Egun hauetan frogatu ahal izan dugu behin berriro ere zein espazio atsegina den Zumarditxikia. Herriko hainbat arkitektok eta herritar asko bere izaera mantentzearen alde azaldu dira eta arrazoi ugari aipatu dituzte: alde batetik, Gipuzkoan XIX. mendean sortu ziren alameda eder haietatik bizirik dirauen bakarrenetakoa da, bestaldetik, Tolosa Klima 2050 txostenean azpimarratzen den bezala, belardiak eta zuhaitzek azken asteetan sufritu ditugun eta aurrerantzean, tamalez, nahiko ohikoak izango diren tenperatura altuak apaltzeko ezinbestekoak dira eta bukatzeko, egungo espazioak ekimen ezberdin ugari egiteko aukera eskaintzen du. Udal Gobernuak proposatu duen proiektuak ez du balio historikoa errespetatzen, zuhaitzak desagerrarazten ditu eta espazioa zatikatzen du.
EH Bildun zuhurtziaz jokatzearen aldekoak gara eta proiektu megalomanoak alde batera utziz, Zumardi Txikiak egun duen egitura eta berdegune izaera mantentzearen aldekoak gara. Horregatik egungo zuhaitzak mantendu, belarra landatu, eta gutxieneko atontzea egitea da gure proposamena. Espazio zoragarri hau bizi eta disfrutatzeko denbora har dezagun etorkizunean zer nolako interbentzioa nahi dugun erabakitzeko.
Tolosa atseginago baten bidean, oinezkoek lehentasuna izango duten mugikortasun alternatibo baten aldeko apustua berresten dugu EH Bilduko kideok, eta bide horretan, hori betetzeko proposamenak mahaigaineratzen eta lantzen jarraituko dugu.
Andu Martinez de Rituerto Arregi, Tolosako EH Bilduko udal taldearen bozeramailea