Inauteri doinuekin diskoa grabatu du Et Incarnatus orkestrak, Kaletik orkestrara izenburupean. Tolosako elkarteetako txarangen dozena bat kantu aukeratu eta orkestrako doinuetara moldatu dituzte. Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren babesarekin gauzatu dute proiektua, eta hainbat artistaren laguntza izan dute, besteak beste, Luis Maria Moreno Pirata, Koldo Tarragona, Xabier Zeberio, Iñar Sastre eta Jon Esnaola.
«Tolosako inauterietan oso sartuta dagoen jendea da. Haiek aukeratu dute arrazoi bat edo besterengatik nahi duten doinua, eta beraiek moldatu dituzte nahi bezala eta nahi zuten instrumentuekin», azaldu du Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendariak. Askotariko moldaketak daudela gaineratu du: «kantuak beren horretan hartu eta aldaketa txiki batzuk egin dituztenak daude batetik, eta aldaketa oso handiak egin dituztenak bestetik».
Zeberiok kontatu bezala, Xabier Berasaluze Leturiaren eskutik etorri zitzaion diskoa grabatzeko proposamena: «Artista asko daude aspalditik taldearekin erlazioa dutenak, eta horietako bat da Leturia, saltsero hutsa. Karpeta bat du bere ordenagailuan kantu ugarirekin, eta urtero deitzen dit horrekin zerbait egin behar dugula esanez. Udaberrian, elkar zertxobait engainatuta, 25 musikari inguruko kuadrilla handi bat elkartu ginen».
Horren emaitza izan da Kaletik orkestrara diskoa. Besteak beste, San Esteban, Arco Iris, Kasino, Txinparta, Gure txokoa, Sukalde, Itun Txulo eta Ero Etxe elkarteen doinuen moldaketak bildu dituzte. Diskoaren azaleko protagonista Ignacio Mokoroa konpositorea da, Santa Maria elizako organista, San Esteban txaranga zuzentzen bertako ereserkia sortu berritan, 1971. urtean.
Ez da orkestrak halako disko bat grabatzen duen lehen aldia; 2004an Troika-Tolosako iñauteriak izeneko diskoa kaleratu zuen Elkar diskoetxearekin; 2006an, Mutiko Alaiak peñaren 75. urteurrenean, San Fermin. Muthiko Alaiak izeneko Iruñeko jaietako piezen moldaketak biltzen dituen diskoa grabatu zuen; eta ondoren, Troika 2 diskoa argitaratu zuen Kaxoiarekin batera. «Guk ez dugu musika klasikoa bakarrik egiten, herri musikarekin bertsioak egitea beti izan dugu gustuko eta forma oso desberdinetan egin dugu», gaineratu du Zeberiok.
Azken lan honekin herriko txarangek eta bandek egiten duten lanari balio eman nahi izan diote. «Herri musika gauza oso orokorra da, baina Tolosan, herri musika egiten dutenek sekulako ekarpena egiten dute. Azkenean, gauza oso sentikorra edo bukolikoa da, eta proiektu hau haiek omentzeko eta herriari ekarpen bat egiteko da», azpimarratu du.
KONTZERTUA LEIDORREN
Orkestrako soka tresnak izango dira nagusi pieza bakoitzean, baina tarte batean haizezko instrumentuak ere entzun daitezke. «Jendeak sinistu ezin duen kolore bat emateko» dela dio zuzendariak, baina hori guztia Kaldereroen bueltako astebururako antolatu duten kontzertu berezian ikusi eta entzuteko aukera izango da. Otsailaren 8an egingo dute, 19:00etan, Leidor aretoan. Sarrerak 20 euro balioko du, eta bertaratzen diren herritarrek sarrerarekin batera diskoa jasoko dute opari.
Moldaketa horiek entzuteaz gain, inauterietako ohiko kantuak abesteko aukera ere izango da kontzertuan, eta Tolosako hainbat taldek ere parte hartuko dute. Sorpresa ugari izango direla eta emanaldi berezia izango dela esan du Maddi Garikano taldekideak: «Inauterien hasiera izango da, eta saltsa egongo da ordurako. Normalean data horietan ohituta gauden musika entzungo dugu, baina beste modu batean eta uste dut jendeari gustatuko zaiola». Garikanok aipatu du diskoa bi egunetan grabatu zutela, eta horrek indarra eta freskotasuna eman diola lanari. «Taldekide bakoitzak etxean lan handia egin du, eta emaitza oso polita izan da».