ERREPORTAJEA

Axola zuen katea

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 24a, 07:58
Felix Ruiz de Arkaute. ARANZADI

Gutxik zuten leizeetarako bere zaletasunaren berri, eta ia inork ez daki Euskal Herriko espeleologia irauli zuela. Gaur 50 urte bete dira Felix Ruiz de Arkaute tolosarra San Martingo Harria haitzuloan hil zela; naturaren indarra bere baitan zuen espeleologoa izan zen.

Lurpeko barrunbe naturalak aztertu, esploratu eta dokumentatzea helburu duen zientzia eta kirol-jarduera da espeleologia. Lan horietan aritzen direnak, berriz, espeleologoak dira, ikerketa askoren atzean, itzalean jarduten dutenak. Jarduera hau, ordea, oso ezezaguna da askorentzat. Zergatik? Askotan bizitza arriskuan jartzearen arrazoia izan daiteke nagusiena. Halakorik gabe, ordea, ez genuke Euskal Herriko nahiz inguruko leize, lurpeko ibai eta haitzuloen berri izango.

Felix Ruiz de Arkaute Van Der Stucken (Anberes, Belgika, 1927 - Larra-Belagua, Nafarroa, 1971) izan zen horren errudun nagusietako bat. Ama belgikarra zuen, aita, berriz, tolosarra, eta hainbat urte eman zituen hemen bizitzen. Zientzia honen arlo klasikoena (puntako esplorazioa) zen bere espezialitatea, atzetik etorriko ziren beste ikerlariei bide berriak irekitzea, alegia.


Felix Ruiz de Arkaute  espeleologo tolosarra.  ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA - ALBERTO VILLAR

Espeleologoa, topografoa, geologoa eta argazkilaria izan zen, eta sakonerako munduko errekorrak hautsi zituzten hainbat esplorazioetan hartu zuen parte. 1953an, Gouffre Berger (Frantzia) haitzuloa aurkitzen eta esploratzen hartu zuen parte, hainbat kiderekin batera. -1.000 metroko sakonerara heltzea zen helburua, eta lan gogorra egin zuten uztailean, leizea -900 metrotaraino ekipatuz. Abuztuan, berriz, -1.122 metroko sakonerara heldu ziren eta munduko leizerik sakonena izendatu zuten; Arkautek, ordea, ez zuen azken espedizio hartan parte hartu, bere emaztea haurraren esperoan zegoelako.

Grenoblen ikasten ari zela izan zuen lehen harremana espeleologiarekin; 1951n, Aranzadin sartu zen, 20 urtez bide-egile izateko


Gaur, hilak 24, 50 urte bete dira Ruiz de Arkaute Larra-Belagua (Nafarroa) mendiguneko San Martin Harria leizeko sistemaren esplorazioetan hil zela. «Tolosan ezezaguna izan arren, espeleologo erreferentea da Europan eta mundu mailan», nabarmendu du Iñaki Zubeldia idazleak. «Inor gutxietsi gabe, baina pilota baten atzetik korrika egingo balu edo Himalayako gailurrak eskalatuko balitu, gehiago jakingo genuke haren lorpenen inguruan», gaineratu du.

Batetik bestera, bide berrietatik

Lovainan (Belgika) hezi zen Ruiz de Arkaute. Haur eta nerabe ekintzailea izan zen, izaera askekoa, bere kasa ibiltzeko zaletasuna zuena. Bere aita, La Esperanza paper fabrikako jabeetako bat zen; hori dela eta, Grenobleko (Frantzia) papergintza eskola teknikoan egin zituen ikasketak. Bertan, gainera, espeleologiaren berri izan zuen, Vercors mendigunean eta Alpeetan. Dent de Crolles mendiko haitzuloen esplorazioan parte hartzearen ondorioz, inork sekulan zapaldu gabeko eremuetan sartzearen lilurak bereganatu zuen betiko.

1951ko neguan, Tolosara etorri zen, bere familiaren paper-fabrikaz arduratzera. Urte berean, Aranzadi Zientzia Elkartean sartu zen, Espeleologia Sailean, eta Jesus Elosegirekin, Juan San Martinekin eta beste lagun batzuekin batera, Oñatiko Gesaltza-Jaturabe-Arrikrutz sistema esploratu eta bertako leizearen ikerketa geologikoa eta topografikoa burutu zuen. 1953ko urrian, eskualdean izandako uholdeetan, bere teknika baliatuz, ontzi pneumatikoa atera eta farolaz farola rappel eginez lortu zuen lantegira iristea.

Gerora, Lizarrako eta Iruñeko espeleologoekin, Urbasa eta Andia inguruko leizeak nahiz XX. mende hasieratik eta gaur arte esploratzen ari diren Gorbeiako Mairuelegorreta (Zigoitia) labirinto amaigabea ikertzen aritu zen. 1955ean, Gipuzkoako sakontasun handiena erdietsi zuen Aitzbeltzen (Mendaro). 1956an, berak proposatuta, I. Euskal Espeleologia Jardunaldiak antolatu zituen Aranzadik, Arantzazun (Oñati). Estatu mailako lehen espeleologia kongresua izan zen, eta espeleologoen arteko harremanak estutzea eta informazioa trukatzea ziren asmoak. 60 hamarkadaren erdialdean, Euskal Espeleologia Elkartea sortu zuten; Ruiz de Arkaute izan zen bultzatzaileetako bat.

Bestetik, 1958ko apirilaren 4an, Karrantzako (Bizkaia) La Torca del Carlista izeneko leizea (Bizkaiko putzurik sakonena) ikertu zuen (-355 metro); bere zuzendaritzapean egin zen lehen jaitsiera hura. «Jaitsiera zaila bezain arrakastatsua izan zen, eskala metalikoak erabili baitziren, eta ordu askoren ondoren, zorua zapaltzea eta barrunbe erraldoi haren neurriz kanpoko handitasunaz jabetzea lortu zuten. Gainera, espedizio honek egin zuen lehen krokis topografikoa», adierazi du idazleak. Urte horretan bertan, han egin ziren Euskal Espeleologoen III. Jardunaldiak, eta leize horretan dagoen Jon Arana izeneko gela munduko handiena da: 97 metroko altuera, 497 metroko luzera eta 287 metroko zabalera ditu.



Euskal Herrian nahiz nazioartean, ehunka espediziotan hartu zuen parte tolosarrak, punta-puntako espeleologoekin batera, haitzulo gehienetan sakonera handiko bideak irekiz. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA - JESUS ELOSEGI IRAZUSTA

Gustukoena egiten, toki gogokoenean

San Martingo Harria zen Ruiz de Arkauteren leize gogokoena. Bertan, Europako barrunberik handienetakoak esploratu zituen, adibidez, La Sala de la Verna izenekoa. 194 metroko altuera eta 245 metroko zabalera ditu, 5 hektareako azaleran. Marcel Loubens (frantziar espeleologiako ereduetako bat) lagunarekin joaten zen hasieran. Hura, baina, 1952ko abuztuaren 15ean hil zen haitzulo hartan.

1965 eta 1966 urteen artean, L'Association pour la Recherche Spéléologique Internationale á la Pierre-Saint-Martin (ARSIP) elkartea sortu zuten hainbat espeleologok; horien artean zen Ruiz de Arkaute. Elkarlanak emaitza bikaina eman zuen, eta urte berean Basabürüko leizea aurkitu zuten Auñamendin (Nafarroa). Aurkikuntza hari esker, San Martingo Harria leizeko sistemaren esplorazioak azkartu ziren, eta eginiko prospekzioetan hainbat haitzulo berri aurkitu ziren; tartean, Lonné-Peyret izena eman zitzaion Larrako bigarren lurpeko sistema handirako sarrera, gerora, mundu osoko espeleologoen arreta erakarri zuena.

Bazirudien espeleologo tolosarrak Loubensekiko zorra kitatu nahi zuela, eta harekin hasitako bideari jarraipena eman nahi izan zion. Horrela, 1971ko uztailaren 24ko espedizioan heldu zen ezbeharra; aurrez, familiari agindu zion hura izango zela bere azken urtea leku hartan, 43 urte zituelako. Leize amaiezin eta misteriotsua aztertzen jarraitu nahi zuen. Egunak zeramatzan, beste hiru lagunekin batera eta 717 metroko sakoneran, lur azpiko ibaiak osatzen zuen sare hidrologikoa esploratzen. Halako batean, hamabi metroko ur-jauzi bat zeharkatu nahian, segurtasun automatikoa blokeatu zitzaion, eta mugitu ezinik geratu zen, hogei bat minutuz, bi gradutan zegoen uraren azpian zintzilik. Espedizio-kide bat hurbildu zitzaion laguntzera, baina erori eta orkatilak hautsi zituen. Leher eginda, agonia-egoeran eta askatzeko ahalegin betean, bihotzekoak jota hil zen tolosarra, berak gehien maite zuen tokian.

Talde ugarik hartu zuten parte Ruiz de Arkauteren gorpuaren erreskatean. Lau egun eta lau gau behar izan zituzten Felixen gorpua ateratzeko, eta leizeko hainbat puntu dinamitaz lehertu behar izan zituzten. Berak utzitako arrastoa bezain sakona izan zen bere heriotzaren astindua. Orain, mundu osoko espeleologoen artean erabiltzen da tolosarrak San Martingo Harriako esplorazioetan idatzitako esaldi bat, lurpean ezinbestekoa den talde-lana azpimarratzeko: «Kate maila ez da deus: kate osoa da beharrezkoa».

Ezohiko espeleologoa


Arrikrutz haitzuloan, Felix Ruiz de Arkauteren izena daraman galeria bat dago; bihar, ‘Ataria.eus’-en ikusi ahal izango da tolosarraren inguruko dokumentala. ASIER IMAZ

Bistakoa da Euskal Herrian nahiz nazioartean izandako lurpeko esplorazio garrantzitsu ia guztietan parte hartu zuela Arkautek. Bere lanak eta kontaktuek muga zeharkatzea ahalbidetzen zioten, eta horiei esker ekarri zituen hegoaldera bertan lortu ezin ziren Erdialdeko Europako teknika eta material aurreratuenak: aluminiozko zurubiak, nylonezko sokak… Horien artean nabarmenena, lehen aipatutako eskala metalikoa eta Henry P. Guerinen eskuliburua izan ziren. Gainera, trebakuntza teknikoko ikastaroak eskaini zizkien bertako espeleologoei. Modu naturalean, mugaren bi aldeetako espeleologoen arteko zubi bilakatu zen.

Ezagutu zuten guztiek diote ezohiko pertsona zela. Izaera berezia omen zuen, kritikoa, erraz haserretzekoa eta batzuetan jasanezina zen, baina era berean, adiskide ona, zintzoa, eskuzabala eta argi hitz egiten zuena. Kobazuloko lagunen arabera, «bere baitan zuen naturaren indarra, eta estalaktita guztiak jausiarazteko moduko ahotsa; taldearen lider naturala zen, beti azken tokian joaten zena».

Besteak beste, espeleologia taldeen arteko elkarlana sustatzeko bere trebeziagatik eta talde-lanaren garrantzia agerian uzten duen ondorengo esaeragatik egin zen ezagun tolosarra: katebegia ez da ezer, axola duena katea da. Zubeldiaren hitzetan, «gizon garrantzitsua» izan zen euskal espeleologian. «Garaiko espeleologorik onenetarikoa zen. Irrikaz bizi zuen zaletasuna, eta berekoikeriaren gainetik, taldearen indarguneetan sinisten zuen. Aitzindaria eta bide-egilea zen, lagunen laguna, naturaren edertasun ezkutua liluraz eta begirunez maite zuena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!