Tolosako Udala ere, Euskaraldirako prest

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 14a, 10:00

Bigarren edizio honetan Arigunea izango da udala. Barne zein kanpo ariguneak prestatu dituzte, antolakuntza sailetan eta herritarrei begirako harrera guneetan euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da Euskaraldia, eta Tolosako Udaleko talde politiko guztiek udalaren zein herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute. Hala, egitasmoaren bigarren edizio honetan parte hartzeko deia egin dute, duela bi urteko parte hartzea hobetzeko helburuarekin. Orduan, 3.468 lagunek eman zuten izena.

Bigarren edizio honetan Arigunea izango da udala, euskara erabiltzeko gune babestua. "Udalak eredugarri izan nahi du euskararen erabilera sustatzeko eginkizunean, eta horretarako, barne zein kanpo Ariguneak antolatu ditu antolakuntza sailetan eta herritarrei begirako harrera guneetan, guztion artean euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko".

Udalarekin batera, guztira 80 talde eta eragilek eman dute izena Euskaraldian. 374 Arigune sortu dituzte Tolosako entitateek eta, horri esker, Ariguneen bitartez, 1.664 lagunek hartuko dute parte euskararen aldeko ariketa sozialean. "Euskaraldia tresna berritzailea da, lankidetzan oinarritua, herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileran urrats bat aurrera egitea helburu duena. Udalaren hizkuntza politika indartzeko eta sakontzeko aukera paregabea ematen du, eta udalak aukera horri erantzun nahi dio".

Zentzu horretan, Tolosako Udala osatzen duten talde politiko guztiek Euskaraldiaren sustatzaile izateko konpromisoa hartu dute, hamabost eguneko ariketan erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatuko dutela bermatuz. Udal barrura begira egitasmoa zabaltzeko ardura hartu dute, ahalik eta Ahobizi eta Belarriprest gehien aktibatzeko, eta barne zein kanpo Ariguneen bidez hizkuntza ohiturak finkatu eta egonkortzeko eta etorkizunean eutsi ahal izateko.

Izena emateko mahaiak Trianguloan

Euskaraldiarekin bat egin nahi duten herritarrek izena eman ahal izateko aukera izango dute gaur (11:00-13:00) eta datorren ostiralean (18:00-20:00) Trianguloa plazan jarriko den mahaian. Egitasmoari buruzko informazioa emango da bertan, eta dagoeneko Euskaraldian Ahobizi eta Belarriprest roletatik aritzeko izena eman dutenek txapa identifikagarriak hartzeko aukera ere izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!