Zumarditxikiko autoak Lapurdi plazara mugitzea proposatu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko ira. 29a, 17:59

Alde Zaharreko bizilagunen egoera aintzat hartzea eta Lapurdi plazako aparkalekuak beraien esku jartzea eskatu dio Tolosako EH Bilduk udalari.

Zumarditxikia berreskuratu eta tolosarren eskura jartzea da Tolosako Udalak legealdi honetarako ezarritako lehentasunetako bat. Bide horretan, proiektuaren idazketa esleitu zutela jakinarazi zuten maiatzean. Aldi berean, eremua berritzean sortu den aparkaleku galerari aurre egiteko irtenbideak garatzeari ekin ziotela adierazi zuten. Horretarako, mahai gainean bost aukera ezberdin zituztela baieztatu zuten, eta horiekin lanean ari dira une honetan.

Gaur egun, Alde Zaharreko bizilagun askok dute Zumarditxikian autoa aparkatzeko aukera. Tolosako beste eremuetan, herritarrek euren kotxea aparkatzeko guneak edota aparkaleku pribatuak dituzte, ez aldiz Alde Zaharrean bizi diren guztiek.

Hori dela eta, udala eremu horren proiektua zehazten ari den bitartean, Alde Zaharreko bizilagunen beharrei erantzuteko premia «agerian» geratu dela esan dute Tolosako EH Bildutik. «Zumarditxikiko proiektua garatzerakoan, lehenik, eremua hustu aurretik, irtenbidea eman behar zaie autoa bertan aparkatzen duten biztanleei», adierazi du Andu Martinez de Rituerto alderdiko bozeramaileak.

Horretarako, Lapurdi plazako lur azpiko garajeak erabiltzea proposatzen du oposizioko alderdiak. «Egunean zehar ohiko errotazio aparkaleku bezala funtzionatuko luke, eta 19:00etatik aurrera, gau osoan zehar, bertakoen esparru bilakatuko litzateke», azaldu du Kristina Pelaezek. EH Bilduko zinegotziaren ustez, moldaketa horri esker, une honetan Zumarditxikiak betetzen duen «funtzio bera» bete ahal izango lukete Lapurdi plazako aparkalekuko 104 plazek. «Izan ere, gaur egun 96 plaza daude Zumarditxikian», esan du.

Hori posible egiteko, bi bide proposatzen ditu Pelaezek: «Batetik, lizitazio kontratua eten, eta udalak aparkalekuaren jabegoa bereganatzea. Bestetik, bere garaian kolektorearen obra egin zenean egin zen moduan, udalak enpresa kudeatzailearekin kanon bat hitzartzea».

«Tolosako bihotza»
Oposizioko alderdiak ezinbestekotzat jo du Alde Zaharraren izaera berezia aintzat hartzea. Urteak dira Tolosako Alde Zaharra oinezkoentzako gune bilakatu zela, eta ondorioz, nagusiki trafikorik, eta batez ere autorik gabeko eremua da. «Herritarrak lasai ibiltzeko, lagunartean elkartzeko eta bizitza soziala egiteko moduko gunea da, baita herriko merkataritza sektorearen motor nagusia ere», aitortu du Martinez de Rituertok.

Alde Zaharra «Tolosako bihotza» dela azpimarratu du Kristina Pelaez alderdiko zinegotziak. «Auzune bizi, dinamiko eta bizigarria izaten jarraitzeko, ezinbestekoa da bertako bizilagunentzat ere zerbitzuak eskaintzea». Martinez de Rituertok gaineratu duenez, «zaindu beharreko esparru berezia» da.

Egungo mugikortasun ereduan, oraindik ere, autoak «erdigunea» hartu ohi duela azpimarratu du Martinez de Rituertok. «Mugikortasun eredu jasangarriagorantz jo behar badugu ere, sarritan ezinbestekoa izaten da lanera joateko edota eguneroko beharrei erantzuteko autoa hartzea».

Proposamen hau luzatzearekin batera, mugikortasun eredu alternatiboen aldeko apustua berresten jarraituko dutela adierazi dute EH Bilduko ordezkariek, betiere, oinezkoak lehentasuna izaten duten bitartean. «Bide horretan, hori betetzeko proposamenak mahai gainera eramaten eta lantzen jarraituko dugu», adierazi du Pelaezek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!