Umore onez, hegan egiten jarrai dezan

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 17a, 11:59

Tolosako Pintxana txarangak, zortzi hamarkada beteko ditu, Tolosako Inauterietako Ostegun Gizenean lehen aldiz atera zenetik. Urtero berritzen doan arren, bertako kideek «berezia» dela diote, zentzu guztietan.

Hilabete batzuk besterik ez ziren pasa Gerra Zibila amaitu, eta frankistek aginte makila hartu zutela. Tolosan, ordea, inauterietarako grina, indarra eta ilusioa ez ziren itzali. Hamarkada berri bati ekitera zihoazen, eta baita inauteri berri batzuei ere. Ez ziren betiko garai onenak, baina satira, parodia eta umorea barrenean zeramatzaten izaki hutsak ziren. Horrela, 1940ko Ostegun Gizen egunean, Arostegieta kaleko 13. zenbaki inguruan kokatzen zen Etxe Haundi sagardotegian harakin eta lagun kuadrilla bat bildu zen. Eguneko festa bultzatzea zen haien asmoa, eta hala, udaleko ordezkariei, arratsaldean zezentxo bat askatzea eskatu zieten. Udalak, ordea, ezezkoa eman zien. Erantzun horren aurrean, Ostegun Gizen guztietan txarangarekin ateratzea erabaki zuten, helburua lortu arte.

Azkenean, zezenak askatzea lortu zuten, baina kuadrilla horrek bultzatutako ideia, soinua ateratzearena, bere horretan mantendu zen. Galtzekorik gabe zeuden. Inauterietan kaleak alaitzen jarraitu zuten, txarangarekin, eta gaur egun ere, horretan dihardu Pintxanak. Hain justu, Pintxana, pinzana edo mendi-pintxana, Euskal Herrian ezaguna den txori bat da, luma arre argikoa, hegal beltzekoa eta bularralde gorrikoa. Horregatik, hegaztiaren irudia daramate txarangako ikurrean, maskota gisa.

Jon Alonso eta Izarne Iglesias inauterizaleek, urteak daramatzate Pintxana txarangan ateratzen, eta «zerbait berezia dela» nabarmentzen dute biek. Alonso 2010ean atera zen lehen aldiz Pintxanan. «Lagun talde batekin hasi nintzen, lehenik klarinetearekin, eta geroago, saxofoiarekin. Erraza zela, eta giro ona izaten zela aipatu zidaten, eta beraz, ez nuen zalantzarik izan». Iglesias, berriz, hiru urterekin atera zen lehen aldiz, kantinera modura. «Gurasoak ere txarangan ateratzen ziren, eta beraz, beraiek animatu ninduten. Ordutik aurrera, urtero atera izan naiz, lehenik, bonboa eta txindatak jotzen, haur gehiagorekin batera; ondoren, eta gaur egun, rekintoa jotzen ateratzen naiz». Ostegun Gizenerako planik onena dela diote biek.

Inauteriak, Ostegun Gizena, txaranga eta lagunak. Guztiak biltzen ditu Pintxanak. Txaranga bera beste modu batera bizitzen dela aitortzen dute. «Lagun multzo berri bat egiten laguntzen du. Askorentzat, gainera, lehen pausua izaten da txaranga batean. Behin hasiz gero, oso zaila da uztea», dio Alonsok. Iglesiasek gogorarazten du, ez dutela mugarik jartzen musikarientzat, ez adinean, ezta mailari dagokionez ere. «Bi kanta bakarrik jakinda ere, ez diogu inori ezer esaten. Hala ere, aitortu beharra dago, azken urteetan, perkusio jotzaile gehiegi izan ditugula, eta beraz, txaranga bat baino gehiago, batukada dirudiela. Hori ekiditen saiatzen gara».

Zuzendari aldaketaren xarma

Orain, mugarik ez, baina hasiera hartan, sagardotegian biltzen ziren gizonezkoak soilik ziren Pintxanaren parte. Txaranga sortu zuten kideen artean, tolosar ezagun asko zeuden. Besteak beste, Periko de Pedro, Antxon de Pedro, Ceferino Rico, Miguel Martinez, Simon Martinez eta Joxe Mari Arostegi. Periko de Pedro, Periko el charcuteroezizenez ezagunagoa, izan zen lehen zuzendaria, eta ondoren, haren seme Antxonek hartu zuen lekukoa. Antxonek, berriz, bere alaba Maria Eugeniari eman zion erreleboa. 2008ra bitarte, urte luzez, Xabier Ugarte Goterasinauterizalea izan zen zuzendaria. Urte horretan, ordea, azken aldiz zuzendu zuen txaranga, apirilean zendu baitzen. Urte berean, Tolosako Ttonttor Elkarteak, Goterasizeneko kantua sortu zuen, bere omenez. 2009ko Ostegun Gizenean omenaldia egin zitzaion, eta hortik aurrera, kantu hori jotzen dute Pintxanakoek, Ostegun Gizen guztietan.

Ordutik aurrera, Pintxana txarangako zuzendaritza batzordeak, urtero, zuzendari desberdin bat izan zezala erabaki zuen. Azken urteetan beraz, dozena bat kide igaro dira lagunen artean jotzen aritzetik, txaranga bera zuzentzera. Aurten, Joxe Mari Martinek zuzenduko du. «Pintxanaren esentzia oso ondo irudikatzen duen pertsona bat izaten da», dio Alonsok. «Xarma berezi bat ematen dio horrek txarangari, ikuspuntu erabat desberdina ematen dizulako», aipatzen du Iglesiasek. Duela bost urte, bera izan zen zuzendari. «Urte berezia izan zen niretzat, 75. urteurrena ere bazelako».

2017an, berriz, urte luzez Pintxanako partaide izandako beste inauterizale bat zendu zen: Santi Balza. Berari ere, doinu bat eskaini zioten Mirari Martin eta Ivan Arostegi txarangako kideek. Kasu honetan, habanera bat. 2018ko Ostegun Gizenean, omenaldi berezia egin zioten Balzari eta bere familiari, Plaza Berrian, eta bere omenez sortutako pieza jo zuen txarangak.

«Aipatutako omenaldiak oso hunkigarriak izan ziren, familiarekin harreman handia dudalako», aitortzen du Iglesiasek. Horiek izan dira, berarentzat, inauterietan bizi izan dituen une berezienetakoak. Hala ere, Ostegun Gizenaren barruan, momentu bat aukeratzekotan, egunaren amaieran, Berdura Plazan bizitzen dena aukeratzen du. «Pintxana kantua azken aldiz jotzen duguneko unea, zuzendari berriaren izendatzea, eta bertan ateratzen dugun taldeko argazkiaren momentuak. Alonsok, berriz, zezen-festa amaitu ondoren, plazatik Alde Zaharrera egiten duten kalejira edo jaitsiera aukeratzen du. «Hasierako urduritasun hori amaitzen da, eta guztiok saltsan sartuta egoten gara».

Batzuen ilusioa besteengan

XIX. mendearen erdialdera, inauterietan ez zen diru laguntzarik izaten, eta zigortuta zegoen ordu jakin batetik aurrera musika jotzea. Hori dela eta, Pintxana txarangakoek, txapela pasatzen zuten inauterizale eta tabernarien artean, isuna ordaintzeko dirua biltzeko. «Zailtasun eta eragozpen handiak izan zituzten txarangako kideek, eta horiei aurre egin zietela ikustea, eta gaur egun, bizirik mantentzen dela jakiteak, poz handia ematen du», dio Iglesiasek. Urteak joan, urteak etorri, sortzaileak Pintxana uzten joan dira; txarangak ordea, ez du galdu Ostegun Gizena doinuz alaitzeko poztasuna, ezta izpiritu inauterizalea ere.

Gaur egun, oro har, musikari multzo gaztea da, belaunaldiz belaunaldi indarberritzen joan dena. Indarberritzen eta handitzen. Izan ere, guztira 150 musikari inguru ateratzen dira orain. «Askok, lanean jai eskatzen dute, bertan ateratzeko». Horietako gehienak, gainera, haurrak izaten dira. «Ilusio handiarekin ateratzen direla ikusten duzu, nahiz eta hasieran, askoren aurpegietan urduritasuna nabari den. Zezen plazara sartzeak ere zirrara handia sentiarazten die. Hala ere, aurpegian atzematen zaien alaitasuna, ezin izaten da diruz ordaindu», azaltzen du Iglesiasek. Alonsok, berriz, askorentzat txaranga batean hastea oso zaila izaten dela gogorarazten du. «Pintxanak lehen aldiz esperientzia hori bizitzeko aukera, eta askok ematen ez duten segurtasun sentsazio hori ematen dizkizu».

150 musikariko kuadrilla antolatzen, dozena bat lagun aritzen dira lanean. Dozena bat lagun inguru aritzen gara lanean. Inauteriak hasi baino aste batzuk lehenago elkartzen dira, afari bat egin, eta urte horretako lanez hitz egiteko. «Esperientzia handia dugu, eta jakitun gara zeintzuk diren puntu kritikoak. Horiek zaintzea egokitzen zaigu guri», aipatzen du Alonsok. «Egunean bertan, lantaldean ez dauden gazte askok ere, bere burua eskaintzen dute laguntzeko, eta hori eskertzekoa da», gehitzen du Iglesiasek. Pintxana txarangak beste hainbeste urte beteko dituen ala ez galdetuta, bi musikariek ez dute zalantzarik: «Lagun arteko giro bikaina dugu. Hori ez da galdu, eta ez da galduko».

Pintxana kantuaren letra

Pin, Pin, Pintxanatarrak gu gera

Pin, Pin, Pintxanatarrak beti.

Umore ona pasatzen degu

beti sagardotegian,

gu bezelakorikan ez baita

Tolosako herrian. (bis)

Pin, Pin, Pintxanatarrak gu gera

Pin, Pin, Pintxanatarrak beti.

Neska gaztiak ez lotsik euki

guregana etortzeko,

Pintxanatarrak beti zai gaude

zuekin dantzatzeko. (bis)

Pin, Pin, Pintxanatarrak gu gera

Pin, Pin, Pintxanatarrak beti.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!