Inauteririk gabeko Ostegun Gizena

Ataria 2021eko otsailaren 11

Plaza Zaharra ez da inoiz hain hutsik ikusi Ostegun Gizen eguerdian; gaurkoan, lasaitasuna izan da nagusi kaleetan goiz osoan zehar.

Ez da inauteririk ospatuko aurten eta ez da kaleko festarik izango datozen egunetan. Ostegun Gizena behar zuen izan gaur bere txaranga eta bere festarekin, baina ez da posible izan. Goizean goizetik jendea kalean ibili da, baina ez txilaba jantzita, baizik eta beste edozein ostegun izango balitz bezala.

Balkoi bakanen batzuk apaindu dituzte herritarrek, inauteri giro hori mantendu nahian, baina gutxi izan dira txilaba jantzita kalera ateratzera ausartu direnak. Eta are gutxiago eguerdiko 12:00etan, txupinazoa lehertzeko garaia zenean, Plaza Zaharrera gerturatu direnak ere. Batzuk bai, batzuek aprobetxatu dute ordu inguru horretan plazatik pasa eta zegoen giroa ikusteko. Baina kazetariak soilik ziren plaza erdian geldirik zeudenak. Izan ere, 11:30ean udalak prentsaurrekoa eskaini du udaletxean.

Poteorako garaia iritsi denean ere, lasaitasuna izan da nagusi Tolosako kaleetan. Euskal Herria plazako tabernen terrazetan bildu da jende gehien, lauko mahaietan eta eserita. Hortik aurrera, bakoitzak bere modura biziko du festa, festarik ez badago ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!