: Iñigo iaz, eta Henar 2019an. Gogoan duzue bakoitzaren urtea?

Martinez: Pintxanako zuzendariak txarangaren beste ikuspegi bat izaten du egunean bertan, beste modura bizitzen du eguna. Ni, gainera, atzealdean joan izan naiz saxofoiarekin, eta urte hartan txarangaren aurretik joan nintzen. Presioa eta ardura handia sentitu nuen, baina ez egun hartan bakarrik. Urte osoan, txistorra pasatzen dioten unetik Ostegun Gizena heldu arte, mentalki prestatu behar izaten du zuzendariak.

Biek: Eta ispilu aurrean entseatu.

Irurzun: Sekulako oroitzapen ona daukat, eta Pintxanan bizi izandako egun onenetako bat izan zen. Hasieran lotsatuta nengoen, baina giroan murgildu ondoren, ikaragarri gozatu nuen.

Martinez: Aitortu beharra daukat bioi eguraldiak asko lagundu zigula.

Irurzun: Egia da. Euria egin izan balu, akaso, beste zerbait esango nuke.

 

Martinez: Txupinazoarena bizitzan behin egingo dugun moduan, Pintxanan zuzendari ere bizitzan behin izango gara. Beraz, ilusio handia eragiten duen eginkizuna da.

Berdura plazan egiten duzue zuzendari berriaren aurkezpena, Ostegun Gizen arratsaldean, txarangaren kantua jo bitartean. Zuzendari berriak jakiten al du hautatua izango dela?

Irurzun: Beti saiatzen gara informazioa ez filtratzen. Niri, esaterako, ez zidaten esan, baina hiruzpalau egun lehenago jakin nuen.

Martinez: Hurrengo zuzendaria nor izango den erabakitzen dugunean, gure helburua izaten da inork ez jakitea. Hala ere, pertsona batzuei aurrez jakinarazi behar izaten zaie, litekeena delako lanagatik ezin ahal izatea.

Sorpresa berezia izaten da izendapenarena. Baduzue beste momentu berezirik Pintxana txarangarekin?

Martinez: Hasiera aukeratuko nuke, Plaza Berrian egiten dugun txupinazo propioa.

Irurzun: Lehen, ez zen suziririk pizten. Hala ere, duela urte batzuk txupinazoa egitea erabaki genuen. Gainera, 11:59an piztu ohi dugu. Momentu berezia izaten da, errepertorio ofizialean ez dauden bi abesti jotzen ditugulako: Goterasen omenez eta Santi Balzari. Oso garrantzitsuak dira txarangaren historian. Nik beste momentu bat ere aukeratuko nuke: arratsaldean, zezen-festaren ondorengo kalejiran Fronton kafetegiaren parean bizitzen duguna.

Martinez: Gure festaren momentua izaten da. Bestetik, urtero, Mila Garcia de Iturrosperi Zorionak zuri! abesten diogu bazkal orduan, bere urtebetetzea ez izan arren.

Eta anekdotaren bat bizi izan duzue txarangarekin?

 

Irurzun: Gogoan dut urte batean elurte ikaragarria egin zuela Ostegun Gizenean, eta, hala ere, jotzen aritu ginela. Horrez gain, urtero izaten ditugu arazo txikiak otorduekin: bazkaria ez dela denentzat iristen, edo askaria berehala amaitzen dela…

Martinez: Ni zuzendari izan nintzen urtean gogoan dut gure txupinazoa egin genuela, eta jotzen hastera gindoazenean, txarangako musikarien artean ez zegoela bonbo-jotzailerik. Bi musikarik joan behar izan zuten bonbo banaren bila.

Azken urteetan, ikaragarri hazi da txaranga, eta bete-betean ari zarete bizitzen musikari kopuruaren gorakada. Nolakoa izaten ari da bilakaera hori?

Irurzun: Gu jotzen hasi ginenean, 80-90 inguru izango ginen. Pentsa, orain 130 izaten gara. Ahal den moduan daramagu aurrera txarangaren bilakaera. Ateak ez ditugu inoiz itxiko, eta gakoa da testuinguru guztietara moldatzea. Bazkal orduan izaten ditugu zailtasun gehien. Txarangako gehienok Oargi elkartean bazkaltzen dugu, baina musikari helduenek, egoera ikusita, beste nonbait bazkaltzea erabakitzen dute, bestela ez garelako kabitzen.

Martinez: Lehen ez genuen arazorik izaten bazkal orduan elkartean kabitzeko. Beste eragozpenetako bat izan daiteke perkusio-jotzaileen kopuru handiegia. Bonbo eta kaxa gehiegi ez izaten saiatzen gara, eta instrumentuak sakabanatzen, bestela, soinua desorekatua izaten da. Azkenik, urteak igaro ahala, zezen plazan geroz eta toki gehiago eskatu behar izaten dugu, ez garelako ondo sartzen.

Irurzun: Noizbait iritsiko da zezen plazako harmailetan eserita itzuli osoa ematera helduko garen eguna.

Txarangako zuzendaritzako kide zarete biak. Zenbat lagunek osatzen duzue taldea eta zein izaten da zuen ardura?

Irurzun: Dozena bat lagun izango gara, eta ez daukagu guztiz zehaztuta bakoitzaren ardura. Ostegun Gizena baino hilabete bat edo bi lehenago elkartzen gara, eta orduan hasten gara egitekoak banatzen. Badira zeregin batzuk beti pertsona berdinak egiten dituztenak.

Martinez: Gu oso gazte ginela sartu ginen taldean, unibertsitate-ikasketak egiten ari ginela. Orain, gehienak lanean ari gara, ardura gehiago ditugu, eta Ostegun Gizenean jai hartzeko zailtasun gehiago ditugu. Hortaz, batzuetan, jende falta sumatzen dugu egunean bertan. Egia da zereginak urtero nahiko antzekoak izaten direla, eta dagoeneko errutina bilakatu dela guretzat. Ostegun Gizenaren ondoren, berriro elkartzen gara, egindako lanaren balorazioa egiteko eta hobetu beharrekoak zehazteko.

Pintxanan urte luzez jarraitzeko asmoa duzue?

Martinez: Une honetan, baietz esango nizuke. Ahal den heinean, behintzat, eta aukera izanez gero, jarraitu nahiko nuke.

Irurzun: Plan hoberik ez daukagun bitartean, bai. Eta zaila izango da hau baino plan hoberik topatzea.

Erlazionatuak

Musikarekin hegan

Josu Artutxa Dorronsoro ots 08, 07:58 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!