Koronabirusa

Udalak astearteko azoka mantenduko du, segurtasun neurri bereziekin

Ataria 2020ko api. 11a, 17:11

Villabonako nekazal produktuen azoka mantentzearekin batera, Udal gobernuak pasa den apirilaren 8an Eusko Jaurlaritzak ezarritako debekua salatu du, debeku hori bertan behera utzi izana "albiste pozgarria" dela gaineratuz.

Eusko Jaurlaritzak ezarritako debekua mantendu izan balitz ere, astearteko azoka mantentzeko erabakia hartua zuen Villabonako Udalak. 

Honakoa da udalak argitaratu duen oharra:

Jaurlaritzak azokak debekatzeko agindua atzera bota izana berri pozgarria da eta astearte goizean nekazal produktuen azoka egingo da, segurtasun neurri zorrotzekin

Ezaguna denez, pasa den apirilaren 8an Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak, plazetako salmenta bertan behera uzteko agindua eman zuen. Agindu horrek hautsak harrotu ditu eta asko izan dira erabaki horren kontra agertu diren elkarte eta eragileak. Amasa-Villabonako udal gobernuak ere bat egin du agindu horren kontrako salaketarekin.

Zorionez, gaur Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuak agindu hori bertan behera geratuko dela jakinarazi du. Albiste pozgarria da dudarik gabe, aipatutako debekua erabat zentzugabea baitzen.

Ondorioz, herritarrei jakinarazten diegu datorren astearte goizean ohiko nekazal produktuen azoka egingo dela Villabonan.

Udalak, erosleen eta saltzaileen osasuna modu eraginkor batean ziurtatzeko, errespetatu beharreko neurri zorrotzak ezarriko ditu:

  • Azokako salmenta postuak bi baino gehiago badira, azoka Erreboteko plazan egingo da, salmenta postuen eta bertara erostera gerturatzen diren herritarren arteko espazioa nabarmen handituz. Eguraldi txarra balego eta salmenta postuak bi baino gehiago balira, azoka Berdura plaza eta udaletxeko arkupeen artean banatuko litzateke.
  • Erosleek segurtasun espazioa errespeta dezaten, lurrean marra batzuk ezarriko dira. Ilaran zain dauden erosleak marra horien gainean egon beharko dira.
  • Azokako postuen ondoan eskuak garbitzeko produktu bereziak ezarriko dira, erosketa egin aurretik erosleek eskuak garbitu ditzaten.
  • Udalak EPIak (maskarilak, eskularruak eta aurpegia estaltzeko plastikozko pantailak) eskuragarri jarriko dizkie saltzen egongo diren baserritarrei.

Bukatzeko, gure herriko azoka babestera eta azokan erostera animatu nahi zaituztegu, bertakoak diren kalitatezko elikagai paregabeak aurkituko dituzue bertan.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!