Inauteriak 2026

Inauterietako lehen txispa piztuta

Ataria 2026ko urtarrilaren 24a

Aurtengo inauterietako lehen protagonistak aurkeztu dituzte Tolosako Plaza Zaharrean, udaletxe aurrean: Pintxana txarangak botako du Ostegun Gizeneko txupinazoa, eta Maialen Rodriguez Azpiroz tolosarraren Guztiok gara inauteri kartelak iragarriko ditu aurtengo inauteriak.

Tolosa inauteri gosez dago, eta lehen aperitiboa eman dute eguerdian, Kabi Alai elkarteko txarangaren doinuek lagunduta: Kabi Alai Kuttuna Pintxana txaranga izango da; hau da, Ostegun Gizenean txupinazoa Pintxanak berak botako du. Gainera, jaiak iragarriko dituen kartel irabazlea ere gaur aurkeztu dute jendaurrean; hain zuzen, tolosarrak protagonista dituen kartela izan da aurtengo irabazlea: Maialen Rodriguez Azpiroz farmazialariaren Guztiok gara inauteri.

Goiuri Ezeiza zinegotziak izan du aurkezpena gidatzeko ardura, eta Kabi Alai elkarteak berak Kabi Alai Kuttuna nola aukeratzen duen esplikatu du lehenik, «proposamen zerrenda eskuan, afari batean bilduta, bozkatu egiten dute; ez da erraza izaten». Jarraian, Kabi Alai elkarteko Ainhoa Onsalok jakinarazi du aurtengo Kabi Alai Kuttuna Pintxana txaranga izango dela: «Oso ezaguna da; izan ere, Kabi Alairekin batera Ostegun Gizenean, jotzen ateratzen den beste txaranga da: Pintxana». Merezimenduaz ere hitz egin du Onsalok, «azken urteotan egindako ibilbidearen aitortza da». Gaur egun, 150 musikarik osatzen dute Pintxana, baina tolosar musikarien «harrobitzat» definitu dute Pintxana: «Gutxi izango dira txaranga honetatik pasa ez direnak, txaranga mundura salto egiteko bide bat da».

Tolosako harakin talde batek sortu zuen, 1940. urtean Pintxana. Ostegun Gizenean, Rondilla kaleko Etxe Haundi sagardotegian elkartzen ziren: Periko eta Antxon de Pedro, Ceferino Rico, Miguel Martinez, Joxe Mari Arostegi, Simon Martinez… Gaur egun, urtero aldatzen da zuzendaria, urteetan atera diren kideak omentzeko, eta 150 pertsona inguruko taldea elkartzen dira.

«Ohore bat»

Ostegun Gizenean, txupinazoaren aurretik jasoko dute Kabi Alai elkartearen eskutik Kuttuna saria, eta segidan, inauterien hasiera iragartzeko suziria jaurtiko dute. Edonola ere, egun horri begira euren poza eta urduritasuna azaldu dute gaur «Tolosako txaranga handiena eta parekideena» denaren kideek: «Albistea jaso bezain pronto, zuzendaritza bildu eta aipamenari baiezkoa emango geniola erabaki genuen. Ilusio handia egiten digu. Iruditzen zaigu ohore bat dela, eta orain geratzen zaiguna da eguna ailegatzea eta eguna bera ahalik eta gehien disfrutatzea eta Pintxana zer den erakusten jarraitzea». Poztasunaz gainera Pintxanako kideen ahotan «ardura» hitza ere entzun da, Ostegun Gizeneko lanari begira.

Pintxana txarangak aurten oso bestelako inauteriak biziko ditu. Esaterako, Ostegun Gizena bera, «ibilbide ezberdina egitea» tokatuko zaiela aurreratu dute, Plaza Zaharretik, udaletxetik bertatik hastea «oso ezberdina» izango da, eta «emozioz» biziko dute. Azkenik, jasotako izendapenagatik eskerrak eman dituzte oholtzara igo diren sei kideek txarangako kide guztien izenean.

Tolosarrak protagonista aurtengo kartelean

Aurtengo kartel irabazlea aukeratzeko lan zaila izan du epaimahaiak; izan ere, «maila altuko» 60 kartel baino gehiago aurkeztu dira lehiaketara, eta Maialen Rodriguez Azpiroz tolosarraren Guztiok gara inauteri lana izan da irabazlea.

Tolosako inauterietan protagonista diren pertsonaia ugari irudikatzen ditu: On Ostegun Gizen; Katalina eta Bordon erraldoiak; Popeye, Juanito Lope eta Akerra buruhandiak; Kaldereroetako hartza; Ero Etxe eta Arco Iris txarangetako musikariak; danborradako musikari eta kosakoak; kale garbitzaileak; Galtzaundi, eta beste hainbat inauterizale. «Oso tolosarra da; Tolosarako bakarrik balio du. Eta herriko inauteriek duten kutsu herrikoi hori ederki islatzen du. Bikain islatzen du inauteria dena: guztiok egiten baitugu», ebatzi du epaimahaiak.

Maialen Rodriguez Azpiroz pozik igo da oholtzara, bere lanaz hitz egitera: «Ni tolosarra naiz. Ohore bat da». Are gehiago, farmazialaria dela jakinarazi du, eta, beraz, diseinuarekin lotura zuzenik ez duela azpimarratu du, «ohore bikoitza» dela ere zehaztuz.

Irabazleak bere aldetik, lana sortzerako garaian presente izan dituen elementuak zerrendatu ditu. Pertsonak erdigunean jartzea berarentzat ezinbestekoa izan da: «Inauterizaleok baikara inauterien arima», eta Guztiok gara inauteri leloak berak zuzen laburbiltzen du irudian agertzen dena. Mozorro, txaranga, txilaba eta inauterietako bestelako elementuak ahaztu gabe, inauterietako langileak —kale garbitzaile bat eta sukaldari bat— ere presente izan ditu egileak. Kartela haur-joko modura irudikatu du Maialen Rodriguezek; izan ere, fitxek inauterietako pertsonaiak irudikatzen dituzte. Eta ikuslearentzat helburu izango da fitxak konbinatuta inauterietako pertsonaiak sortzea.

Kartelak etxera

Bertaratu diren herritarrek kartel bana eraman dute etxera. Saltoki eta tabernek, berriz, datorren astetik aurrera jasoko dituzte kartelak. Soberan baleude, herritarren esku jarriko dira kultur etxean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!