ELKARRIZKETA

«Errekonozimendu bat merezi zuen, eta merezi du oraindik»

Asier Imaz / Josu Artutxa 2021ko uzt. 24a, 07:57

Aranzadiren bidez ezagutu zuen Felix Ruiz de Arkaute Rafael Zubiriak (Donostia, 1951), eta gerora, gertutik jarraitu zuen tolosarraren espeleologia ibilbidea, baita haren gorpuaren erreskatea ere. Erreferentziazko pertsona bat zela dio, izaera gogorrekoa, eta aldi berean, umoretsua. Rafael Zubiria Mugika espeleologoa eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da.

Nola ezagutu zenuen Felix Ruiz de Arkaute eta zein harreman zenuen berarekin?

Aranzadi Zientzia Elkarteko Espeleologia Sailean nengoenean hasi zen erlazioa. Bera gu baino helduagoa zen; gu oso gazteak ginen oraindik. Noizbehinka, ekintza edo irteera interesgarriak egiten genituenean, gurekin etortzen zen. Oso gogotsua zen, espedizio batean parte hartzeko denbora edo aukera zuen bakoitzean, izena berehala ematen zuen horietakoa.

Zer zenekiten berari buruz?

Batez ere, San Martingo Harriara egindako espedizioengatik izan genuen beraren berri. Hainbat egonaldi egiten zituen atzerrian, batez ere Belgikan. Erreferentziazko pertsona bat zen guretzat.

Zergatik?

Etengabeko kontaktua zuen Europako espeleologia talde ezberdinekin: Frantzia, Belgika... Garai haietan, bi herrialde horietan punta-puntakoa zen espeleologia; aurreratuenak ziren, talde indartsuenak zituzten. Bera gugana etortzen zen espeleologian erabiltzen ziren teknika aurreratuen berri ematera, eta horrek interes handia sortzen zigun.

«Etengabeko kontaktua zuen Europako punta-puntako espeleologia taldeekin, aurreratuenekin»

Askok diote Euskal Herriko espeleologia eraberritu zuela. Baina, zer egin zuen konkretuki?

Orduan, oraindik, aluminiozko hoditxoak zituzten kablezko eskalak erabiltzen genituen, baina berari esker, igoerak eta jaitsierak egitean soka blokeatzen zuen pieza bat lortu genuen, Frantzian sortutakoa. Zintzilik geratzea ahalbidetzen zuen horrek, eta norbait igotzen edo jaisten ari zen bitartean, beste pertsona bat horri segurtatzen egotea ekiditen zuen. Une berean, jaitsieratarako mosketoia azaldu zen. Balazta bat zen, eskalatik jaitsi beharrean, rapel eginez jaistea ahalbidetzen zuena. Berrikuntza hauek espedizioak arintzea eragin zuten, sokak eta berari esker ekarritako erremintak soilik erabiltzen zirelako.

Elkar ezagutzera heldu zineten?

Bai. Haitzuloetara joaten zarenean, ordu ugari igarotzen dituzu espedizioko gainerako kideekin, eta beraz, hala egokitu zitzaidan. Izaera gogorreko pertsona zen, baina aldi berean, oso umoretsua.

Nola izan zenuen 1971ko uztailaren 24an gertatutakoaren berri?

Etxean esnatu nintzenean, nire amak egunkarian jada irakurri zuen Felix hil zenaren albistea. Kolpe latza izan zen guretzat. Gainera, bagenekien gure saileko lankide batekin batera joan zela, eta beraz, ez genekien ezer lankideari buruz. Aranzadira joan ginen, eta Felixekin hainbat espediziotan batera aritutakoak ere bertaratu ziren. Gau hartan, hiru ordezkari bertaratu ginen Izabara; orduan, Ipar eta Hego Euskal Herria elkartzen zituen errepidea egin gabe zegoen oraindik, eta beraz, urrun eta isolatuta geratzen zen gunea zen. Bertan azaldu ziguten erreskateko maniobrarako Europako profesional onenak jada lanean ari zirela; ez zuten laguntzarik behar. Ondorioz, leizearen sarreran itxaron genuen. Egun bat pasatxo geroago atera zuten gorpua.

«Oso konplexua izan zen erreskatea; oraindik neoprenoarekin zegoen, puztuta balego bezala»

Eta bertan zegoen zuen saileko lankidea? 

Alberto Villar zen bera. Felix, Alberto eta frantziar espeleologo bat ziren espedizioko kideak. Azken biak, baina, ez zuten elkar ulertzen; Felix zen horretarako taldekidea. Felix zintzilik geratu zenean, ez zekiten zer egin, baina frantziarrak bigarren bide bat ireki, Felix heldu eta ur jauzitik ateratzea pentsatu zuen. Taldekideari heltzeko ahaleginetan ari zela, ordea, ur jauzitik behera erori zen. Alberto, ondorioz, bakarrik geratu zen. Behetik gora igo zen, eta haitzuloaren kanpoan zeuden kideei eman zien ezbeharraren albistea.

Nola gogoratzen duzu erreskatearen unea?

Oso konplexua izan zen. Ia bi egun behar izan zituzten gorpua bertatik ateratzeko. Oraindik neoprenoarekin zegoen bera, eta hil zenetik ordu batzuk igaro zirenez, puztuta balego bezala zegoen. Ezin zuten sarreratik atera, oso estua zelako. Orduan, dinamita erabiliz birritan zulatu behar izan zuten eremua. Kanpoan, forentse bat zegoen zain. Handik gertu zegoen artzain baten etxolara eraman genuen, eta azterketa txiki bat egin zion hark, hilketaren txostena egin aurretik.

Beste arazo bat ere izan genuen. Frantziar lurretan zegoen, eta beraz, ez zen batere erraza hildako bat euskal lurretara ekartzea. Nafarroako Gobernuak anbulantzia bat bidali zuen, baina beherago zegoen mendi-aterpean gelditu behar izan zuen, errepidea egin gabe zegoelako oraindik. Azkenean, gorpua bertaratu eta anbulantzian eraman ahal izan genuen, lehenik Iruñera, eta ondoren, Tolosara.

Nolako aztarna utzi du Ruiz de Arkautek?

50 urte pasa dira, hori bai, azkar. Gazteek ez dute ideiarik nor izan zen eta zer egin zuen. Guretzako, ordea, espeleologian lan handia egin eta berrikuntzak ekarri zituen lagun bat izan zen. Errekonozimendu bat merezi zuen, eta merezi du oraindik.

Erlazionatuak

Axola zuen katea

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 uzt 24 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!