Tolosako Udalak eta ostalariek bilera egin zuten atzo arratsaldean eta gaur agerraldi bateratua egitea adostu zuten. Agerraldian herritarrei egiten diete dei neurriak "zorrotz" betetzeko eta "herritarrei elkarlana, laguntza eta erantzunkidetasuna" eskatuz. Inauteri giroa ekiditea da helburua eta beraz, ostalariek adostu dute inauterietako doinurik ez jartzea eta Ostegun Gizenean ohikoak diren txistorra pitxorik ez banatzea.
Tolosak eremu gorrian jarraitzen duela gogoratu dute; "ezin gara lasaitu eta guztion hobe beharrez neurriak zorrotz jarraitu behar ditugu, jende pilaketak ekidin, zuhurtziaz, arduraz eta elkartasunez jokatu, indarrak batuta, guztiok bat eginda egoerari eusteko".
Datozen egunetan ostalariek neurriak zorrotz beteko dituztela esan dute eta herritarrei indarrean dauden neurriak errespetatzen laguntzeko eskatu diete. Indarrean dauden eta ostalaritzan bete behar diren neurriak gogoratu dituzte, era berean. Hau da terrazen edukieraren %100ean bete behar dela eta barruan %50ekoa; pertsonen arteko distantziak mantendu behar direla; soilik eserita kontsumitu behar dela, eta gehienez lauko taldetan; musukoa edateko eta jateko kendu behar dela bakarrik; eta tabernek 20:00etan itxiko dutela. Era berean, ez erretzeko gomendioa egin dute.
Zentzu horretan Javi Arroyo ostalariak esan du edozein asteburu balitz bezala ariko direla lanean eta normaltasuna mantentzen saiatuko direla. "Neurriak beteko ditugu eta errespetuz ariko gara".
Elkarlanean
Asteartera bitarte zaintza lanak areagotuko dituztela esan du Tolosako Udalak, bai herriko sarrera-irteeretan, garraio publikoetako geltoki eta geralekuetan eta baita jende pilaketak eman daitezkeen guneetan ere.
Prebentzioari lotuta saioak egin dituzte herriko ikastetxeetan, gurasoei gutuna bidali zaie eta kale hezitzaileak ariko dira kalez kale. Tolosara ez etortzeko deia luzatu diete ere inguruko herritarrei eta eskualdeko alkate guztiek jaso dute horri buruzko gutuna.
Elkarlanari lotuta udalak esan du modu koordinatuan lan egingo duela ostalariekin, "elkar laguntzeko, elkarrekin egoerari eusteko".
Jairik ospatuko ez denez merkatariek normaltasunez lan egingo dute datozen egunetan eta kiroldegia zein Gazte Topagunea zabalik egongo direla gogoratu dute. Eta baita kultur eskaintza areagotu dutela ere.