Aurrerantzean, Factory Logistica enpresak emango du Leidor aretoko zerbitzua

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 7a, 12:03

Pasa den udan Factory Logistica SL-ri esleitu zion zerbitzua udalak, baina errekurtsoa jarri zuen orain arte Leidorreko zerbitzua eman duen Molatu Produkzioak SL enpresak. Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak, ordea, udalari eman dio arrazoia.

Leidor aretoan antolatzen diren jarduera sozio-kulturalak antolatzeko zerbitzua kontratatzeko lizitazioa martxan jarri, eta Molatu Produkzioak SL enpresak ezarritzako errekurtsoaren harira, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) egindako ebazpenaren ondoren, pleguak berregin ziren, eta berriro ere martxan jarri zen esleipen prozesua.

2020ko Abuztuaren 10ean Factory Logistica enpresari esleitu zitzaion zerbitzua. Orduan ere, errekursoa jarri zuen Molatuk. Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak, ordea, udalari eman dio arrazoia, eta beraz, Factory izan da lehiaketa irekia irabazi duen enpresa. Gauzak horrela, gaurtik aurrera hasiko da zerbitzua ematen Leidor aretoan.

Molatu Produkzioak SL enpresa 2017ko martxotik aritu da Leidor aretoko zerbitzua ematen. Orduko hartan, Tolosako Udaleko lehiaketa publikoan ustez gertaturiko irregulartasunak salatuz, epaitegietara jo zuen enpresak, eta Hirutek enpresa lehiaketatik kanporatu ondoren lortu zuten esleipena.

Gerora, 2019ko azaroan, Leidor kudeatzeko lehiaketa publikoa bertan behera uztera behartu zuten udala. Molatu Produkzioak S.L. Enpresak urte hartako abuztu amaieran ezarritako errekurtso bat medio, bertan behera utzi zuen udalak Leidor antzokiko jarduerak kudeatzeko lehiaketa publikoa.

Molatu Produkzioak SL enpresaren agur mezua:

Erregeen opari gisa iritsi da etapa honen amaiera. Atzo Leidor Aretoan gure lana amaitu genuen. Eta pena eta pakea parean sentitu genituela esan genezake. Ezin da beti Goliaten aurka aritu.

Asko ikasi dugu urte hauetan. Eta askori aurrez aurre eta kafe batekin xehetasun asko emateko moduan izango gara noski. Despotismoaz eta harrokeriaz. Inkoherentziaz eta arduragabekeriaz. Baita iragan gertukoan kritikatu genuen eta urte hauetan profesionaltasuna lehenesten jakin duen jendeari buruz. Asko baitago kontatzeko, eta akaso baita borrokatzeko ere. Baina nekatu gara.

Tristeena zera da, Leidor erabiltzen ez duen jendea izan dela egoera hau behartu duena. Baina euren interes eta gogoaren gainetik, espazio zoragarri honek jarraituko du izaten kulturaren bilgune, eta kulturgile eta kultura kontsumitzaile garen guztiontzat, baita leku kuttun eta berezia ere.

Agurtu aurretik eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan hemen izan zaituztegun erabiltzaileei. Ikusle zein oholtza gainera igo zaretenoi. Teknikariei, promotoreei eta gurekin elkarlanean aritu diren programatzaileei. Plazera izan da, eta ahalik eta ondoen lan egiten saiatu gara.

Laster arte!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!