ERREPORTAJEA

Musikarekin hegan

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko otsailaren 8a

1940an, Tolosako harakin talde bat instrumentuak hartu eta kalean jotzen hasi zen, protesta modura. Txaranga bat sortu zuten, eta urte batzuk beranduago jarri zioten Pintxana izena, txori batengatik. Gaur egun, haur, gazte eta heldu musikarien kuadrilla erraldoia bilakatu da. Aurten, 30 urte beteko ditu soinean janzten duten alkandora zuri-urdinak.

Tolosarrentzat aski ezaguna da Pintxana txaranga, baina gutxik dute haren sorreraren berri. Harakin talde bat eta euren lagunak Etxe Haundi sagardotegian —duela gutxira arte Shanti Kirolak denda egon den lekuan— elkartzen ziren inauterietan, Ostegun Gizenean. 1940ko topaketaren ondoren, arratsalderako zezen-festa antolatzea eskatu zioten udalari, inauterien hasierari indar handiagoa emateko helburuarekin; udalak ezezkoa eman zien. Protesta egiteko, txaranga bat sortu eta Ostegun Gizenero kalera ateratzea erabaki zuten, helburua lortu arte. Urte batzuk igaro ondoren, lortu zuten udalak zezen-festa antolatzea.

Txarangaren jarduera, ordea, ez zen orduan amaitu. Ostegun Gizenean jotzen jarraitzea erabaki zuten, gaur egun arte. Lehen urteetan, Periko de Pedro, Periko harakina ezizenez ezagunagoa, izan zen txarangako zuzendaria. Harekin batera, musikari aritu ziren, besteak beste, Antxon de Pedro —Perikoren semea—, Ceferino Rico, Miguel Martinez, Joxe Mari Arostegi eta Simon Martinez. De Pedro semea izan zen zuzendaria zenbait urtez; honek batzuetan bere alaba Maria Eugeniari ematen zion ardura. Gaur egun, txarangak urtero aldatzen du zuzendaria; urte luzez musikari aritu izan diren kideei ematen die ardura, eta horiek omentzeko keinua izaten da.

Eta nondik dator txarangaren izena? Pintxana, Pinzana edo Pintxatxar izenez ezagutzen den txoriari dagokio. Euskal Herria zeharkatzen du, eta bertan hazten da. Okre koloreko lumak ditu, hegal beltzak eta bular gorria. Lehen urteetan, oraindik izenik ez zuenean, Pintxana batek laguntzen zuen txaranga egun guztian zehar; kaiola batean sartuta eramaten zuten musikariek. Goizaldeko 00:00etan, kaiola ireki eta aske uzten zuten. Urte batean, eguna amaitzean, Cielo tabernan afaldu ondoren, kaiola ireki zuten txarangako kideek, Pintxanak ihes egin zezan. Oso ilun zegoen kanpoan —argiztapen publikoa itzalita zegoen—, eta txoriak tabernara itzultzea erabaki zuen; hori gutxi ez eta kaiolara sartu zen berriro.

Bestelako garaiak ziren. Orduan, 22:00ak arte jotzen aritzeko baimena zuen txarangak. Ordu horretatik aurrera aritzeko baimen berezi bat eskatu behar zuen. Lehen urteetako alkateek, hala nola, Mocoroak eta Ortiz de Zaratek, arazorik gabe ematen zieten baimena musikariei; hori bai, 00:00ak arte, ez gehiago. Gainera, kale batean bakarrik jo zezakeen txarangak; kale horretatik ateratzeko beste baimen bat eskatu behar zuen. Baimen hori ere berehala ematen zuten alkateek.

Debekuak eta isunak

Inauteriak eta Pintxana txaranga erabat aldatu dira, askotariko egoerak bizi izan dituzte, eta biek jakin dute garai berrietara egokitzen. Debekuak nagusi ziren urteetan, txarangako sortzaileak jakitun ziren instrumentuak jotzeagatik isuna jasoko zutela. Hori dela eta, Txoko tabernan afaldu ondoren, eta Guardia Zibila kuarteletik isunarekin iritsi aurretik, txarangaren inguruan saltoka ari ziren herritarren artean pasatzen zuten txapela, isuna ordaintzeko.

Hura ez zen izan tolosarrek Pintxana txaranga lagundu zuten aldi bakarra. Zenbait urtetan musikariek ez zuten udalaren diru laguntzarik jasotzen, eta herriko tabernak izaten ziren ekonomikoki laguntzen zutenak. Nahikoa izaten zen bazkari eta afariko gastuak ordaintzeko. Etxe Haundi sagardotegian bazkaltzen zuten; afaldu, berriz, Cielo tabernan.

Izaera eta jantziak

Gaur egun, txaranga sortu zuten harakinek eta haien lagunek ez dute txarangan parte hartzen, baina haien inauterietarako zaletasunak eta pasioak Pintxanako zenbait kideren artean dirau. 85 urtetan, herritar ugari igaro dira Pintxanatik; askok, gainera, urte luzez parte hartu dute Ostegun Gizeneko kalejiratan. Izaera irekia du, eta haur, gazte nahiz helduen parte hartzea bultzatzen du. Hala, gaur egun, 150 kide inguru biltzen dira.

Pintxanako kide bakoitzak blusa zuri-urdina eramaten du soinean, txaranga sortu zuten harakinen jantziak irudikatzeko helburuarekin. 1996an egin zituzten alkandorak, eta hauek ordaintzeko tolosarren laguntza behar izan zuten; herriko dendetan kutxa bana jarri zuten, edonork nahi adinako ekarpena egin zezan. Horiez gain, bakoitzak osagarri bat jartzen du buruan: txapela, ileordea, betaurrekoak...

Guztiak ere, 11:45ean elkartzen dira Plaza Berrian. Aurten, ordea, bestelakoa izango da Ostegun Gizena Pintxanako kideentzat. Plaza Berrian elkartu ordez, Plaza Zaharrean elkartuko dira, Kabi Alai Kuttuna izendatzeak atzetik dakarrelako festei hasiera emateko ardura. Txupinazorako prest da txoria; Ostegun Gizena umore onez hasteko prest da Pintxana.

Pintxana kantua

Pin, Pin, Pintxanatarrak gu gera

Pin, Pin, Pintxanatarrak beti. (bis)

Umore ona pasatzen degubeti sagardotegian,

gu bezelakorikan ez baitaTolosako herrian. (bis)

Pin, Pin, Pintxanatarrak gu gera

Pin, Pin, Pintxanatarrak beti. (bis)

Neska gaztiak ez lotsik eukiguregana etortzeko,

Pintxanatarrak beti zai gaude

zuekin dantzatzeko. (bis)

Pin, Pin, Pintxanatarrak gu gera

Pin, Pin, Pintxanatarrak beti. (bis)

Erlazionatuak

«Pintxanarik gabe? Ostegun Gizenik ez!»

Josu Artutxa Dorronsoro ots 08, 07:59 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!