Erreportajea

Gustuko aldapan, nekerik ez

Imanol Garcia Landa 2023ko eka. 9a, 12:00

Igandean izango dira jokoan T3T maratoia eta T2T mendi lasterketa, Tolosan. Pixkanaka, gero eta emakume gehiago parte hartzen ari dira, lasterketarik laburrenean batez ere.

Zortziehun korrikalarik parte hartuko dute igandean Tolosan hasi eta bukatuko diren bi mendi lasterketetan. Urtarrilaren 9an ireki zuten izena emateko epea, eta ordubetean bukatu ziren T2T Tolosaldeko Bi Tontorrak lasterketarako 450 dortsalak. T3T Tolosaldeko Hiru Tontorrak maratoirako 350 dortsalak, berriz, hiru astean bukatu ziren. 43 kilometro eta 2.800 metroko desnibel positiboa ditu maratoiak; zortzigarren aldia izango du aurtengoa. T2T lasterketak, berriz, 24 kilometro ditu eta 1.600 metroko desnibel positiboa; seigarren aldiz egingo dute. «Gure bi probek indarra hartu dute, eta benetan pozik gaude», esan du Iñaki Insausti antolakuntza taldeko kideak.

Iaz, aldatu egin zuten lasterketen norabidea, eta aldaketa horri eutsiko diote aurten. Lehenik, Erroizpe mendia igo beharko dute korrikalariek; eta, ondoren, Uzturre. T2T proba egiten ari direnak Tolosako helmugara jaitsiko dira hortik. Maratoiko korrikalariak, berriz, Uzturretik Irurara jaitsi, eta Herniora igoko dira ondoren, eta Tolosara jaitsi beharko dute azkenik. Norabide horrekin, «bigarren erditik aurrera mendi kutsu handiagoko lasterketa» bihurtu dela esan du Insaustik, eta kudeaketa eta antolakuntza aldetik errazagoa dela haientzat.

Etziko T2T proban parte hartuko dutenen %26 emakumeak izango dira. «Antzeko parte hartzea izan dugu lehenengo urtetik, baina pixka bat igoz joan da urtetik urtera. Guk ez dugu egin deialdi berezirik; ahoz aho zabaldu da, eta pozgarria da hori». T3T proban, berriz, %10 dira emakumeak. «Nabarmena da aldea. Zenbat eta distantzia handiagoa, orduan eta nabarmenagoa da arrakala».

 
«Gu ere gai gara»

Olatz Lizartza (Tolosa, 1989) eta Yashira Navas (Tolosa, 1991) Tolosako Alpino Uzturre mendi taldeko kideak irteeran izango dira etzi. Lizartza lehen aldiz ariko da T2T lasterketan. «Pandemiaren aurretik sartu nintzen mendi lasterketen munduan», esan du. «Mendian jaio eta bizi naiz, eta betidanik ibili izan naiz han, baina ez nuen parte hartzen lasterketetan». Halako batean, probatzeko grina sentitu zuen, ordea: «Asfaltoan korrika egitea aspergarria iruditzen zitzaidan. Mendian, ikusten nuen oinez igota eta korrika jaitsita disfrutatu egiten nuela, eta horrela hasi nintzen».

Itxaron zerrendan egon ondoren, tolosarrari aukera sortu zaio azkenean. «Etxeko lasterketa da, eta parte hartzeko gogoa nuen», azaldu du Lizartzak. «Neure buruarekin gustura geratzea da asmoa, eta eroso bukatzea». Mendi lasterketetan emakumeen parte hartzea aldatzen ari dela esan du Lizartzak: «Lan handia egiten ari gara emakumeek berdintasuna lortzeko, eta kirolarekin lotura handiagoa izateko. Denbora asko eskatzen du kirolak, eta, betidanik, emakumeak gehiago geratu izan dira etxean; gizonek denbora gehiago izan dute beren buruarentzat. Gaur egun, hori asko aldatzen ari da, eta emakumeok ere hartzen dugu denbora guretzat».

Navasek, berriz, lehen aldiz parte hartuko du T3T maratoian. «Orain dela zazpi bat urte» hasi zen mendira joaten. «Hasieran, oinez joaten nintzen, eta, 2019an, pentsatu nuen Tolosako mendi lasterketan parte har nezakeela, nire herrikoan». «Pixkanaka» sartu zen mendi lasterketen munduan. Hiru urtez T2T lasterketan parte hartu ondoren, maratoian ariko da aurten: «Pixka bat prestatuago ikusten nuen neure burua, eta pauso hori ematea pentsatu nuen. Gainera, ikusita T3T proban emakumeen parte hartzea gizonena baino apalagoa dela, hartan parte hartzea pentsatu nuen».

Navasek ez daki zehazki emakumeen parte hartzea zergatik den apalagoa, baina argi du emakumeek gaitasuna dutela proba horietarako: «Horrelako kirolek denbora asko kentzen dute egunero, eta emakumeok, orokorrean, ez dugu hartu izan denbora hori. Baina gero eta emakume gehiago ikusten dira mendi lasterketetan, eta benetan pozgarria da hori». Navasek mendi lasterketetan parte hartzeko deia bidali die emakumeei: «Geure kirola ere bada, eta gu ere gai gara horretan aritzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!