ELKARRIZKETA

«Espeleologo handi bat galdu genuen, ez soilik Euskal Herrian»

Asier Imaz / Josu Artutxa 2021ko uzt. 24a, 07:56
Iñaki Zubeldia idazle ikaztegietarra. ASIER IMAZ

Felix Ruiz de Arkaute euskal espeleologian erreferentziazko pertsona izan zela dio Iñaki Zubeldia (Ikaztegieta, 1945) idazleak. Ruiz de Arkautek irekitako bideari esker, Oñatiko Arrikrutz haitzuloan, leizeetako lehoi baten eskeletoa aurkitu zuen berak; Gipuzkoan inoiz egin den aurkikuntza nabarmenetarikoa izan zen.

Noiz izan zenuen lehen harremana Felixekin?

Arantzazun, ikasle nintzela. Lagun batekin etorri zen, Pierre San Martinen dagoen 360 metroko erorketa duen leize zuloko esplorazioari buruzko La Riviére sans Étoiles film laburra proiektatzera. Orduan kontatu zigun leize hartan hil zela Marcel Loubens, espedizio hartako kideetako bat eta garai hartako espeleologo handienetakoa. 24 orduz konortea galduta izan zutela, eta haren erreskatea zaila izango zenez, bertan uztea erabaki zutela eta handik urtebetera baliabide hobeekin atera zutela aipatu zuen. Horrela ezagutu nuen Felix, eta harrituta utzi ninduen zein lekutan eta nola ibiltzen zen ikustean; balentria handiak egiten zituen.

Grenoblen ikasten ari zela izan zuen lehen harremana espeleologiarekin; 1951n, Aranzadin sartu zen, 20 urtez bide-egile izateko

Nolakoa izan zen bigarren kontaktua?

Oñatiko Arrikrutz leizean fraile batzuek lehoi baten eskeletoa topatu zutela jakin ondoren izan zen. Felix harrituta geratu zen, lehoiaren eskeletoraino iristea lortu genuelako. Planoetan ez zen galeria haren arrastorik agertzen, bere buruan ez zen existitzen, baina aurkikuntzaren berri izan zuenean, interes handia azaldu zuen. Gogoan dut nola esaten zuen umoretsu: «Planoak ateratzen eta topografia guztia egiten hilabeteak igaro ondoren, frailekume hauek lehoia aurkitzeak izorratzen nau gehien».

Zein harreman du Felixek Arrikrutzekin?

Harreman handia du. 1955 inguruan, Jexux Elosegi, Juan San Martin eta Felix bera, bertako sistema hidrologikoa topografiatzen eta ikertzen aritu ziren, eta beraiek egindakoak dira lehen planoak. Are gehiago, lehoiaren eskeletoa zegoen galeriara iristeko ez zitzaien asko falta izan; 60 metro inguru besterik ez. Bere planoetan, La sala de los postes telefericos deitzen zion itxita aurkitu zuten azken gelari, lauzpabost metrotako bi estalagmita zituelako. Gela osoa miatzen aritu ondoren, itxita zegoela pentsatu zuten.

Hala ere, ez ziren ohartu txoko batean lurreraino heltzen ziren estalaktita ugari zeudela. 1966an, Jesus Manuel Maroto eta biok bertan galdu ginen egunean, estalaktiten azpitik antortxa bat sartu eta galeria zuri eder bat ikusi genuen beheran. Estalaktiten azpitik zulo handiagoa egin eta bidea zeharkatuz, eskeletoaren gelaraino heldu ginen; ausartak izan ginen eta bertan topatu genuen eskeleto hura. Hasieran, gainera, leizeetako hartza zela uste genuen.

Iñaki Zubeldiak eta Jesus Manuel Marotok, Arrikrutz haitzuloko gela batean aurkitutako leizeetako lehoiaren eskeletoa. Iraila inguruan kaleratuko du Zubeldiak ‘Lehoiaren atzaparretan galduta’ liburua. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA

Baina ez zen horrela. Nola jakin zenuten hura zer zen?

Galduta ibili ondoren, goizean Arantzazura itzuli, atseden hartu eta eguerdian fraileen liburutegira joan nintzen. Gipuzkoan dagoen liburutegi onenetako bat da. Ez dut gogoan hartu nuen liburuaren izena, baina Esqueletos de animales prehistoricos edo antzeko zerbait izango zen. Ursus spelaeus edo leitzeetako hartzaren eskeletoa aurkitu nuen, baina ohartu nintzen ez zela guk ikusi genuenaren berdina. Burezurra zabalagoa eta handiagoa zuen, beste forma batekoa. «Beste zerbait da!», esan nien berehala lagunei.

Handik pixka batera, irteera gehiago prestatu genituen, pizti handi haren eskeletoa zegoen lekura. Horietako batean, kolokan zuen hagin bat hartu eta Jesus Altuna Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoari eman genion. Hura ohartu zen leizeetako lehoi baten hezurdura zela. Espainian aurkitu zen lehen eskeleto osoa izan zen, Europan hirugarrena, eta aurkitu den ia osoena, %97arekin topo egin genuelako.

Noiz izan zenuen azken aldiz Ruiz de Arkauteren berri?

Prentsa bidez izan zen, 1971ko uztailaren 25ean, bere heriotzaren biharamunean. Pierre San Martineko hidrografia topografiatzen ari zen; sistema hidrologiko ikaragarria dago bertan, erreka handiekin. Europako gela handienetakoa ere bertan dago.

Nola jaso zenuen albistea?

Ez nuen hartu-eman estua berarekin, baina noski, ezaguna nuen. Horregatik, tristura handia eta pena izugarria sentitu nuen, espeleologo handi bat galdu genuelako, eta ez Euskal Herrian bakarrik, baita Europan ere. Gizon oso jatorra zen, lagunkoia, atsegina...

Erlazionatuak

Axola zuen katea

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 uzt 24 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!