Astelehenean, Okupazio eguna ospatuko dute Bonberenean

Ataria 2024ko abenduaren 18a

'27 urte, elkartasunaren garra elikatzen' lelopean, egitarau zabala antolatu zuen Bonbereneak abendurako; datozen egunetan izango dira ekitaldi nabarmenenak.

Bonbereneak, urtero bezala, abenduaren 23an ospatuko du Okupazio eguna. Aurtengoa, 27. urtea izango da, eta abendu osoan zehar ekitaldi ugari ospatzen ari dira. Aurten, elkartasunari egin diote keinua egitarauaren leloan: 27 urte, elkartasunaren garra elikatzen.

Abenduaren 5etik 8ra Durangoko Azokako Musikagunean izan ziren, aurten Bonberenean bertan ereindako uzta saltzen. Pasa den asteburuan, 24. Skate Txapelketa eta Gailu eta Amoranteren kontzertuez gozatzeko aukera izan zen.

Datozen asteburuetan, berriz, kontzertu gehiago izango dira. Hilaren 20an, ostirala, 22:00etan hasita, Gab de la Vega talde italiarra ariko da Bonberenean; hilaren 28an, larunbata, Atila y los Unos taldearen txanda izango da; hau ere 22:00etan hasiko da. Bi kontzertuetako sarrerek 10 euro balio dute.

Tartean, baina, ekitaldi gehiago izango dira. Larunbat honetan, hilak 21, 12:00etan hasita, Bonberenea txarangak kalejira egingo du Alde Zaharrean, eta 14:30ean bazkaria egingo dute.  Hilaren 23an, Okupazio eguna ospatuko dute: 21:00etan, afaria, eta 23:58an, su artifizialak. Hilaren 26an, 8. Enkounter jaialdia egingo dute; eta amaitzeko, hilaren 27an, Bonbier Gandor Stout etxeko garagardo berria dastatzeko aukera izango da, 19:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!