Zumarditxikiko proiektuan erabakiak hartzea eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 24a, 16:13

Herritarren gozamenerako «berreskuratu beharreko espazioa» dela eta, aparkalekuen arazoa konpontzeko eskatu dio.

Tolosako EH Bilduk legealdi hasieran adierazi zuen Zumarditxikia «herritarren gozamenerako» berreskuratu beharreko espazio «zoragarria» dela. Aldi berean, oposizioko alderdiari «ezinbestekoa» iruditzen zaio Alde Zaharraren izaera berezia kontutan hartzea eta zaintzea: «herritar guztiok lasai ibiltzeko eta sozializatzeko gunea da, baita herriko merkataritza sektorearen motor nagusia ere».

Gaur egun, Zumarditxikian aparkatzen dituzte autoak Alde Zaharreko bizilagun askok. «Gune hau berreskuratu nahi dugun bezala, Alde Zaharreko bizilagunen aparkatzeko beharrei erantzun behar diegu. Zumardi Txikiko proiektua garatzearekin batera, Alde Zaharreko biztanleei aparkatzeko irtenbidea eman behar zaie», esan dute.

Asteburuan, Haragi Fest jaialdia ospatu da Zumarditxikian. «Zein espazio atsegina den frogatu ahal izan dugu», adierazi dute. Hori dela eta, «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu diote udal gobernuari: «Enpresa bat kontratatu dute aparkalekuen arazoa azter dezan, baina bitartean, orain dela bederatzi hilabete adierazi genuen bezala, Lapurdi plazako lur azpiko garajeak erabiltzea proposatzen dugu, batez ere Zumarditxikian ekitaldiak ospatzen diren egunetan».

Tolosako hainbat arkitekto Zumarditxikiaren izaera mantentzearen alde azaldu direla ere nabarmendu dute EH Bilduko ordezkariek: «Gipuzkoan XIX. mendean sortu ziren zumardi eder haietatik bizirik dirauen bakarrenetakoa da. Gainera, Tolosa Klima 2050 txostenean azpimarratzen den bezala, belardiak eta zuhaitzak tenperatura igoerak murrizteko ezinbestekoak izanik, Zumarditxikiak berdegune izaera izan beharko luke, ezinbestean».

EH Bilduren iritziz, «proiektu megalomanoak» alde batera utzi behar dira. «Horregatik, egungo zuhaitzak mantendu, belarra landatu, eta gutxieneko atontzea egitea da gure proposamena, espazio zoragarri hori bizi eta disfrutatzeko. Erabili eta gure egin dezagun, etorkizunean zer nolako interbentzioa nahi dugun erabakitzeko».

Herri atseginago bat lortzeko bidean, oinezkoek lehentasuna izango duten proiektu baten aldeko apustua berresten du oposizioak. «Hori betetzeko proposamenak mahai gainera eramaten eta lantzen jarraituko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!