«Azokako postu batek nire arreta bereganatu du»

Josu Artutxa - Eneritz Maiz 2021ko urr. 28a, 07:58

Azokara gerturatu ziren ikasleetako bat izan zen Iraitz Salazar. Azoka bisitatu aurretik zuena baino inpresio hobearekin itzuli zen etxera Gainberri institutuko ikaslea, noizbait, boluntario modura lan egiteko prest egongo litzakeela gaineratuz.

Zein asmorekin bertaratu zara azokara?

Motibazio handirik gabe etorri naiz, azalpen gehiegi entzungo nuelakoan edo. Inoiz ez nintzen horrelako ekimen batean egon, eta beraz, zerbait berria izan da niretzat. Hala ere, esperientzia ona izan da, nahiko aberatsa, eta batez ere, bertako giroak erakarri nau gehien. Ondorioz, esan dezaket, apur bat konbentzituta noala etxera.

Eta zer da bertan topatu duzuna?

Egia esan, uste nuena baino interesgarriagoa izan da. Egon naizen postuetako batek nire arreta bereganatu duela esan dezaket, Inmakulada Lanbide Heziketako Ikastetxearenak, hain zuzen. 8 eta 14 urte bitarteko atzerritarrei begirako proiektu baten inguruan aritu zaizkit. Emandako azalpenak eta lan egiteko duten modua oso interesgarriak iruditu zaizkit.

Egunen batean boluntario modura ikusten duzu zure burua?

Ez dakit. Oraingoz ez nuke baiezkorik emango, baina hemendik urte batzuetara, uste dut moldatu naitekeela modu horretara lan egiteko. Herritarrei edozein laguntza mota emateko prest egongo nintzateke, batez ere, haurrei; horiekin egoteko eta lan egiteko abilezia dudala esango nuke.

Erlazionatuak

Ikasleek gizartean zenbat behar dauden ikusi dute

Josu Artutxa - Eneritz Maiz 2021 urr 28 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!