«Hau denon kontua da»

Ataria 2024ko urriaren 31

Pasa den urrian asanbladak deituta egindako elkarretaratzearen irudia.

Tolosako Asanblada Feministako kideek bat egin dute herriko kirol talde bateko entrenatzaile baten jazarpen kasuen harira Tolosako Udalak plazaratu duen adierazpenarekin. «Azken asteotan eraso eta jazarpen matxisten albisteek hartu dute gure herriko aktualitatea, eta ezin gara isilik gelditu».

Emakumeen bizitzak biolentziaz zeharkatuta daudela nabarmendu du asanbladak: «hitzezko biolentziaz, biolentzia sinbolikoaz, biolentzia ekonomikoaz, sexu biolentziaz, era guztietako jazarpenaz. Emakumeok edozein egoera eta gunetan dugu erasoren bat jasateko arriskua, eta errealitate horrek eskatzen du gaiari behingoz errotik heltzea».

Esan du afera hau ez dela erasotuaren eta erasotzailearen arteko kontu partikularra eta azken asteotan Tolosan jazotakoak ez direla gertakari isolatu eta bakanak. «Salaketa baten ondorengo adierazpenek edo ekintzek ezin dute izan konponbide bakar, egiturazko gaitz honentzat. Indarkeria-giro hau, bortxaketaren kultura hau, biolentzia hau, sistemikoak dira, eta ardura jendarteko norbanako eta eragile guztiona da: non geunden gu hau guztia gertatzen ari zen bitartean? Hau denon kontua da, eta lokatzetan denok sartuta bakarrik aldatuko dugu zerbait». Babes eta sinesgarritasun osoa adierazi diete jazarriak izan diren emakumeei eta mezu garbia helarazi: «ez zaudete bakarrik».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!