Koronabirusa

Tolosako Udalak azoka egitea erabaki du

Ataria 2020ko api. 14a, 12:49

Ezohiko azoka izango dela azaldu du udalak, "segurtasun eta osasun berme guztiekin". Aste honetan zenbat posturekin eta zehazki salmenta nola egingo den landu eta jakinaraziko du udalak, "ekoizleekin banan-banan hitz egin ostean".

Tolosako Udalak hasieratik arduraz eta dagokion erantzukizunekin jokatu duela azaldu du, "Eusko Jaurlaritzaren segurtasun eta osasun agindu eta gomendio guztiak jarraituta". Aldi berean, alarma egoera jarri zenetik, lehentasun nagusia tolosarren segurtasuna eta osasuna bermatzea izan direla azaldu dute.

Testuinguru horretan kokatu dute larunbateroko azoka bertan behera utzi izana. Apirilaren 8an, ordea, aldaketa izan zela aipatu dute udaletik: "Debekua bertan behera geratu da, eta horrela eman zuen jakitera larunbatean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak, Osasun sailaren oniritziarekin. Hortaz, orain arte bezala, aginduekin zintzo jokatuta, egoera berrira egokituko da udala eta ekoizleen produktuak saltzeko ezohiko salmenta gunea antolatuko da. Edozein modutara, udal gobernuak azpimarratu du ezohiko moduan eta segurtasun neurri zorrotzekin egingo dela produktuen salmenta".

Nola egingo den oraindik ez du zehaztu udalak, informazio hori aste honetan zabaltzen joango direla azaldu dute. Horretarako, aurrez ekoizleekin banan-bana hitz egin nahi dute.

Udal gobernuaren esanetan, "udalak baliabide guztiak jarri ditu baserritarren eskura beren produktuak merkaturatzeko". Ondorengoa ere argitu nahi izan dute: “Zerkausian ezohiko salmenta gune bat jartzeko guztia prest genuen, baina kale-salmentarik egin ezin zela jakinarazi bezain laster bertan behera utzi behar izan genuen egitasmoa. Beti jardun dugu koherentziaz, zuhurtziaz eta arduraz. Beraz, egoera berri honetan, larunbatean osasun eta segurtasun berme guztiekin ekoizleen produktuak erosi eta saldu ahal izateko gunea antolatuko du udalak, ekoizleen, baserritarren eta lehen sektorearen alde lanean jarraitzeko helburuarekin". 


Bide berrien aldeko apustua mantenduko da

Etenaldi denbora honetan salmentarako bide berriak martxan jarri ditu udalak baserritarrekin elkarlanean, eta horiek mantendu egingo direla azaldu dute, ezohiko salmenta guneaz gain, beraz, ekoizleek beren produktuak saltzeko aukera ezberdinak izango dituzte. "Larrialdi egoera honetatik haratago, erabateko normaltasunera itzuli bitartean, udalak egitasmo berriak mantendu egingo dituela jakinarazi du.  Izan ere, alarma egoera amaitzen denean ezingo dira oraindik larunbateroko azokak normaltasunez gauzatu".

Etorkizuneko egoera horretarako ere prestatzen ari direla esan dute udaletik: "Alarma egoera amaitu ondoren ere bete beharreko arau eta segurtasun neurriak aztertzen ari da udala, denbora batez, postuen arteko distantziak eta pasabideetako tarteak ezarri beharko direlako besteak beste, eta beraz, Osasun Sailaren eta udaleko prebentzio teknikariaren ikuskaritzaren baitan ari da udala lanketa hori egiten".

Amaitzeko, udal gobernuak eskerrak eman nahi izan dizkie baserritarrei egiten ari diren ahalegin eta lanagatik, "jakin badakigu larrialdi egoera honek gogor kolpatu duela zuen jarduera, baita gure herriko hainbat eta hainbat merkatari, ostalari eta autonomoena ere; horregatik, hasiak gara neurri berriak aztertzen eta horiek elkarlanean eta elkarrekin landuko ditugu, bidelagun izango gaituzuelako aurrean dugun erronka honi aurre egiteko".


Merkataritza, Azokak eta Turismo saileko teknikariei ere eskerrak eman dizkiete azken aste hauetan egindako lanagatik eta ekoizle zein merkatariekin une oro harremanetan izateagatik, "eta bereziki,  egoera aldakor honetan, egoerara egokitutako egitasmo berriak lantzen aritzeagatik". 

Herritarrei ere dei egin die Tolosako Udalak, tokikoa babesteko eta kontsumitzeko eskatuz, "orain eta bereziki, datozen hilabeteetan. Baserritarrek, merkatariek eta ostalariek gizarte osoaren laguntza eta babesa beharko dute eta udaletik ere, eskumenen baitan, laguntza osoa eskaintzeko konpromisoa" adierazi dute.

Martxoaren 14tik azokarik gabe

Egun horretan Espainiako gobernuak alarma egoera jarri zuen. Tolosan azoka ez egitea erabaki zuen udalak, eta Zerkausiak ezohiko itsura erakutsi zuen martxoko bigarren larunbatean. Izan zen kexu agertu zen ekoizlerik ere. Ibarrako Montesek hormetan ohar bat idatzi zuen, merkatal zentru handiak zabalik zeuden bitartean eurei azokan saltzea galarazi zitzaielako. Beste zeinbat saltzailek produktuak euren baserrietan salduko zituztela iragarri zuten.

Hurrengo larunbatean azoka egin egingo zela zirudien. Bezperan, ordea, udalak azoka bertan behera geratzen zela iragarri zuen, "Espainiako Osasun Ministerioaren azken aginduak jarraituz". Kale garbiketa desinfektatzaileekin egin beharraz eta kaleko salmentaren debekuaz hitz egin zuen Tolosako Udalak. 

Ekoizleen kexuak areagatu egin ziren EAE osoan, eta Eusko Jaurlaritzak apirilaren 8an plazaratu zuen debekua: azokak ezin ziren egin. Horrek bere erreakzioa izan zuen, ordea. 200 eragile baina gehiagok sinatu zuten debekuaren aurkako aldarrikapena, eta Eusko Jaurlaritzari azokak udalen eskumenak zirela gogoratu zien. Hain justu, joan den larunbatean, hau da, apirilaren 11n, Eusko Jaurlaritzaren debekuari jaramonik ez egitea erabaki zuten hainbat udalek. Oñati, Azpeitia, Bergara edo Ondarrun azoka egin zuten. Eskualdean, Villabonako Udalak erabaki bera hartu zuen larunbat goizean, hau da, astearteroko azokarekin aurrera jarraitzea. Tolosako Udaletik debekua errespetatuko zutela azaldu zuten goizean.

Egun horretan, ordea, eguerdian, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak agerraldia egin zuen, azokak baimenduz. Villabonako Udalak goizean hartutako erabakiarekin aurrera jarraitu zuen. Tolosako Udala, aldiz, komunikabideen bidez jakindako albistea aztertzen hasi zen, ondorengo ordu edo egunetarako erabaki bat hartuko zuela iragarriz. Azkenik, gaur etorri da erabaki hori: larunbatean, Tolosan azoka egongo da.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!