51. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Indonesiako Batavia Madrigal Singers taldea nagusi, 51. Tolosako Abesbatza Lehiaketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko aza. 3a, 18:48

Lau sari jaso ditu Indonesiako abesbatzak, horien artean 2020an Hungariako Debrecen hirian ospatuko den Europako Sari Handian parte hartzeko txartela. Lehiaketaren amaierako saioan hainbat kanta abesteko aukera izan dute, Queen taldearen batekin hasi ostean euskaraz kantatzea ere erabaki dute.

Gaur arratsaldean amaituko da Tolosako Abesbatza Lehiaketaren 51. edizioa San Frantzisko elizan Belgikako Swara Vocal Ensemble taldeak eskainiko duen kontzertuarekin (19:00). Sari banaketa, ordea, eguerdian ospatu da Leidor aretoan. Dozena bat herrialdetako abesbatzek hartu dute parte asteburuan zehar luzatu den lehiaketa prestigiotsuak hainbat sari banatu ditu, eta ahots talde eta ganbera abesbatzarik onenek jaso dituzte sari horiek.

Ahots taldeei dagokienez, musika profano eta erlijiotsuen modalitatean saridunak berdinak izan dira: Art'n Voices (Polonia) abesbatza izan da onena, Glier College Vocal Group (Ukrania) bigarren, eta Era Vocal Group (Letonia ) hirugarren, bakoitzak bina sari eramanez.

Ia gauza bera gertatu da ganbera abesbatzen kasuan. Kategoria honetan, polifonia modalitatean, gaurko protagonista nagusia izan den Batavia Madrigal Singers (Indonesia) abesbatza izan da onena, JCA National Youth Choir (Japonia) bigarren gelditu da eta Männerstimmen Basel (Suitza) hirugarren. Folklore modalitatean ere, indonesiarrak eta japoniarrak lehenak eta bigarrenak izan dira; hirugarren sailkatua, berriz, Letoniako PA Saulei abesbatza izan da.

Txalo zaparrada ozenenak, noski, indonesiarrek jaso dituzte. Ikuslearen bihotzetaraino heltzea lortu dute lehiaketa osoan zehar. Izan ere, aipatutako sariez gain, Publikoaren Saria eta Kutxa Sari Nagusia ere irabazi dituzte. Azken honek, gainera, 2020ko Europako Sari Nagusian parte hartzeko aukera ematen die. Iaz, Batavia Madrigal Singersen haur eta gazte abesbatzak Europako saria lortu zuen, eta orain helduak ohore hori lortzen saiatuko dira. Eusko Jaurlaritzak banatzen duen euskal egile baten obraren interpretazio onenaren saria, Japoniako JCA National Youth Choir taldearentzat izan da. Aurten, David Azurzak konposatutako Buscando Mis Amores obra zen abestu beharrekoa.

Indonesiarrek, lehen unetik amaieraraino, ez dute publikoa txunditzeko astirik galdu nahi izan. Beraiek izan dute gaurko ekitaldia estreinatzeko ohorea. Dotore asko aritu dira, Freddy Mercuryren Don't stop me now abesti ospetsua interpretatuz. Amaieran, berriz, Xabier Sarasolak konposatutako eta Mikel Sarriegiren letra duen Neguan orbela abestia kantatu dute, euskaraz. Sariak jaso ondoren, gainera, bi euskal egileen esker eta zorion mezuak jaso dituzte indonesiarrek. Baina, hori gutxi ez, eta beraien herrialdeko ereserkia abestuz agurtu dute Leidorreko publikoa. Urtero moduan, Agur Jaunak obra kantatu dute aretora bertaratutako guztiek, aurtengo edizioari amaiera eman asmoz. Bada, Asiako abesbatzak ez du aukera galdu nahi izan, eta esker modura, agurra itzuli nahi izan dute, beren herrialdeko kantuarekin.

51. Tolosako Abesbatza Lehiaketako sailkapenak:

Ganbera abesbatzak, Polifonia modalitatea:

  1. Batavia Madrigal Singers (Indonesia): 468 puntu.
  2. JCA National Youth Choir (Japonia): 458 puntu.
  3. Männerstimmen Basel (Suitza): 417 puntu.
  4. Pa Saulei (Letonia): 411 puntu.
  5. Aurum (Asturias): 409 puntu.
  6. Collegium Musicum Berlin (Alemania): 404 puntu.
  7. 441 Hz (Polonia): 403 puntu.
  8. Bel Canto Vilnius (Lituania): 400 puntu.
  9. Coro Gaos (Galizia): 385 puntu.
  10. Consolatio Choir (Indonesia): 375 puntu.

Ganbera abesbatzak, Folklore modalitatea:

  1. Batavia Madrigal Singers (Indonesia): 473 puntu.
  2. JCA National Youth Choir (Japonia): 467 puntu.
  3. Pa Saulei (Letonia): 420 puntu.
  4. Männerstimmen Basel (Suitza): 419 puntu.
  5. Bel Canto Vilnius (Lituania): 411 puntu.
  6. Collegium Musicum Berlin (Alemania): 405 puntu.
  7. Aurum (Asturias): 403 puntu.
  8. 441 Hz (Polonia): 399 puntu.
  9. Coro Gaos (Galizia): 395 puntu.
  10. Consolatio Choir (Indonesia): 392 puntu.

Ahots taldeak, musika profanoa:

  1. Art'n Voices (Polonia): 443 puntu.
  2. Glier College Vocal Group (Ukrainia): 427 puntu.
  3. Era Vocal Group (Letonia): 416 puntu.
  4. Gema Sangkakala (Indonesia): 409 puntu.
  5. Swara Vocal Esemble (Belgika): 377 puntu.

Ahots taldeak, musika erlijiotsua:

  1. Art'n Voices (Polonia): 456 puntu.
  2. Glier College Vocal Group (Ukrainia): 426 puntu.
  3. Era Vocal Group (Letonia): 421 puntu.
  4. Gema Sangkakala (Indonesia): 392 puntu.
  5. Swara Vocal Esemble (Belgika): 385 puntu.

Europako Sari Nagusirako sailkapena:

  1. Batavia Madrigal Singers (Indonesia).
  2. JCA National Youth Choir (Japonia).
  3. Art'n Voices (Polonia).
  4. Glier College Vocal Group (Ukrainia).
  5. Era Vocal Group (Letonia).
  6. Männerstimmen Basel (Suitza).
  7. Pa Saulei (Letonia).
  8. Aurum (Asturias).
  9. Bel Canto Vilnius (Lituania).
  10. Collegium Musicum Berlin (Alemania).
  11. 441 Hz (Polonia).
  12. Gema Sangkakala (Indonesia).
  13. Coro Gaos (Galizia).
  14. Consolatio Choir (Indonesia).
  15. Swara Vocal Esemble (Belgika).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!