Arte Ederretan lizentziatzerako sartu zen Aiora Zulaika Soroa (Lasarte-Oria, 1975) Takolo, Pirritx eta Porrotx taldean. Hasieran, bigarren mailako rolak jokatzen zituen, baina taldean hasi eta urtebetera hartu zuen Pirritx pailazoaren papera, eta horretan dihardu ordutik. Taldea moldatuz joan da urteotan: Takolok utzi zuen lehenik, eta, 2007an, Marimotots batu zen. Katxiporretaren babesean, ikuskizunak, liburuak, diskoak, jolasak eta abar plazaratu dituzte. Duela urte batzuk, hezkuntzak kezkatuta, Haur Hezkuntzako ikasketak egin zituen.
Urduri zaude txupinazorako?
Oraingoz, ez. Tolosan San Joan jaiek pisu handia dute, eta ia 25 urte dira Tolosara etorri nintzela. Ardura handia izango da niretzat.
Nola jaso zenuen proposamena?
Sorpresaz harrapatu ninduen. Era berean, pozik nago, aitortza bat izango delako, ez bakarrik Pirritxi egindakoa, baita Katxiporretari, pailazo talde osoari, eta taldean gauden tolosar guztiei.
Bakarrik egongo zara balkoian?
Ez. Katxiporretako zenbait lagunekin egongo naiz eta 15 bat haur ere egongo dira gurekin.
Nola bizitzen dituzu sanjoanak?
Solana kalean bizi gara, eta beraz, herriko festa guztiak bizi ditugu topera. Ia astebururo izaten da zerbait Tolosan; bizitza handia duen herria da, eta hori asko gustatzen zait. Leku pribilegiatu batean bizi gara.
Zu lasartearra zara jaiotzez, eta bertan sanjoanen ondoren izaten dira festak, ezta?
Bai. Sanpedroak ospatzen dituzte bertan. Aurten, Xumela taldeak botako du txupinazoa. Herria alaitzen aritzen den korua da, herritar gazte eta ez hain gazteek osatzen dutena, eta tartean, gure ama dago. Beraz, Soroatarrok bi txupinazo botako ditugu egun gutxiren buruan.
Lasarten jaio eta bizi izan zinen zenbait urtez. Nola gogoratzen dituzu bertan egindako urteak?
Goxotasun handiz. Oso oroitzapen onak ditut, ikastolatik hasita. Gogoan dut 16 urterekin sortu berri zen euskara elkartean izena eman nuela; bertan ezagutu nituen gerora nire lankideak izango zirenak. Asko aritu izan nintzen herri mugimenduetan.
Hain justu, euskararen kasuan, asko aldatu da egoera Lasarten. Zuk nola bizi izan duzu bilakaera hori?
Ikastolan nenbilenean, duela 40 urte, haurren %80k erdal eredutan ikasten zuten. Gu burbuila txiki bat ginen. Porrotx, Mari Motots eta hirurok lasartearrak gara, eta errealitate oso desberdinetatik bizi izan dugu herria eta euskararen bilakaera. Nik ikastolan ikasi nuen, eta nire gurasoak euskaldunak dira. Mertxeren –Mari Motots– gurasoak Extremaduratik etorri ziren, eta 17 urte bete arte apenas eduki zuen kontakturik euskararekin. Joxe Mariren aita, berriz, berak esaten duenez, etorkina zen, Errezildik iritsi zelako. Denok ibili izan gara gurpilen bueltan, Michelin enpresagatik. Joxe Mariren aitarentzat sekulako trauma izan zen euskaraz bakarrik jakitea, elebakar euskalduna izatea. Ez zuen nahi bere semeek ere sufritzea, eta gaztelaniaz ikasi zuten.
AEK eta euskara elkartearen bueltan elkartu ginen, baina ni taldera batu nintzenerako beraiek 11 urte zeramatzaten. Behin, hiru irakasle elkartu ziren, Olentzeroren festa baten bueltan, pailazoz jantzi eta euskaraz abesteko. Kantu batzuk grabatu zituzten kaseta batean, gero, ikastetxez ikastetxe banatzeko. Horrela hasi ziren, eta oso ondo atera zenez, konturatu gabe saio gehiago egiten hasi ziren.
Lasarten, gainera, 1986az geroztik, lau urtez behin, 40 orduko euskararen maratoia ospatzen da. Agustin Mujika –Takolo– herrikidea izan zen sortzailea. Erronka handi bat izaten da, mikrofonoak ezin duelako isilik egon bost minutu baino gehiagoz. Edizio batean, gazteak ordezkatzea egokitu zitzaidan, eta bertan ezagutu nituen Takolo eta Porrotx.
Lasarten bertan sortu zen Pirritx pailazoa. Nola izan zen?
Bai. Ni lasartearra ez banintz ez nintzateke Pirritx izango. Hiru gizonezko hasi ziren, hirurak lasartearrak: Agustin, Joxe Mari eta Patxi Sanz. Patxik egiten zuen hirugarren pailazoaren papera. Hasieran, Pirrutx izena zuen. Patxik taldea utzi zuenean, emakumezko pailazo bat sartzea pentsatu zuten Agustinek eta Joxe Marik, eta horrela sortu zen Pirritx. Lehen urteetan, Ainhoa Beristain zaldibiarrak antzezten zuen. Ainhoak, ordea, ikasketak medio, Madrilera joan behar izan zuen, eta ondorioz, taldea utzi behar izan zuen.
«Ez nuen atzerrira joateko aukera baliatu, baina, neurri batean, horri esker abiatu zen nire bizitzako etapa garrantzitsuena»
Gogoan dut, udako egun batean, Porrotxek etxera deitu zuela. Beraiekin lanean hasteko proposamena egin zidan. Ni, orduan, Arte Ederren ikasketetako azken mailan nengoen, eta desira bat nuen: Erasmus beka baten bidez Birminghamera (Erresuma Batua) ikastera joatea. Baina, ez zidaten aukerarik eman. Ezusteko handia hartu nuen, joateko aukera handia nuela uste nuelako. Porrotxen proposamenari baiezkoa eman nion orduan. Bada, biharamunean, unibertsitatetik deitu ninduten. Birminghamera ez, baina Lisboara (Portugal) joateko aukera nuela esanez. Pintura arloan mugimendu handiko hiria izan da eta da Lisboa, eta aukera ederra zen, berez, baina uko egin nion. Ez nuen atzerrira ikastera joateko aukera baliatu, baina, neurri batean, horri esker abiatu zen nire bizitzako etapa garrantzitsuena.
Hala ere, Pirritx izan baino lehen, beste pertsonaia batzuk antzeztu zenituen.
Bai. Txikiak asko, baina garrantzitsuenak Perez sagutxoa eta Maritxu izeba izan ziren.
Horiek ere beharrezkoak izango ziren gerora izan zarena izateko, ezta?
Horrelako taldeetan ezinbestekoa da denetik probatzea eta egitea. Joxe Marik esan izan dit ez dutela inoiz casting bat egin, ez luketelako jakingo nola egin Pirritxen papererako hautaketa prozesua. Ni, gainera, ez nentorren antzerki mundutik, euskararen eta militantziaren inguruan aritzetik baizik. Antzerki eskoletara joaten nintzen Lasarteko gaztetxera, eta Mertxe zen nire irakaslea. Gaur egun, bera da antzerki ikasketak dauzkan taldeko kide bakarra, profesioan gehien ikertu duena; gu, berriz, aritutakoak gara.
Pirritx eta Aiora oso desberdinak direla esan izan duzu, baina baita ere Aiorak bizi izandakoek eragina dutela Pirritxengan eta alderantziz. Amatasunak, esaterako, zerikusia izan du horretan?
Zalantzarik gabe. Pirritx pailazoa sortu zenean, Aiorak asko eman behar izan zion beretik. Pailazo edo clown bat sortzen duzunean, elikatu egin behar duzu, etengabe landu. Urteen poderioz, erosotasuna aurkitu ahala, pertsonaia eraikitzen zoaz. Guztiok daukagu barruan clown bat, baina batzuek soilik ateratzen dugu kanpora, eta beste batzuei gehiago kostatzen zaie. Pirritxek, biografikoki, Aioraren ezaugarri asko ditu. Taldeko beste pailazoen kasuan ere berdina gertatzen da. Egunerokotasuneko esperientziak eta bizipenak eramaten ditugu oholtzara, urrutira gai bila joan beharrik gabe.
Amatasuna bera ere landu izan dugu. Amatasunak heldutasun handia eman zion Pirritxi. Bikiak izan aurretik, Aiorak bazuen beste seme bat. Hala ere, alde batetik, taldekideen ulermen handia izan dut, eta beste alde batetik, babesa eman didan inguruko senide eta lagunez osatutako sare erraldoi bat. 25 urtetan Aiorari asko eman dio Pirritxek, eta alderantziz, eta zenbait momentutan ez da erraza izan bataren eta bestearen ardurak uztartzea.
Inoiz gertatu al zaio Aiorari Pirritxek bezala hitz egitea?
Ez. Pirritx hemen barruan dago, geldirik, lasai, baina egia da erlaxatzen naizen momentuetan sinbiosia handiagoa izaten dela. Gaur egun, irakasle naiz Anoetako ikastolan, eta haurrek askotan eskatzen didate Pirritxena egiteko edo berak bezala abesteko. Ondo pasatzen dugu.
Eta zenbat aldiz deitu dizute Pirritx Aiora deitu ordez?
Askotan, eta oso ondo sartzen da belarritik.
Haurrentzat lan egin arren, askotan helduekin lotzen diren gai sozialak lantzen dituzue. Ez da erraza izango sormen prozesua, ezta?
Gure iritzia da haurrak gizartearen parte diren heinean, jendartean gertatzen den guztiaz hitz egin dezakegula beraiekin, hori ere bizitzen dutelako. Hortaz, gizartean dauden balioez, bizi dituzten egoerez eta izan dezaketen kezkez hitz egin behar dugu beraiekin, beraiek parte hartzaile sentitu daitezen, subjektu aktibo izan daitezen. Ez da horren zaila. Edozein arlotan, haurrentzat lantzen duzuna, guztientzat lantzen duzu, bai familientzat baita helduentzat ere, berdin herrian, berdin arkitekturan edota oholtza gainean.
Umeek ez ezik, gurasoek ere ederki gozatzen dute zuekin, eta askok, baita ikasi ere.
Denetik landu daiteke, eta guztiaz hitz egin daiteke, hala nola, familia ereduaz, ekologiaz edo kutsaduraz. Gu, behintzat, gai guztietan asko bustitzen saiatzen gara, adituez inguratuz eta beraiei entzunez. Zentzu horretan, minbiziaren gaia mugarri bat izan zen.
Ia urtero kaleratu dituzue diskoak, liburuak, emanaldiak, jolasak… A zer lana, ezta?
Bai, baina horretarako sortzaileez inguratu gara, eta zorionez, Euskal Herrian idazle, bertsolari eta bestelako sortzaile zoragarriak ditugu.
Festetan edo tabernetan gaur egungo gazteek zuen kantu ezagunenak kantatzea ere egindako lan onaren fruitu da.
Abesti bakoitzak bere bidea egiten du, eta gureak izatetik haratago, gure komunitatearen parte diren guztienak dira. Hori oso polita da. Oraindik ere parrandan gure kantuekin grabatutako bideoak bidaltzen dizkidate. Joxe Mariri eta Mertxeri aipatu izan diet jada aitona-amonak izatera iritsi garela, gure emanaldietan haurrak izan zirenak guraso izatera igaro direlako. Gure zale izandakoak beraien haurrekin hurbiltzen zaizkigu. Belaunaldi berrietara iristea lortu dugu eta hori ederra da.
25 urtetan, beraz, publikoa aldatu da.
Publikoa baino, gizartea bera aldatu da.
Zuek, oholtza gainetik, nola bizi izan duzue aldaketa hori?
Oholtza gainetik ez ezik, azpitik ere bizi izan dugu. Guk ezagutu izan dugu mugikorrik gabeko publikoa. Lehen, emanaldia bukatu ondoren, publikoarengana gerturatu eta besarkadak ematen genituen; tarteka, opariak eta maitasun mezuak ere jasotzen genituen. Hori erabat aldatu da orain. Mugikorrak besterik ez ditugu ikusten, eta gaur egun argazkiak egitea da helburua, guztia irudietan gordeta edukitzeko beharra sentitzen dugulako. Esango nuke beste patxada bat genuela orduan, oro har. Gaur egun, ipurterreagoak gara. Gutxiago irauten dugu eserita, lasai, zerbait ikusten.
Zuek ere aldatu zarete. Nolakoa izan zen Takolok bidelagun izateari utzi eta Marimotots taldera batu zeneko garaia?
Ezustean heldu zen aldaketa. Joxe Mari eta biok bikote modura jarraitu genuen hasieran. 2006. urte inguruan, kalean bizi ziren ama-alaba batzuen errealitatea landu nahi genuen, eta horrela sortu genituen Marimotots pertsonaia eta izen bereko emanaldia. Lehenago, gainera, pertsonaia ugari antzeztu zituen Mertxek, besteak beste, Amona Josefina, Kintxo Barrilete eta Poxpolin Marisorgin. Hala ere, Marimototsen kasuan, berehala jabetu ginen ume asko pertsonaia horrekin identifikatzen zirela, berarekiko atxikimendu handia zutela. «Gurekin geratu behar duzu», esan genion orduan Mertxeri.
Aldaketak aldaketa, politika kontuak tarteko, zenbait erakunde babesa baino gehiago oztopo izan dira zuentzat. Nola azaldu haur bati bere pailazo gogokoenek ezin dutela bere herrian antzeztu eta abestu?
Ez da batere erraza, eta ingurune euskaldun batean konplexuagoa da azalpenak ematea. Hala ere, eremu erdaldunetara joanez gero, bertako haur eta familiek etengabe pairatzen dituzte itsuskeria eta bazterkeria egoerak, euskaraz aritzeagatik, euskaraz egin nahi izateagatik, edota baita euskaraz ikasi nahi izateagatik ere. Ez da urrutira joan behar. Iruñetik gertu, edo Iruñean bertan, ikaragarria da euskaraz bizi ahal izateko egin beharreko esfortzua, uste duguna eta iruditzen zaiguna baino handiagoa. Sekulako borroka eta sekulako konpromisoa eskatzen du.
Nola azaldu haurrei? Ez gaituztela maite eta beraientzako mehatxu bat garela esanez. Aldi berean, esan behar zaie, batzuek pentsatzen dutela guk egiten duguna ez dela ona, eta beraien zuri-beltzezko mundu horretan, Euskal Herri koloretsu bat irudikatu nahi dugunok ez daukagula lekurik.
Euskal Herriak gogoan du, 2019an, Iruñean gertatu zitzaizuena.
2019an, eta momentu askotan gertatu izan zaigu. Oso gogorra da. Guk boikota deitzen diogu. Boikota jasan izan dugu, eta oraindik ere, zenbait lekutan jarri izan digute betoa. Guk bezala, artista askok jasan izan dute zapalkuntza hori. Hala ere, egoera horien aurrean jaso izan dugun maitasun olatu erraldoia ikaragarria izan da. Momenturik zailenetan ere sekulako babesa izan dugu, irudika ezin dezakezun bestekoa. «Batzuek gorroto gaituzte, baina zenbatek maite gaituzten», pentsatu eta hausnartu izan dugu askotan. Horrek sendatu egiten gaitu.
Nolako esperientzia izan da arnasguneetatik kanpo emanaldiak egitea?
Beste begi batzuekin begiratu izan gaituzte. Ipar Euskal Herrira, esaterako, oso gustura joaten gara. Bizitzeko modua oso bestelakoa da han, baita gurekiko atxikimendua ere. Gure zazpi lurraldeetako bakoitzak bere izaera dauka, bere nortasuna, eta oso pozik gaude horietako bakoitzean bizi izandakoarekin, benetan. Batzuentzat Euskal Herria oso txikia izango da, baina guri oso handia iruditzen zaigu.
«Batzuentzat Euskal Herria oso txikia izango da, baina guri oso handia iruditzen zaigu»
Txikitatik argi zenuen pailazo izan nahi zenuela?
Anekdota bat dut horren inguruan. Lehen aipatu dugun euskararen aldeko maratoiaren lehen edizioa egin zenean, 11 urte nituen. Ikastolarekin parte hartu nuen. Ez dut gogoan zer egin genuen, baina gogoratzen naiz txistua ere jo nuela. Gure kalejiraren ondoren, Takolo, Pirrutx eta Porrotx pailazoek emanaldia egin zuten, eta bertan egon nintzen beraiei begira, txundituta, txistua altzoan nuela. «Nik, noizbait, hor egon nahi dut, hori egin, horrela bizi. Zeinen ondo pasatzen duten!», pentsatu nuen orduan. Gero, lehen azaldu dizudana gertatu zen.
Edozein izan daiteke pailazo, ala ezaugarri batzuk behar dira?
Lehen esan dudan bezala, guztiok daukagu pailazo edo clown bat barruan, guztiok daukagulako ume bat barruan. Hala ere, hezi egin behar duzu. Umoreari lekua egin behar zaio, eta umoretik bizitzen jakin behar duzu. Umorearen bitartez, zenbait ezagutza deskubritu ditzakezu, eta hori eginez gero, barruko clown hori azaleratzen eta lantzen joan zaitezke. Umoreak erremintak ematen dizkizu bizitzako zenbait gauzei beste modu batera aurre egiteko, edo bizitzeko modu berriak aurkitzeko.
Pailazo izateagatik, jakintzat ematen al da beti umore onez egon behar duzuela? Gizartean badago aurreiritzi hori?
Posible da, baina ni ez naiz kalean beti irribarre batekin ibiltzen. Pailazoak ere haserretzen gara, negar egiten dugu eta purrustadak botatzen ditugu. Umorea ez da barre algara bat bakarrik; mundu ikuskera bat da. Umorearen bitartez, buruan izaten ditugun ideia guztiak gure begietako koloreetako iragazkitik igarotzen dira, eta ondoren, oholtzara igotzean, mezu itxaropentsu bat botatzen dugu. Hori eginda, mundua konpontzen dugula uste dugu, nahiz eta jaisterako berriz konpontzeko egongo den.
«Pailazoak ere haserretzen gara, negar egiten dugu eta purrustadak botatzen ditugu. Umorea ez da barre algara bat»
Eta noiz uzten da albo batera pailazo izatea?
Nire ustez, pailazoa ez da erretiratzen. Nire ibilbideko zenbait momentutan, nire bizitza pertsonala albo batera utzi eta Pirritxi denbora gehiago eskaini behar izan diot. Alderantziz ere gertatu izan zait. Ez dira momentu errazak, gure doluak pasatzen ditugulako. Gaixoaldiekin, adibidez, oso gaizki pasa izan dut.
Une honetan, zertan ari dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots?
Amazonia gara ikuskizunarekin topera gabiltza. Iratitik Amazoniara joan eta bueltatzen gara, zuhaitzez zuhaitz. Beste saio bat ere prestatzen ari gara, Josu Txapartegi Txapas zarauztarrak sortutako abestiekin. Astronomiari lotutako proiektu batean ere sartuta gaude. Eta noski, herri mugimenduetan, Bizipozan eta saltsa gehiagotan ere bagabiltza.
Inoiz pentsatu al duzue erretiroa hartzeko momentuan?
Joxe Marik beti esaten du Porrotx ez dela sekula erretiratuko. Bera hiltzen denean, hilkutxan bi zulo egitea nahi duela dio, zapatak jantzita sartu ahal izateko. Askotan, kirolari profesionalekin alderatzen dugu gure bizimodua. Oholtzak indar fisiko handia eskatzen du, eta batzuk ari gara gure jarduera murriztean pentsatzen, baina erretiroa hiltzen garenean hartuko dugu. Bitartean, hor jarraituko dugu, ez intentsitate berarekin, noski, baina pertsona eta pertsonaia batera joango dira.
Atzetik ba al dago harrobirik?
Begira non gauden! —Gure Zirkuari erreferentzia eginez—. Euskal Herrian sekulako zortea daukagu. Geroz eta zirku eskola gehiago daude, eta une honetan, umorea eta clowna osasuntsu daude. Euskal umorea gure altxorretako bat da. Batzuetan, baina, diruz ez da zorionekoa. Ekonomikoki erronka handia izaten da, baina hori ere kultura da, eta babestu egin behar da.