2015ean ospatu zen lehen ekitaldi hartatik asko hazi da lasterketa eta horren adierazle da aurten ere eskuragarri jarri diren 800 dortsalak izendatuta daudela. Aipagarria da euskal mendi lasterketen egutegian hartu duen ospea, eta lasterkari askorentzat urteko hitzordu garrantzitsuenetarikoa izatea iritsi da. «Urtero moduan beste probintzietako eta Frantziako zenbait lasterkarik ere hartuko dute parte. Pixkanaka ahoz-ahoko ospea zabaltzen ari denaren seinale», azaldu dute antolakuntzatik.
Aurtengo ekitaldian ez dago berrikuntza aipagarririk. «Aspaldi hasi ginen lasterkari bakoitzari norbere edalontzia eman behar zuela derrigortuz eta egun gero eta lasterketa gehiago dira hau egiten dutenak; beraz, jada erabat errotua dagoen zerbait da», zehaztu dute antolatzaileek. Iaz hasi zuten bideari segituz aurten ere lasterketaren norabidea Erroizpe-Larte, Uzturre eta Hernio mendiena izango da. Iazko arrakastaren ondoren, aurten ere mantentzea pentsatu dute. Aurten ere ez da streaming bidez emanaldirik izango. Sare sozialetan, ordea, eguneraketak maiztasun handiz egingo dira. Antolakuntzak nahiago du ikusleak mendira edo kalera hurbiltzea: goiztiarrentzat Erroizpe-Larte (09:15), giro aparta nahi duenarentzat Uzturre (10:15) eta mendizaleenentzat Hernio (11:45).
T3T maratoia (43 kilometro eta +2.800 metro) 08:45ean aterako da Trianguloa plazatik, eta 09:30ean, ohiko ordutegia mantenduz, T2T lasterketa (24 kilometro eta +1.600 metro) aterako da leku beretik. Lehen helmugaratzeak goizeko 11:30ak inguruan espero dira T2Tn, eta 12:45ean T3Tn. Denbora horiek ez dira erabat zehatzak, ibilbidearen egoerak lasterketa moteldu edo azkartu egin baitezake. «Ibilbideak aurten bi aldaketa txiki izango ditu, bata Elduainen eta bestea Iruran, herrigunera iristeko bideetan., baina aldaketa hauek ia oharkabean pasako dira lasterkarientzat», esan dute antolatzaileek.
Izen aipagarrien artean, maratoian aipatzekoak dira Nerea Amilibia, Marta Cester, Nagore Uribarri eta Sarah Ugarte emakumezkoetan, eta Hassan Aitchaou eta Oier Ariznabarreta, biak ere lasterketa hau irabazitakoak, gizonezkoetan. T2Tn, aldiz, emakumezkoetan Nerea Iturriaga (behin irabazita dauka), Nagore Azkue eta Ruth Aldea aipatu daitezke, eta gizonezkoetan Gontzal Murgoitio, Amets Aranberri, Imanol Rojo eta Aitor Regillaga.