Arte Ederretako zein mugimendurekin lotuko zenituzke Takolo, Porrotx eta Mari Motots?
Mugimendu batekin lotu ordez, artista batekin lotuko dizkizut. Porrotx Zumetarekin, Marimotots Juan Gorritirekin, eta Takolo Maria Dapenarekin. Asko hitz egiten da Txillidaren eta Basterretxearen jaiotzen mendeurrenaz, baina aurten ere 100 urte betetzen dira Maria Dapena margolaria jaio zela, eta artista garrantzitsua izan zen, konpromiso handikoa.
Betiko buruan geratuko zaizun doinu edo abesti bat.
Euri tanta, Joxean Ormazabalen letrarekin osatutakoa. Hitz gutxirekin asko esaten duen kantua da, jolaserako aukera handia ematen duena.
Inoiz ahaztuko ez duzun anekdota bat.
Gogoan dut, behin, Bizkaiko eremu erdalduneko herri batean, Sendoa izeneko haur baten ama gerturatu zitzaigula, Sendoari lotsa ematen ziolako. Gaur egun 25 urte edo gehiago izango ditu Sendoak. Marrazki bat eta mezu bat zeramatzan paper bat eman eta honakoa esan zigun amak: «Esan didate ez dagoela ondo idatzita, baina ulertuko duzuela». Porrotx eta Sendoa agertzen ziren marrazkian, eskutik helduta, eta honakoa zioen mezuak: «Porrotx, nire lagun hobetoagoa zara». Ederra izan zen.
Zertan desberdintzen dira Aiora eta Pirritx?
Biak dira ausartak, baina ausardian Pirritxek irabazten du. Aiora lotsatiagoa da, eta Pirritxek, gainera, guztiarekin ahal du. Pirritx, behar izanez gero ere, gai da hegan egiteko; superbotereak ditu. Esaterako, Aiorak betaurrekoak behar ditu, eta Pirritxek ez. Oftalmologoa harrituta geratzen da Pirritxek erabiltzen ez dituela esaten diodanean. Ez ditut behar.
Nor miresten du Aiora Zulaikak eta nor Pirritxek?
Horretan elkarrekin goaz. Umetan galdetzen denean «nor izan nahiko zenuke heldua zarenean?», nik honakoa erantzungo nuke: Izan nahi nuke
Madonna, Tina Turner eta Onintza Enbeitaren elkarketa bat, hirurak pertsona bakarrean.
Elkarren artean antza handia dute hirurek. Tina Turnerrengandik mirestekoa da zuen indarra eta boterea. Lehoi bat zen oholtzan. Madonnarengandik miresten dudana da askotarikoa zela oholtzan, baita protesta egiteko zuen modua ere. Horrez gain, asko gustatu zaizkit euskararekiko izan dituen keinuak. Azkenik, Onintza plazandre bat da, konprometitua, konplexurik gabea, eta munduari Euskal Herria non dagoen esan diona. Hiru horien ezaugarriak izango banitu…
Pirritx izango zinateke.
[Barreak].