Tolosa CF klubak hainbat jazarpenengatik salatu duten entrenatzailea kanporatu du

Ataria 2024ko urriaren 30a

Tolosa CF-ko taldeetako bat entrenatzen.

Tolosa CF klubak «erabat» gaitzetsi ditu «argitara atera diren eta klubarekin lotura duen pertsona bat tartean izan duten gertakariak». Gertakariak klubaren atletismoko atalean izan dira.

Gehitu du pertsonen duintasuna eta oinarrizko eskubideak urratzen dituzten jokabide guztiak arbuiatzen dituztela, «pertsona horiek klubarekin lotura izan ala klubarekin zerikusirik ez izan», eta entrenatzailea jada ez dela klubeko kide esan du. Klubaren oinarria kirol jarduera osasuntsua sustatzea dela nabarmendu du Tolosa CF-k; «pertsonen arteko elkarbizitza eta errespetua sustatzen dugu eta familia urdina osatzen duten pertsonek kirola ingurune seguru batean egin dezaten lan egiten dugu». Tolosa CF «kirol sustapenerako eta gizarte-kohesiorako gunea» dela esan du klubak eta horrela izaten jarraituko duela, «printzipio horiek aurkako jokabideak lekurik izan ez dezaten». Ildo horretan berdintasunarekin, errespetuarekin eta bizikidetzarekin duten konpromisoa berresten duela gehitu du.

Horiek horrela, bere babesa zein elkartasuna adierazi die kaltetutako pertsonei, eta klubeko zerbitzu juridikoak haien eskura jarri ditu. «Ez dugu onartzen, eta ez dugu inoiz onartuko, balio horiek urratzen dituen jarrerarik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!