'Eguberri Umama Deluxe Edition' diskoa argitaratu du Juantxo Zeberiok

Ataria 2024ko abe. 4a, 07:57

18 gabon kantu biltzen ditu; 2013an egindako Eguberri Umama diskoko hamar abestiri, zortzi berri gehitu dizkio. Salgai dago, Tolosako hiru saltokitan eta sarean, eta lana aurkezteko bi kontzertu egingo dituzte: hilaren 20an, Tolosan, eta 23an, Iruñean.

Juantxo Zeberio pianista tolosarrak Eguberri Umama Deluxe edition diskoa argitaratu berri du. 18 gabon kantu biltzen ditu; horietatik hamar, 2013an argitaratutako Eguberri Umama diskoko berdinak dira, eta beste zortziak, berriak. «Euskal Herriak altxor amaigabea du Eguberri kantuei dagokienez. Disko honetan, txiki-txikitatik etxean eta kalean entzun eta abestu izan ditugun gabon kanta kuttunen aukeraketa bat egin dut, eta nire erara moldatu. Gure herriko gospel propioa aldarrikatu eta guztion eskura jartzea izan da asmoa, baina ezohiko moldean», azaldu du musikariak.

Hala, jazz musika eta abesbatza uztartuz, hari laukote batekin eta Oñatiko Ganbara Abesbatza koruarekin grabatu ditu diskoko zortzi abesti berriak. Horiez gain, Laskorain Abesbatzak, Iruñeko Paz de Ziganda ikastolako abesbatzak, Ibil Bedi taldeko Amets Arangurenek eta Mirua taldeko Malentxo Zeberiok parte hartu dute.

Diskoaren azalaren diseinua «berezia» dela esan du Zeberiok. «Iñaki Epelderen koadro batean dago oinarrituta. 2013ko diskoaren azala koadro berean oinarrituta egin zuten Chroma estudioko lagunek. Beraien lehen lana izan zen, eta orain, disko berriarena egitea proposatu diet, eta koadro bereko elementuak erabilita egin dute. Ilusio berezia egiten zidan, guretzat artista, euskarri eta lagun handia izan zen Iñakiri aitortza egiteko balio duelako», gaineratu du.

Aitor Biain Oñatiko abesbatzako zuzendaria eta Juantxo Zeberio, diskoaren grabaketako une batean. Argazkia: Juantxo Zeberio.

Diskoa eta kontzertuetarako sarrerak, salgai

Dagoeneko salgai dago diskoa, Tolosako hiru saltokitan: Babel, Elkar eta Eskolapioetako Lorategietako Ogi Berri kafetegian. Sarean ere erosi daiteke, esteka honetan, 15 euroan. Biniloa ere egin dute, eta erosteko aukera dago, 22 euroren truke.

Diskoa aurkezteko, bi kontzertu egingo dituzte. Lehena, abenduaren 20an, ostirala, Tolosako Leidor antzokian izango da, 20:00etan. Saio horretarako sarrerak esteka honetan erosi daitezke. Hilaren 23an, astelehena, Iruñeko Gayarren antzokian egingo dute emanaldia, 19:00etan hasita. Iruñerako sarrerak hemen erosi daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!