Azokako zenbait saltzailek oharrak jarri dituzte, euren baserrietan ari direla produktuak saltzen jakinaraziz. Bide batez, Montes baserrikoak kexu azaldu dira azoka bertan behera gelditu izanaz, supermerkatuak irekita dauden bitartean.
Dendak eta tabernak orokorrean irekita izan dira Tolosan eta baita Villabonan ere. Larunbata izateko ohi baino jende gutxiago zebilen kaleetan, eta tabernetako terrazak ez dira beteta egon. Prentsa saltzen duten Tolosako denda batean eskularruak erabiltzen ari dira zerbitzua emateko. Ohi baino aldizkari gehiago saltzen ari direla azaldu dute, eta bihar egunkariak salgai izango dituztela azaldu dute, banatzaileek horrela jakinarazi ondoren.
Haurrentzako parkeak ezin dira erabili, besteak beste, Tolosan zein Villabonan, eta udaltzaingoak zintarekin itxi ditu. Kultur aretoak ere itxita daude, eta baita kiroldegiak ere. Horren erakusle da, adibidez, Tolosako Usabal kiroldegiaren aparkalekuak ia hutsik zeudela gaur eguerdian.
Garraioan ere eragina izaten ari da. Tolosako tren geltokitik, larunbata izateko oso bidaiari gutxi izan direla azaldu dute. Atzokoan ere nabaritu zuten bidaiarien jaitsiera, batez ere ikasleak ez zirelako joan ikastetxeetara. Horrez gain, bidaiariei neurriak hartzeko eskatzen ari direla azaldu dute, batez ere beraien artean distantzia jakin bat mantentzea, bai txartela erosterakoan eta baita tren geltoki barrura sartzeko makinetatik pasatzerakoan. Eskualdeko autobus zerbitzuan ere nabaritu dute bidaiari kopurua jaitsi dela gaurkoan.