Eta zer ez da (ez)berdin

Larrañagatarrak aurrez aurre

Ataria 2025eko apirilaren 10a

Arraunari lotutako aita-alabak dira larrañagatarrak; arraunean hainbat urtez aritu ostean, egun entrenatzen dihardu aitak; alaba, hiru urteren ostean lehiara itzuliko da.

Zer da Irati / Anjel zuretzat?

Anjel: Semearekin batera bizitzan izan dudan gertakizunik onena. Nire bizitza goitik behera aldatu zuen.

Irati: Lehenik aita, hitzak dituen esanahi guztiekin. Entrenatzaile izan da urte askoan, eta bai arraunean eta baita bizitzan ere erreferente bat izan da.

Nola definituko zenuke?

Anjel: Egoskor egoskorra! Hori bai, egoskortasun horretan barruan daukan guztia ateratzeko gaitasuna dauka, eta gauzak amaitu arte jarraitzen duen pertsona bat da. Burugogorra da, baina helburuak lortu arte ez da gelditzen.

Irati: Bera ere egoskorra da goitik behera! Langilea da oso, eta pertsona ona ere bai. Hitzekoa da, eta beti laguntzeko prest dagoena.

Ezaugarri positibo bat?

Anjel: Asko ditu! Arlo askotan aurkituko nituzke gauza positibo asko, baina umiltasunetik lortzen dituen helburu guztiak nabarmenduko nituzke. Ingurukoak gozatzeko duen gaitasun hori izugarria da.

Irati: Asko gustatzen zaio erakustea eta gauzak elkarbanatzea. Beti erakusteko prest egoten da! Beste bizitza batean ziur irakasle izan zela. Ez dago egunik bere ondoan egonda zerbait ikasten ez duzunik!

Ez hain positiboa?

Anjel: Bere haserreak! Niretzat oso purrusta handiak izan dira. Bere haserre puntua etortzen denean, jada ez dago atzera bueltarik. Etengabeko haserreak dira, isiltasun handikoak, eta barruan tristura asko sortzen duten horietakoak dira. Oraindik ez ditut gainditu bere haserreak.

Irati: Oso zorrotza dela, bai aita bezala eta baita entrenatzaile bezala ere. Bere buruarekin oso exijentea da, eta zorrotz jokatzen du denekin. Zorroztasun hori askotan gogorra izan daiteke. Aldi berean, bere zorroztasunak nire onena atera izan du askotan.

Elkarrekin gustura, nora?

Anjel: Edozein lekutara joango nintzateke gustura, esaterako, oporretara, sagardotegira, denborapasara… Hori bai, ez nintzateke kirola egitera berarekin joango. Joaten garen aldiro pikatuta eta haserre amaitzen dugu [barrezka].

Irati: Parranda batzuk ere egin izan ditugu elkarrekin! Ni, aldiz, joango nintzateke berarekin kirola egitera. Bizikletan ibiltzera joango nintzateke gustura. Ni jaio aurretik bera asko ibiltzen zen bizikletan, eta inoiz ez dugu aukerarik izan batera ibiltzeko.

Elkarrekin pasatako une bereziren bat?

Anjel: Emaztea, semea eta hirurok Lanzarotera (Kanariar Uhartea, Espainia) oporretara joan ginen batean, ezer aipatu gabe eta ezustean bertan azaldu zen. Oso oso egun politak izan ziren haiek, inoizko onenetakoak.

Irati: Estropada asko izan dira bidean, eta estropaden hasieran beti bilatu izan dut bere babesa. Kirolaz harago, konfinamenduko zati handi bat berarekin eta egungo bikotekidearekin, eta anaiarekin igaro nuen. Oso oroitzapen politak dauzkat. Bikain pasa genuen laurok!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!