Arrauna odolean daramaten familia dira Larrañagatarrak. Anjel (Tolosa, 1967), aita, Donostian eta Orion aritu zen arraunean, eta egun Orio Arraun Taldeko gazteak entrenatzen ari da. Irati (Tolosa, 1992), alabak, aitaren arrastoari jarraitu zion gaztetatik, eta, egun, berak du emakume arraunlarien artean palmaresik oparoenetakoa. Hiru urteko etenaldia egin ostean, etxeko taldean ari da denboraldi berrirako prestatzen. Kontxa partekatzea dute helburu 2025eko denboraldian. Gustuko dute arraunaren mundua, eta aho bizarrik gabe hitz egin dute.
Nola hasi zineten arraunean?
Anjel: Zumarditxikian bizi nintzen, eta, maiatzetik aurrera jada egunak luzeagoak zirenean, etxeko balkoitik begira egoten nintzen batelei. Sanjuanetarako prestatzen egoten ziren, eta ni haiei begira txoratuta egoten nintzen. Behin aukera izan nuen hura probatzeko, gustatu egin zitzaidan, eta gaur arte hemen jarraitzen dugu. Ordurako banituen lagun batzuk arraunean aritzen zirenak, eta, haiekin proba batzuk egin ondoren, horretan murgildu nintzen. Ondoren, Donostian, Zarautzen eta Orion aritu nintzen arraunean. Irati jaiotzean, hamar urteko etenaldi bat egin nuen. Itzuli nintzenetik, hemen jarraitzen dut borroka batean.
Irati: Denetik probatu nuen arraunean hasi aurretik. Hamasei urte izango nituen arraunean hasi nintzenean. Aita ordurako hasia zegoen entrenatzaile gisara Tolosan. Berak askotan aipatzen zidan arraunean hasteko, baina nik hura saihesten nuen beste kirol batzuen aitzakian. Arrauna izan zen probatu nuen azken kirola.
Zuk, Anjel, zeure kirol ibilbidean, Jose Luis Korta izan zenuen entrenatzaile Orion.
Anjel: Donostian nenbilen arraunean, eta ni Oriora joatearen arrazoirik handiena izan zen Korta bertan izatea. Hura izan zen jauzirik handiena. Argi neukan nik ez nuela arrauna utziko bere eskuetatik igaro gabe. Oso oroitzapen polit bezain gogorrak dauzkat garai hartaz. Beti zekien zer eskatu, txalupa jartzen bazekien, eta zein arraunlariekin jokatu nahi zuen ere bazekien. Zituen arraunlariei zukua ateratzen maisua zen. Egun, bere eskuetatik igarotako entrenatzaile asko gabiltza arraunaren munduan.
Zuk, Irati, aita izan zenuen lehen entrenatzailea. Bera ere gogorra al zen?
Irati: Bai! Gogorra eta zorrotza izan da beti, baina arraunaz dakidan ia guztia berarekin ikasi dut. Ni orain naizen bezalakoa naiz, bera nirekin horrelakoa izan delako. Entrenamenduetan entrenatzailea izateaz gain, etxera joatean ere entrenatzaile izaten jarraitzen zuen, eta aldi berean aita zen. Horrek gogortasuna asko areagotzen zuen. Nik hogeita lau orduz izaten nuen entrenatzailea gainean; zer jaten nuen ikusten zuen, zer egiten nuen, nora nindoan… Halere, berriro ere entrenatzaile bat aukeratzeko aukera banu, bera aukeratuko nuke zalantzarik gabe.
Askotan haserretu izan al zarete arraun kontuengatik?
Irati: Urte batzuetan, bai. Orain, beste heldutasun puntu bat daukat, baina nerabezaroan nengoenean momentu batzuetan haserretzen nintzen, bai pisuagatik, sasoian ez egoteagatik, behar adina ez saiatzeagatik… Gorabeheratxo batzuk eduki izan ditugu.
Anjel: Haserreak uretan edo ontziralekuan, eta han gertatzen dena ahalik eta azkarren ahazten saiatu behar da, bestela ezingo genuke bizi! Dena etxeratuko bagenu, ez legoke bizitzarik. Gaur egun, hori da gehien ikasi dudana, gauzak lehenbailehen ahazten. Lanean ere berdin gertatzen da.
Gauzei buelta asko ematen dizkiozuen horietakoak al zarete?
Anjel: Nik bai! Askotan, dena matematika hutsa dela iruditzen zaigu, alegia, pisua dela, neurriak direla, erreminta bera dela… Entrenatzaile bezala, gauza asko hartu behar ditut kontuan, eta, askotan, nahiz eta trainerua martxan jarri, beti egoten da zer hobetua. Horrek eramaten du bat lorpenak izatera. Egindakoarekin konformatzeak atzera pausuak ematera eramaten gaitu.
Zuk Irati, kirol ibilbide oparoa daramazu arraunaren munduan; Getaria-Tolosa, Zumaia, San Juan, Donostiarra, eta orain berriz Tolosaldea. Hainbat Liga eta Kontxa irabazi dituzu tartean.
Irati: Oso oroitzapen onak pilatzen ari naiz. Dena Getaria-Tolosarekin hasi zen. Gu hastearekin batera hasi zen emakumeen arrauna eta Liga bera ere. Bilakaera guztia lehen pertsonan bizitzeko aukera izan dut urte hauetan guztietan. Lau urtez aritu nintzen Tolosan. Ondoren, Zumaiara joateko hautua egin nuen. Bertan, beste hiru urte igaro nituen, eta lehenengo Kontxa iritsi zen. Aurrerago iritsi ziren San Juanen irabazitako beste hirurak. Liga ere bost aldiz irabazteko aukera izan dut.
Zuk Anjel, Oriorekin Kontxa irabazteko aukera izan zenuen lehenbizi. Ondoren, Iratiren lau Kontxak ere gertutik ikusi izan dituzu. Nola bizi izan zenituen?
Anjel: Ilusio eta poztasun handiarekin. Horrelakoetan, maisu batek bizi duen guzti hori azaleratzen da. Ikasleak aurre hartzea ederra izaten da. Oso betegarri izan dira niretzat. Pena bakarra daukat, Iratik irabazitako Kontxa haietako batean, berak Zumaiarekin eta ni orduan Jon Salsamendirekin Bermeon, barkuan elkarrekin banderak ez partekatu izana. Elegite bategatik banderarik gabe geratu zen Bermeo, eta niretzako argazkiak itsasontzi hartan behar zuen. Arantza hori oraindik hor daukat. Ea aurten ateratzeko aukera dugun.
Nola gogoratzen duzue irabazitako lehendabiziko Kontxa?
Irati: Egia esanda, ez daukat horrenbesteko oroitzapen onik. Lehen asteburuan traineru barruan nintzen, eta abantaila handia atera genuen. Nahiko bideratuta utzi genuen bandera, eta bigarren asteburuan ez nuen jokatu. Oroitzapen gazi-gozoa daukat lehenengo Kontxaz.
Anjel: Niri izugarrizko ilusioa egin zidan! Kontxako banderak hamar egun irauten du. Sailkatuz gero, eta nahiz eta lehen asteburuan jauzi txiki bat eman, aste guztia oso luze egiten da, gehiago, jakinda aukera guztiak zabalik izaten direla. Kontxa irabazi genuen urtean, eta, lehen aipatutako astean, Korta bera izan zen aste horretan inoiz ezagutu dudan pertsonarik gozoena eta otzanena. Bizirik eta indartsu iristea nahi zuen bigarren igandera. Ziaboga hartu genuenean, nik jada banekien garaile izango ginela. Itzulera, laino batean egotea bezalakoa izan zen.
Biek ere urte asko daramatzazue arraunaren munduan, eta emakumeen eta gizonezkoen bilakaera oso gertutik ikusi izan duzue. Inoiz parekatuko dira?
Anjel: Oso ondo ikusten dut parekotasuna izatea, baina gauza asko parekatu beharko lirateke. Ez da berdina gizonezkoen eta emakumezkoen arrauna. Sariak ez dira berdinak, ibilbidea ez da berdina izaten… Pauso handiak egin dira azken urte hauetan guztietan, baina gauza asko daude airean. Emakumezko asko dabil kirolean, eta oso ondo ari dira gainera. Etorkizun okerragoa ikusten diot gizonezkoen arraunari. Gabezia handia ikusten dut arraun munduan.
Irati: Nik ez dut hain gertu ikusten. Emakumezkoen arrauna hasieratik bizitzeko aukera izan dut, eta aitak esan duen bezala gauza asko aurreratu dira. Garai batean Gipuzkoako selekzio gisa lehiatu behar izaten genuen Kontxan Kantabriako edo Galiziako selekzioen aurka. Gerora, klub bezala lehiatzen hasi ginen, eta hasiera batean estropada gutxi izaten genituen. Denborarekin igo da kopurua, bai traineruena eta baita estropadena ere, eta Kontxan ere lautik zortzira igaro gara. Gutxinaka ari gara, baina lan handia dago oraindik egiteke.
Hiru urteko etenaldia eta gero, berriro ere itzultzea erabaki duzu Irati. Nolatan?
Irati: Batetik, Tolosaren izenean soilik inoiz ez dudalako aukerarik izan haiekin jokatzeko. 2018an sortu zenetik, beti zeharka begiratu izan diot, baina ni orduan San Juanen nenbilen. Asko enpatizatu izan dut beti Tolosako traineruarekin, eta beti egiten zidan ilusioa ikusteak gure hastapenak zerbaitetarako balio izan zuela. Azken denboraldia jada, oso gogorra egin zitzaidan, eta arraunaz nekatuta amaitu nuen. Geroztik, urtero deitu izan dit Ramon Erostarbe entrenatzaileak, baina beti ezezkoa ematen nion. Aurtengo denboraldirako, aldiz, ez zidan deitu, eta ni ibili nintzen galdezka ea zein talde geldituko zen. Interesa azaldu nuela iritsi zitzaion Erostarberi, eta jarraian bere deia jaso nuen. Taldean, bateletan entrenatzen nituen taldekide batzuk daude orain. Oso harrera ona egin didate.
Aitari ilusio berezia egin dio alabaren itzulerak?
Anjel: Bai! Azpijoko bat egin zidan Iratik; Tolosaldeko entrenatzailea izatea nahi zuen! Eskertu nion, baina nire lekua gazteekin Orion dagoela esan nion. Asko poztu nintzen bere itzulerarekin.
Izaten ari zareten denboraldi hasierarekin, askok, azkar batean uztartu dituzte Tolosaldea eta Kontxa.
Irati: Azkar hasi da jendea amesten! Iraila oso urruti dago oraindik. Egia da iazko taldearen oinarria mantendu egin dela, eta horrek asko laguntzen du. Uretan egindako lehen entrenamenduak jada kalitatezkoak izan dira. Egonkortuta dagoen taldea da, eta aurten sartu garenak ere aurretik ibilitakoak gara. Hiru jaitsiera jokatu ditugu, eta azkena irabazteko aukera izan dugu. Progresio polita daramagu.
Anjel: Martxoan ondo aritzen diren traineruei kontu egin behar zaie! Garai honetan sasoian dabilen traineruak progresio handia izaten du hurrengo hilabeteetan. Martxoan jada ondo ez dabiltzan traineruak, mirariak egin behar izaten ditu.
Zer da arrauna larrañagatarrentzat?
Irati: Niretzat, urte askoan, arrauna bizitzeko modu bat izan da. Kirol bat da, baina oso kirol lotua da, konpromiso handikoa, eta bakoitzaren egunerokotasunean gertatzen diren gauza guztietan eragina dauka, bai harremanetan, baina lagunengan… Urte guztian eragiten du.
Anjel: Pentsa orduan niretzat! Irati jaio zenean ni arraunlaria nintzen Orion, eta, Gotzon semea jaio zenean ni Astilleron (Kantabria, Espainia) nengoen Jon Salsamendirekin bigarren entrenatzaile bezala. Lau urtez egon nintzen bertan, eta, gaur egun oraindik, jende asko gogoratzen da Gotzonekin. Askok gogoratzen dute nola jaio zen. Oso zelebrea eta karisma handiko umea zen! Niretzako ere bizitzeko modu bat izan da arrauna.