Askotariko lanak egin dituzte, tartean, inauterietako abestiak orkestrako doinuetan entzun ahal izan dira eurei esker. Zeberiok adierazi du hiru hamarkada eta gero «gogotsu» dagoela taldea, eta urte hauetako bilakaeraren berri eman du.
Nola borobiltzen dituzue 30 urte hauek?
Urte guzti hauetan zahartu egin gara. Ideia utopikoa zena finkatu egin da denboran. Ni izango naiz taldeko zaharrenetakoa. Kontuan izan behar da Euskal Herri osoko eta Euskal Herritik kanpoko musikariak ere badaudela taldean. Garai hartan musikari asko adingabeak ziren eta Et Incarnatus jolas moduan zuten. Genuen esperientzia eta eskarmentua oso oinarrizkoa zen, baina ilusioa beti izan dugu. Denborarekin bilakaera bat egon da; batzuk ama edo aita izan dira, eta orkestra denbora batez utzi beharra izan dute, eta ondorioz, batzuk sartu eta beste batzuk atera egin dira. Bizitzari lotutako gorabehera horiek politak dira. Polita da pertsona bat bueltan izatea gaztetan bizitu duen zerbaitera. Beraz, taldean denetarik dugu, gazteak nahiz helduak.
Zenbat musikarik osatzen duzue taldea?
30 urte hauetan Euskal Herrian musikari kopurua asko igo da, eta gaur egun, kalitatezko musikari ugari daude. Lehen ez zegoen musika ikasteko hainbeste aukerarik. Orain, baditugu proiektu batzuk 30 lagun inguru biltzen garenak.
Zer moduz moldatzen zarete zuen artean?
Gure taldeak hainbeste urtetan iraun badu elkarren artean gustura aritzen garelako izan da. Jendea profesionala denez, nahiko lanpetuta egoten da, baina kosta ala kosta beti lortzen dugu elkartzea. Talde handia gara, eta beti dago arrazoi batengatik edo besterengatik proiekturen bat hobeto datorkiona. Izan ere, guk proiektuka egiten dugu lan. Gabonetan, esaterako, familian bete beharrekoak zituzten batzuk alde batera geratu ziren Kaletik orkestrara diskoa grabatzeko, baina orokorrean, gainontzeko egistamoetan parte hartzen dute. Aipatzekoa da taldean oso garrantzitsua den kideetako bat gure sukaldari Kontxi Belauntzaran dela; taldea ez dugu soilik musikariek osatzen, kudeaketan aritzen direnak ere badaude. Azken urteetan dinamika hori asko finkatu da Ur Muga proiektuagatik. Izan ere, urtero tarte luze batez elkarbizitzea egokitzen zaigu proiektu horrengatik, eta eginkizun asko izaten dira, musikatik aparte.