Gabonetan, musika emanaldiez gozatzeko aukera ugari Tolosan

Ataria 2024ko abe. 20a, 11:58

2013an Leidorren izan zen 'Eguberri Umama' diskoaren aurkezpen kontzertuko irudia.

Gaurtik hasi eta urtarrilaren 6ra bitarte, bertako nahiz nazioarteko taldeen kontzertuak izango dira, gehienak, Eguberri girokoak.

Aurtengo Gabonetan, musika zaleek ez dute aspertzeko betarik izango, Tolosan behintzat. Gaurtik hasi eta Errege egunera bitarte, askotariko musika emanaldiak izango dira herriko txoko desberdinetan.

Gaur, hiru saio izango dira. Lehena, Topic-en. Azken urteetan egin moduan, Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolak antolatuta, Elkartasun Kontzertua egingo dute, 18:30ean hasita, Topic-en. Munduko Gabonak lelopean, askotariko taldeek, jatorri atzerritarra duten musika eskolako ikasleen herrialdeetako gabon kantak interpretatuko dituzte. Sarrerak bost euroko salneurria izango du eta Topic-eko leihatilan eta webgunean eskuratu daitezke. Bildutako dirua Gazan lan egiten duen GKE batera bideratuko dute. Zero ilara ere aktibatu dute, joan ezin dutenek baina ekarpena egin nahi dutenek horretarako aukera ere izan dezaten.

Gaurko bigarren kontzertua Leidorren izango da. 20:00etatik aurrera, Juantxo Zeberio musikari tolosarrak, Eguberri Umama Deluxe Edition diskoa aurkeztuko du, Oñatiko Ganbara Abesbatzarekin batera. 18 gabon kantu biltzen ditu; 2013an egindako Eguberri Umama diskoko hamar abestiri, zortzi berri gehitu dizkio. Salgai dago, Tolosako hiru saltokitan eta sarean, eta lana aurkezteko bi kontzertu egingo dituzte: hilaren 20an, Tolosan, eta 23an, Iruñean.

Gaurko hirugarren kontzertua Bonberenean izango da. 27 urte, elkartasunaren garra elikatzen lelopean, egitarau zabala antolatu zuen Bonbereneak abendurako, eta egitarau horren barruan, gaur, 22:00etan hasita, Gab de la Vega talde italiarra ariko da bertan. Hilaren 28an, larunbata, Atila y los Unos taldearen txanda izango da; hau ere 22:00etan hasiko da. Bi kontzertuetako sarrerek 10 euro balio dute. Tartean, Bonberenea txarangaren kalejira izango da; bihar ariko dira, Alde Zaharreko kaleetan, 12:00etan hasita.

Gabonetako kontzertuak

Eguberri girora itzuliz, herriko talde gehiagok, Gabonetako kontzertuak egingo dituzte. Arimaz orkestra eta Hodeiertz abesbatza izango dira lehenak. Elkarrekin ariko dira igandean, hilak 22, San Frantzisko elizan, 19:30etik aurrera. Sara Liton eta Victor Galvan zuzendari dituztela,besteak beste, Mikel Laboaren Txoria txori, Gorritiren Eguzki aldetikan eta Mocoroaren Jendea dabil pozez eta Goazen guztiok, goazen interpretatuko dituzte. Bi taldeek antolatu dute kontzertua, Tolosako Udalaren eta Gipuzkoako Abesbatza Federazioaren laguntzaz. 5 euro balio du sarrerak.

Tolosako Udal Musika Bandak ere egingo ditu kontzertuak eta kalejirak. Asteartean, hilak 24, Gabonetako kontzertua egingo du Zerkausian, 12:00etan hasita. Euskal doinuak eta Eguberrietako melodiak uztartuko dituzte, eta tartean, Ibai Olazabal bandako kideak idatzitako Eguberri on! Gabonetako suite-a interpretatuko dute, lehen aldiz. Arratsaldean, Gabon gaueko kalejira egingo du bandak, 19:30ean Gorriti plazatik hasita. Urtero moduan, Plaza Zaharrean, Mesias sarritan kantua joko du bandak, Jon Zabala Hodeiertz abesbatzako kidearen bakarkako saioak lagunduta. Hilaren 31n, Urtezahar eguneko kalejira egingo du bandak, ordu eta leku berean hasita. Azkenik, urtarrilaren 5ean eta 6an ere ariko da banda. Errege egun bezperan, Errege magoen kalejiran parte hartuko du; Errege egunean, berriz, kontzertua egingo du musika eskolan, 12:30ean hasita. Tolosako Udal Txistulari Bandak ere parte hartuko du urtarrilaren 5eko kalejiran eta 6ko kontzertuan.

Euskal artistak

Herriko taldeen eskaintzaz gain, kultur programazioaren barruko emanaldiak ere izango dira Leidor Aretoan. Lehenik, Doctor Deseo taldea, abenduaren 27an ariko da, 20:00etan hasita. Aurten argitaratu duen hemezortzigarren diskoaren aurkezpen biran murgilduta dago talde bilbotarra, eta abesti geldoenak entzuteko aukera izango da: kabaretak, emeki-emeki datozen abesti biziak, antzerkikoak, eszenaratze maitagarri, oniriko eta gozoarekin. Aiora Renteria eta Itziar Sanchez (dantza trapezioan) eta Maitane Goñi (zeremonia-aurkezlea) izango dituzte laguntzaile. Dagoeneko sarrerak agortuta daude.

Bestetik, Euskal Herriko Gazte Orkestrak, urtero moduan, kontzertua egingo du Leidorren. Hilaren 30ean izango da, 19:00etan hasita. Batetik, Benjamin Britten konpositore britaniarraren Gazteentzako orkestra gida lana joko dute; «orkestra bat osatzen duten atal ezberdinak ezagutzeko obra didaktiko interesgarrienetako bat da», esan du orkestrak. Kepa Errasti aktoreak ahotsa ipiniko du eta orkestra sinfoniko bateko instrumentu guztiak azalduko ditu, euskarazko narrazio baten bitartez. Bestetik, Ludwig van Beethovenen Zazpigarren sinfonia interpretatuko du EGOk. «Konpositoreak berak esan bezala, bere obra onenetako bat da», adierazi dute. Leidorreko leihatilan edo esteka honetan erosi daitezke sarrerak.

Azkenik, Idoia Asurmendik aurten argitaratu duen De amar y desandar  «ezusteko oparia» aurkeztuko du. Urtarrilaren 3an izango da kontzertua, 20:00etan. Aramaioko artistaren bigarren diskoa da, sentiberatasunez, bizipen pertsonalez eta musikarekiko eta bizitzarekiko maitasunez beterikoa. Leidorreko leihatilan edo esteka honetan erosi daitezke sarrerak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!