Tolosako kirol talde bateko entrenatzaile baten jazarpen kasuak gaitzetsi ditu udalbatzak

Ataria 2024ko urr. 30a, 12:36

Tolosako Udalak jakinarazi duenez, pasa den astean, herriko kirol talde batek entrenatzaile bat baztertu zuen, jazarpen kasu bat baina gehiagoren ondorioz. Tolosako Udalak herriko kirol klubetako zuzendaritzak deituko ditu, halako kasuen aurrean nola jokatu jakiteko; era berean, protokolo bat osatuko da.

Kiroldegian gertatutako sexu erasoarena ez da Tolosako Udalak azken astean kudeatu duen kasu bakarra izan. Argitara hori bakarrik eraman bazen ere, aipatutakoarekin zerikusirik ez duen beste gertakari baten harira ere aktibatu zen sexu erasoen aurkako protokoloa.

Udalak pasa den astean jakin zuenez, aste horretan bertan herriko kirol talde batek entrenatzaile bat baztertu zuen, jazarpen kasu bat baina gehiagorekin lotura duelakoan. Kirol jardunaz kanpoko eremuetan gertatu dira jazarpenak, oro har, klubeko nahiz klubaz kanpoko emakumeekin. Kasuaren konplexutasuna eta hedadura ikusirik, azken egunotan udala eta kluba harreman estuan izan dira, diskrezio osoz, informazio osatua jaso eta ondorengo urratsak definitzeko. 

«Badira asteak kluba gai hau kudeatzen hasi zela. Kirolari eta gurasoekin ere hitz egin izan du. Kasu bakarra zirudien arren, testigantza gehiagoren berri izan du klubak. Horregatik, beste inork ere laguntzarik beharko balu, udaleko Gizarte Zerbitzuetara edo Andragora Emakumeen Etxera jotzeko aukera du aholkularitza eta laguntza juridiko eta psikologiko eske», azaldu du Goiuri Ezeiza berdintasun zinegotziak.

Era berean, gisa honetako jarrerak izan dituzten gizonezkoentzat programa bat eskaintzen dute Gizarte Zerbitzuek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez, jarrera horiek tratatzeko. Kasu horietan, baina, eurek beren borondatez eskatu behar dute laguntza hori udaleko Gizarte Zerbitzuetan.

Udalbatzak gisa honetako jarrerak gaitzetsi ditu

Tolosako Udalak, udalbatza osatzen duten alderdi guztien adostasunarekin, jarrera hauek gaitzetsi ditu: «Gisa horretako jarrerak onargaitzak dira gizarteko esparru guztietan. Bereziki, botere-harremanak egon daitezkeen kasuetan. Kirol heziketan jarduten duen orok kode etiko bat bete behar du, baita kirol eremutik kanpo ere. Are gehiago adin txikikoen heziketaz ari garenean». 

Gertatutakoa ikusita, Tolosako Udalak herriko kirol klubetako zuzendaritzak deituko ditu bilera batera, halako kasurik suertatuko balitz nola jokatu jakiteko jarraibide batzuk izan ditzaten. Era berean, kasu horietarako protokolo sakonago baten lanketa abiatuko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!