Intzidentzia altua den bitartean ekitaldi jendetsurik ez egiteko esan die Jaurlaritzak udalei

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 12a, 17:00
2020ko Tolosako inauterietako Zaldunita eguneko une bat.

400 kasuan jarri du langa, eta gainditua dute egun herri gehienek; ekitaldiak «bertan behera» utzi behar dituzte, edo «atzeratu».

Ostegunean Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan zuen COVID-19a hesitze aldera ezarritako osasun larrialdia bertan behera geratuko dela astelehenetik aurrera, eta ezarrita dauden murrizketa gehienak ere arindu egingo direla. Izurria kontrolpean izateko pentsatutako zenbait neurrik, ordea, indarrean jarraituko dute, eta Berria-k argitaratu duenez, gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak agindu bat atera du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalei esanez, 100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia metatua gainditzen badute, ez ekitaldi jendetsurik baimentzeko; aginduaren arabera, neurri «prebentiboak» bete ezin badituzte, «bertan behera» utzi behar dituzte ekitaldi horiek, edo «atzeratu», egoera epidemiologikoa hobetzen den arte. Langa horretatik gora daude egun udalerri gehienak.

Hain justu, Tolosako Udalak ostegun arratsaldean baieztatu zuen herrian inauteriak egingo zirela. Ostegun eguerdian Osakidetzak emandako datuen arabera, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 1.871ekoa zen Tolosan. Beraz, gaur Osasun Sailak emandako aginduak Tolosako inauterietan zer-nolako eragina izan dezakeen ikustear dago. Ostiral goizean, Tolosako Udalak ohar bidez jakinarazi zuen inauteriak ospatzea erabaki zuela, baina ez dela posible izango programazio osoa egitea. Eragileekin bilerak egingo dituzte datozen egunetan, eta ondoren iragarriko dute egitaraua.

Aginduaren zehaztapenak

Osasun Sailak zehaztapenak ere egin ditu gaur kaleratutako aginduan. Adierazi du prebentzio neurriak betetzeko zailtasun handienak egoten direla «jatea eta edatea» tartean daudenean, halakoetan maskara soinean ezin baita eduki. Kasu guztietan ere, «jendetzak» saihestera egin behar dela esan dute, eta horretarako ondo hautatu behar direla ekitaldi publikoak egiteko tokiak. Espazioak ondo «antolatu» behar direla adierazi dute, jan eta edanerako ahal dela aparteko tokiak bereizi behar direla. Gogoratu dute, baita ere, «kanpoan» egin behar direla ekitaldiak, ahal den guztietan.

Aireztapen egokiaren garrantzia ere nabarmendu dute, eta esan dute toki publikoetan CO2 neurgailuak erabiltzea komeni dela, horien bidez toki itxietan aireztapena ona dela bermatu ahal izateko.

Kalean maskarak beti soinean eramatea ez da orain beharrezkoa, baina immunoeskasiak dituzten pertsonei beti jarrita eramateko gomendioa egin diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!