Koronabirusa

Tolosako biharko azoka, bertan behera

Ataria 2020ko mar. 20a, 15:22

Tolosako Udalak jakinarazi du biharko azoka bertan behera uztea erabaki duela. "Gaur eguerdian jasotako Osasun Ministerioaren azken aginduei jarraiki, bihar ez da aurreikusitako ezohiko azokarik gauzatuko", esan du.

Osasun Ministerioak emandako azken jarraibideen arabera, kale garbiketa desinfektatzaileekin egin behar da, eta beraz, aurrerantzean ezingo da kaleko salmentarik egin. Hori dela eta, Tolosako Udalak erabaki du biharko aurreikusitako azoka bertan behera uztea. "Ezinezkoa izango da bihar tokiko ekoizleen elikagaien salerosketa egitea", esan du udalak ohar baten bidez.

"Kale garbiketari dagokionean, udala dagoeneko hasia da herriko zenbait gune produktu desinfektatzaileekin garbitzen, saltoki eremuak eta anbulatorioa, batez ere. Datozen egunetan azken aginduen arabera, kale guztiak desinfektatuko dira", gaineratu du.

Udaletik argi utzi nahi izan dute segurtasun eta osasun berme guztiekin gauzatzekoak zela ezohiko azoka, udal ordezkari guztien adostasunarekin, protokolo zorrotz batekin, eta Osasun sailaren oniritzi eta baimenarekin, baina "azken berriak direla eta, eta orain arte bezala, arduraz jokatuz, bertan behera utzi da ezohiko azoka". "Udalak egunero-egunero beharrezkoak diren neurriak aztertu eta hartuko ditu Prebentzio Mahaian, udal honen lehentasuna delako tolosar guztien osasuna bermatzea", gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!