Leidor kudeatzeko lehiaketa publikoa bertan behera uztera behartu dute Tolosako Udala

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko aza. 15a, 11:15

Molatu Produkzioak S.L. Enpresak abuztu amaieran ezarritako errekurtso bat medio, Tolosako Udalak bertan behera utzi du Leidor antzokiko jarduerak kudeatzeko lehiaketa publikoa. Hala jakitera eman du Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren ebazpenak, aste honetan.

Leidor aretoa kudeatzeko azken esleipena joan den maiatzean amaitzen zen. Molatuko kideek azaldu dutenez, lehiaketa berri baterako deialdirik ezean, kontratuaren luzapen baten esperoan zeuden baina, azkenean, udalak abuztuan egin zuen publiko Leidorren ardura hartzeko lehiaketa berria.

 

Ordea, pleguko baldintzak irakurtzen hasi, eta “aurkeztu ere ezin” zutela egin ikusi zuten, egungo kudeatzaileek, kaudimenari edo eskaera ekonomikoei zegozkion irizpideei begira: “Baztertzaileak ziren”. Batetik, lehiatu ahal izateko, enpresa esleipendunak gutxienez hiru aretoren kudeaketaren ardura izan behar zuen bere gain; horrekin batera, urtean 300.000 euroko fakturazio bolumena baldintzetako bat zen. Halaber, esperientzia neurtzeko 36 puntuak ere zalantzazkotzat jo zituzten, berriz ere 3 kontratu desberdin izatea eta kontratu bakoitza 50.000 eurotik gorakoa izatea eskatzen baitzuen pleguak.

 

Molatuk salatu zuen, gaur egun, Gipuzkoan, enpresa bakarrak eskaintzen duela zerbitzua hiru aretotan, eta lehiaketako baldintzek gainerakoak kanpoan uzten zituztela zuzenean. Horrekin batera, gaur egun aretoan zerbitzua eskaintzen ari den enpresa kaudimen irizpideetan ez sartzea ere ez zitzaien egokia iruditu. “Lizitazio lehiaketak dituen aurrekariak ikusita, hiru urte beranduago, babesik gabe ikusi genuen geure burua, eta epaitegietara jotzera behartuta”.

 

Egoera horren aurrean, lehiaketako pleguei errekurtsoa jartzeko erabakia hartu zuen Molatuk, abuztuaren 30ean, eta zain geratu ziren lehiaketako epea bukatu arte. Bitartean, eta Leidor kudeatzeko azken lehiaketaren inguruan sortutako ika-mikak kontuan hartuta –epaiak argi ebatzi zuen lehiaketako antolatzaileek Hirutek enpresaren mesedetan jokatu zutela–, Molatu Tolosako alkatearekin zein udalbatzako beste bi alderdietako ordezkarirekin elkartu zen, beren ezustekoa azaltzeko eta errekurtsoaren berri emateko.

 

Azkenean, azaroaren 12ko datarekin iritsi da Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren ebazpena: Molatuk ezarritako errekurtsoko lau puntutatik hiru aintzat hartuta, ebazpenak kaudimenaren eta esperientziaren irizpideak baliogabetzera eta lizitazioa bertan behera uztera behartu du Tolosako Udala. “Kontuan hartu duten puntu garrantzitsuena esperientziari dagozkion 36 puntuena da, izan ere, irizpide horren arabera, enpresa bakarrak egingo zukeen aurrera lehiaketan. Aipatzekoa da, kontratazio teknikariak azaldu zigunez, puntu hori kultura departamenduak proposatutakoa izan zela, eta gerora adostua. Honi begira, udalak akats administratibo bat izan dela defendatu nahi du, guztia legearen mugetan egin zela argudiatuz, baina, hori hala izanagatik, onartezina iruditzen zaigu enpresa zehatz baten interesak defendatzen dituen mugimendu bat bigarrenez gertatzea”.

 

Horrekin guztiarekin eta, gogora ekarriz, EAEko justizia epaitegiak duela hiru urteko auzi administratiboa 2019ko apirilean  berretsi zuela, Molatu Produkzioak S.L. enpresako kideek nabarmendu dute, orduan bezala orain ere, udala ez dela gai izan “berme guztiak dituen prozesu bat martxan jartzeko”. Eta aurreko epaira jo dute baieztapena argudiatzeko: “Justizia epaitegiaren sententziak argi eta garbi azaltzen zuen udaleko kultura teknikariaren praxia txarra izan zela kasu hartan, baina plegu berrien erredakzioan ere esku hartzea izan zuen pertsona honek. Horregatik, nahiz eta udalak bere ardurari pisua kendu, ezin dugu arduragabekeria hau onartu, eta enpresa baten mesedetan gertatutakoari inozentziaz begiratu”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!