Ikasleek gizartean zenbat behar dauden ikusi dute

Josu Artutxa - Eneritz Maiz 2021ko urr. 28a, 07:59

Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolak, Tolosako Udalarekin batera, Boluntariotza Azoka egin du Izaskun auzoan, parte hartze handiarekin.

Boluntariotza Azoka egin zuten, atzo, Tolosan. Inmakulada ikastolak Tolosako Udalarekin batera antolatutako ekimena izan zen, eta 750 ikasle pasa ziren Izaskun auzoan jarritako hemeretzi postuetatik. Tolosako ikastetxe guztiek parte hartu zuten.

Boluntariotza Azokaren helburua ez dela boluntariotza bakarrik nabarmendu zuen Ana Monje Inmakulada Ikastolako zuzendariak: «Ez da ikasleak apuntatu eta boluntariotzak ezagutzea, baizik eta guk nahi izan duguna da ikasleek gizartearen beharrak zeintzuk diren ezagutzea». «Herrira ekarri nahi izan dugu, eta ikasleak bertara gerturatu», esan zuen Monjek.

Hemeretzi boluntariotza erakunde gonbidatu zituen Inmakulada Ikastolak azokara, eta «beraien beharrak eta proiektuak» ikasleei azaldu zizkieten. Bertan boluntariotzaren zergatia eta zer dagoen boluntariotza horien atzean ikusi ahal izan zuten ikasleek, eta zeri erantzuten dioten. Tolosaldeko erakunde guztiak batzen ahalegindu dira ikastolatik: «Bakoitza mundu bat da, bakoitzak bere beharrak ditu, eta bakoitzak gizarteko bere arloari erantzuten dio».

Mota honetako ekimenak sistematizatzearen beharra azpimarratu zuen zuzendariak: «Askotan esaten dugu gazteak ez direla boluntarioak eta ez direla konprometitzen, baina askotan egiten zaien eskaintza ez da zuzena izaten». Une jakin baterako bi edo hiru boluntario behar direla eskaintzen zaiela jarri zuen adibide moduan, eta «horrek ez ditu gazteak harrapatzen».

Alderantzizkoa egin nahi izan dute Boluntariotza Azokarekin: «Hortik abiatu behar dugu, eta ni ziur nago hor zerbait berpiztu behar dugula gazteengan, eta hortik abiatu behar ditugu boluntariotzak». Gazteengana bideratzeko beste modu batera lan egin beharra dagoela esan zuen Monjek: «Nik uste dut hemendik gauza asko ikasi ditzakegula».

ERANTZUNAREKIN «GUSTURA»

Tolosako ikastetxe guztiek parte hartu zuten, eta aldez aurretik hitz eman zuten guztiak pasa ziren beraien txandak eta taldeak errespetatuz. «Pozik» eta «gustura» agertu zen Monje ikasleen aldetik jasotako erantzunarekin: «Oso giro onean, eta ondo ari da ateratzen guztia».

Erakundeen aldetik jaso duten erantzuna ere, «erabatekoa» izan dela zioen. «Beraiek gune hauek behar dituzte gazteekin konektatzeko. Zeren, bestela, beraiek beraien erakundeetan daude gazteak bertaratzeko zain, eta hori askoz ere konplikatuagoa», azaldu zuen.

«Gaurko esperientzian ikusten dut, goiz batean hainbeste gazteri beraien proiektua aurkeztea bera, hori bakarrik baldin bada ere, oso aberatsa dela» nabarmendu zuen Inmakuladako zuzendariak.

Aurrera begirako asmoak ditu buruan zuzendariak: «hau sistematizatzen baldin bada, gazteak gazteen artean, beraien artean, enpatia gehiago sentitzen dutela uste dut».

Azoka hauek bultzatzea nahi du Monjek, eta gazteak gizartera gerturatzea: «Ziur aski ez da formularik onena izango, baina bat bai. Hobekuntzak egiten joango gara, eta balorazioak ere egingo ditugu, eta aztertuko dugu», esan zuen.

Etor daitezkeen azoketan, orain ikasle moduan pasa direnak boluntario moduan postu ezberdinetan beraien esperientziak kontatzen ikustea gustatuko litzaioke irakasleari. Denbora beharko dutela badaki, baina ez du esperantzarik galtzen.

Erlazionatuak

«Azokako postu batek nire arreta bereganatu du»

Josu Artutxa - Eneritz Maiz 2021 urr 28 Tolosaldea

«Boluntarioak bilatzeko topagune egokia da azoka»

Josu Artutxa - Eneritz Maiz 2021 urr 28 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!