«Boluntarioak bilatzeko topagune egokia da azoka»

Josu Artutxa - Eneritz Maiz 2021ko urr. 28a, 07:56

Boluntarioekin lan egiten duten 19 erakunderen postuak bisitatu ahal izan ziren azokan. Horietako batean izan ziren Erlantz Bilbao eta Julen Fuentes, Asebier elkarteko kideak.

Zer da Asebier eta zertan aritzen zarete lanean?

Erlantz Bilbao: Gaixotasun arraroen eta bizkarrezur bifidoaren EAEko erakundea da. Gaixotasun bat arraro bezala identifikatzeko, 2.000 lagunetik batek baino gutxiagok pairatu behar dute. Hori dela eta, gaixo horien eta bere familien bizi-kalitatea hobetzea da gure helburu. Horretarako, hainbat ekimen antolatzen ditugu: sentsibilizazioa, autonomia pertsonala, aisialdia, kirol egokitua... Hitzaldiak ere eskaintzen ditugu ikasketa zentroetan. Azken batean, gaixo dagoen pertsona eta ingurukoak osotasunean tratatzen dira.

Horrelako azoka batean parte hartzen duzuen lehen aldia da?

E. B.: Tolosaren kasuan, bai. Bilbon, adibidez, askotan parte hartu dugu. Garrantzitsua da horrelako ekitaldiak aurrera eramatea, erakunde guztiek boluntarioak behar dituztelako, eta horiek bilatzeko, topagune egokia da.

Julen Fuentes: Ez bakarrik boluntarioak topatzeko. Gure kasuan, gaixotasun arraroen inguruan herritarrek duten informazioa oso eskasa da. Medikuek nahiz osasun zentroetako langileek ere ez dituzte behar bezala ezagutzen. Gai honekiko ezjakintasuna handia da. Horregatik, jakintza hori aberasteko aukera izaten ari gara, gazteek ere horri buruz zerbait jakitea beharrezkoa iruditzen zaigulako.

Boluntarioen beharra beraz, handia da zuen kasuan.

J. F.: Egunerokoan egiten ditugun jarduera guztietarako behar ditugu boluntarioak, bestela ezinezkoa litzateke erakundea aurrera eramatea.

Erlazionatuak

Ikasleek gizartean zenbat behar dauden ikusi dute

Josu Artutxa - Eneritz Maiz 2021 urr 28 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!