Tolosako EH Bilduk Zumarditxikiko proiektua geratu eta herritarrei entzuteko eskatu dio udal gobernuari

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ira. 27a, 17:59

Interbentzio arina egitea proposatzen dute, betiko izaera eta balio historikoa mantenduz. «Tolosarren gehiengo handi batek ez du proiektua ezagutzen eta beste hainbatek ez dute begi onez ikusten udal gobernuaren proposamena», esan du Andu Martinez de Rituerto alderdiko bozeramaileak.

Aspaldikoa da tolosar askok Zumarditxikia herritar guztien gozamenerako berreskuratzeko egiten duten aldarrikapena. Tolosako EH Bilduk udalera eraman izan du gaia. Duela urtebete, Zumarditxikiko autoak Lapurdi plazara mugitzea proposatu zuten. Aurtengo maiatzean, proiektuaren inguruan erabakiak hartzea eskatu zion udal gobernuari. Andu Martinez de Rituerto alderdiko bozeramaileak «hasieratik bide orri argi batekin» joan izan direla nabarmendu du: «Etorkizuneko Zumarditxikiak betiko izaera mantentzea, balio historikoa aitortuz, aparkalekuei irtenbidea ematea, zuhaiztia mantentzea eta berdeguneak areagotzea».

Udal gobernuak, orain arte beraien iritziari «entzungor egin» diola eta «aspaldi hartutako erabakia gauzatzeko unea iritsi dela erabaki» duela esan du bozeramaileak. «Egungo udal gobernuak argi du zein den bere apustua: herritarren eskaerak barnebiltzen ez dituen proiektuaren alde egitea. Horregatik egin nahi dute datorren osteguneko udal batzan 2 milioi euroko kreditu aldaketa, aurretiaz gordetako 820.000 eurori gehituko zaizkionak proiektua martxan jartzeko. Ia 3 milioi euroko aurreikuspena duen obra, alegia».

Martinez de Rituertok esan duenez, 2018an udal gobernuak berak martxan jarritako parte-hartze prozesura bertaratutako herritarrei bi aukera jarri zitzaizkien mahai gainean. «Lehenengoak egungo izaera mantentzen zuen eta bigarrengoak gauzatu den proiektuaren antza handia zuen». Aktan jasotzen denaren arabera, lehen bilera hartan bildu ziren 10 herritarrek, Zumarditxikiaren izaera mantentzearen aldeko iritzia eman zuten. «Baino hara non, 3 urte beranduago egin zen bilerara bertaratu ziren 7 herritarrei mahai gainean jarri zitzaizkien bi aukerak 2018an baztertutako proposamenaren antza handia zuten. Lehen bilera hartan esandakotik, nola iritsi ginen proposamen horretara? Bigarren bilera horretan ginenok, Zumarditxikia ahalik eta espazio naturalena izatea eta bertan interbentzio arina egitea irudikatu genuen, itzala eta ura izango zituen espazio sozial anizkoitza izatea proposatuz», aldarrikatu du.

Azken bileran, hirugarrena hain zuzen, bildu ziren 18 parte-hartzaileetatik, batzuk berriro eskatu zuten aparkalekuei irtenbidea ematea, gutxieneko egokitzapen bat egitea eta hasiera batean, espazioa herritarrek nahi duten modura bizitzeko aukera librea uztea, ondoren, pixkanaka, memoria kolektiboak sor zezan espazioari eman beharreko bilakaera. «Ahots hauek entzunda, parte-hartze prozesua denboran luzatu zitekeen, baina egungo udal gobernuak, beranduegi zela argudiatuta, amaiera eman zion prozesuari. Beranduegi? Beranduegi datozen 100 urte baldintzatuko dituen obra bat hobeto pentsatzeko eta adostasun zabalagoa lortzeko? Itxura denez, hasieratik izan da beranduegi beste zerbait proposatzeko», salatu du bozeramaileak.

Amaitzeko, eztabaida kalean dagoela adierazi du Martinez de Rituertok. «Tolosarren gehiengo handi batek ez du proiektua ezagutzen eta beste hainbatek ez dute begi onez ikusten udal gobernuaren proposamena; herritarren artean tamaina honetako proiektu bat martxan jartzeko nahikoa kontsentsu ez dago, beraz. Badirudi azken fasean sartu garela, baina guk ez dugu etsi behar gure ahaleginean, eta uste dugu beste bide bat har dezakeela oraindik. Gauzak horrela, bi eskaera egiten dizkiogu egungo udal gobernuari: proiektua mahai gainean uztea eta herritarrei entzutea». Horrez gain, udalak erabakia hartuta duenez, kreditu aldaketa onartu ondorengo pausoa lizitazioa martxan jartzea izango dela aurreratu du.

Erlazionatuak

Zumarditxikiari buruz

Erabiltzailearen aurpegia Andu Martinez de Rituerto Arregi, Tolosako EH Bilduko udal taldearen bozeramailea 2022 uzt 22 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!