Elkarrizketa

«Gabon kantuen disko bat da, baina urte osoan entzun daiteke»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro-Gipuzkoako Hitza 2024ko abe. 9a, 11:59

Juantxo Zeberio pianista tolosarrak gabon kantuz osatutako 'Eguberri Umama Deluxe Edition' diskoa ondu du.

Gipuzkoako Hitza-n argitaratuko elkarrizketa.

Juantxo Zeberio Etxetxipia piano jotzaileak (Tolosa, 1968), bilaketa berezirik egin gabe, Eguberrietan etxean kantatzen zituzten hamar kantu hautatu, moldaketak egin, eta Eguberri Umama diskoa sortu zuen 2013an. Orain, lan horretatik kanpo utzi zituen zortzi gabon kantu gehitu dizkie orduko kantuei, eta Oñatiko Ganbera Abesbatzarekin grabatu ditu. Hala, hemezortzi abestiz osatutako Eguberri Umama Deluxe Edition diskoa ondu du. Zeberiok uste du, gabon kantuei dagokienez, «Euskal Herriak altxor amaigabea» duela.

Zer da Eguberri Umama Deluxe Edition?

2004an sortu genuen Umama proiektuaren jarraipena da. Umama, oinarrian, abesbatza baten eta jazz laukote baten arteko elkarrizketa bat da. Hiru disko egin ditut orain arte, eta 11 urte pasatu dira azkenekotik, Eguberri Umama-tik. Zenbait gabon kantu kanpoan utzi nituen orduan. Pena handia sentitzen nuen horregatik, eta orain zortzi abesti gehitu dizkiot. Txikitatik etxean entzundako gabon kantu kutunen aukeraketa bat da.

Aspalditik zenuen buruan bueltaka disko hau egitea?

Iaz moldaketa bat egin nuen, eta aurten, diru laguntza batek bultzatuta, kantu gehiago moldatzeko tartea hartu dut. Gerora jabetu nintzen aurreko diskoa agortuta zegoela, eta, beraz, lan hartako kantuak mantendu eta berriak gehitu dizkiot.

Nolako diskoa da?

Ez da jazz disko bat, ezta abesbatza disko bat ere. Ezohikoa da gabon kantuen disko bat formatu horretan egitea, eta horrek nabarmentzen du. Etxean bakarrik edo familia giroan entzuteko modukoa da. Gabon kantuen disko bat da, baina urte osoan entzun daiteke.

Alde handia al dago 2013ko grabaketen eta aurtengoen artean?

Hori zen nire helburuetako bat. Diskoa entzungo duenak Eguberri Umama entzungo du, deluxe izan ala ez. Era berean, 11 urte ez dira alferrik pasatu, eta denok aldatu gara, bai ni, baita musika bera ere. Desberdintasunak daude bi lanen artean. Oraingoan, harizko laukoteak presentzia handiagoa du, eta harpa eta tronboia gehitu dizkiot. Dena den, koherentzia bat ere badauka.

Hemezortzi kantu horietaz gain, altxor gehiago al dugu Euskal Herrian?

Ez naiz musikologoa, ezta etnologoa ere, eta ez dut azterketarik egin, baina ia herri bakoitzak bere gabon kantua du. Ikaragarri pila dira. Aurreko diskotik mantendu ditudan bi kantu Tolosan bakarrik abesten dira: Aleluia eta Errege jaya. Disko honetan bada Ordizian bakarrik kantatzen den kantu bat ere, zoragarria: Zer zabiltzate artzaiak. Eta Urdiaingo bat ere bai: Ur goiena ur barrena. Paganoa den abesti bakarra da hori. Pena da, kantu gehienak Elizarekin lotuta daudelako. Elizak, baina, aurrez existitzen zen kultura paganotik hartu zituen kantuak, eta bere egin zituen.

Euskal Herrian nolako garrantzia dute gabon kantuek?

Diskoko kantuak Gabonak maite eta gorroto dituztenentzat dira. Bi joera horiek nabarmentzen dira Eguberrietan, baina horien gainetik dago musika; sinbolizatzen duenaz gain, gustuko duzu ala ez. Niretzat gozamen hutsa da gabon kantuak entzutea. Pena emango lidake abenduaren 24an kalera abestera ateratzeko ohitura galtzeak, gabon kantuak bizirik mantentzen dituelako, eta tradizio horrek iraun egin behar du.

Zure moldaketen bidez kantuak aberasten saiatu zara? 

Bai. Jada sortuta zeuden melodia eta letrei soineko berriak jantzi dizkiet, kolore berriak gehitu. Kantu bakoitzari sinfonia bat egiten saiatu naiz, lagungarri izan dadin. Moldaketa bat egiten dugunean, gure galbahetik pasatzen dugu kantua, eta, eskatzen didanaren arabera, harmonia aldatzen diogu, akorde eta instrumentazio bereziak gehitzen dizkiogu, baina konplikatu gabe.

Hemezortzi kantuetatik zein aukeratuko zenuke?

Lehen hamarretatik, Mesias sarritan. Ilusio berezia egin dit Jesus Mari Jauregirekin grabatu izanak. Senideak urtero joaten gara Eguberri Egunean Belauntzako haren baserrira, elkarrekin abestera. 30 urte baino gehiago daramatzagu ohitura berarekin. Kantu berrietatik, Gabeko izar aukeratuko nuke: bigarren zatian alaba Malentxok abesten du.

Alabaz gain, badira kolaborazio berezi gehiago.

Bai. Birjiña maite kantua beti entzun izan dugu modu klasiko batean abestuta, soprano baten ahotsean, eta, oraingoan, ahots naturalagoarekin egin nahi nuen. Ibil Bedi taldeko Amets Arangurenena ahots birjinagoa da, eta hasieratik nuen begiz joa. Hala ere, bi ahots horietaz gain, abesbatzen ekarpena ezinbestekoa da.

Kontzertuak egingo dituzue diskoa aurkezteko.

Bi saio egingo ditugu: hilaren 20an, 20:00etan, Tolosako Leidor antzokian, eta hilaren 23an, 19:00etan, Iruñeko Gaiarre antzokian. Zoragarriak izango dira. Tolosako Laskorain eta Iruñeko Paz de Ziganda ikastoletako abesbatzek ere parte hartuko dute. Diskoko kantu guztiak joko ditugu, eta sorpresak egongo dira.

Gaur egun, diskoak erosteaz gain, ba al dago entzuteko ohiturarik?

Zoritxarrez, ia inork ez du diskoak entzuteko gailurik, ezta musikariok ere. Biniloan eta CDan atera dugu diskoa, eta salduko dira, Gabonetako opari modura, baina askok, ireki ondoren, Spotifyn entzungo dute. Hori ona ala txarra den? Egungo errealitatea da. Kritika dezakezu, eta Spotify, gainera, ekonomikoki galbidea izan daiteke, baina promoziorako balio du. Bertan ere bizi gara, eta Euskal Herritik kanpo ere gu entzuteko aukera izan behar dute. Urteak daramatzagu esaten diskoak desagertu egingo direla, baina ez da halakorik gertatzen. Egia da, oro har, salmentak nabarmen apaldu direla eta musikariok ez ditugula kopia asko eskatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!