51. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

«Nazioartean ezaguna den lehiaketa bat irabazteak, nolabaiteko estatusa eta garrantzia emango digu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko aza. 3a, 18:17

20 emakumek eta beste hainbeste gizonek osatzen dute Batavia Madrigal Singers abesbatza. Gaur, 51. Tolosako Abesbatza Lehiaketako Sari Nagusia eskuratu dute, beste hiru sarirekin batera. Taldeak 23 urte bete ditu aurten. bere zuzendari Avip Priatnaren ustez, "diziplina" da taldeak duen sekretuetako bat.

Prestigiozko abesbatza lehiaketetan sari gehien lortu dituen Indonesiako abesbatzak indar handia erakutsi du aurtengo edizioan. Indarra. Kolorea. Bizitasuna. Eta kalitatea. 1996an sortu zen, eta egun, bere aparteko talentu musikalaren, eskarmentuaren eta gidaritza sendoaren bitartez, Avip Priatnak zuzentzen du korua. 2017an ere irabazi zuten Sari Nagusia, eta gaur, abesbatzaren palmares bikaina areagotzea lortu dute. Irribarrea aurpegitik kendu ezinik egon da Priatna ekitaldi guztian zehar; ez zen gutxiagorako.

Lehenik eta behin, zorionak!

Eskerrik asko!

Zein da gaurko emaitza lortzeko abesbatza honen sekretua?

Lana gogotik egitea da benetako sekretua, ez dago besterik. Diziplina handia eskatzen du, eta batez ere, musika maitatzea. Talde osatu bat izaten saiatzen gara, hori baita garrantzitsuena. Norbanakoen lanetik osatutako pertzepzio bakarra izatea, alegia. Kide bakoitzak bere izaera alde batera utzi behar du, eta elkarrekin gustuko duten zerbait egin.

Hirugarren aldiz aurkeztu zarete lehiaketa honetara. Zergatik da garrantzitsua Tolosan abestea, eta nola ez, irabaztea?

Guretzako lehiaketa bakoitza irakaspen bat da. Noski, nazioartean ezaguna den lehiaketa batean abesteak, eta gure kasuan, irabazteak, nolabaiteko estatusa eta garrantzia ematen digu; hazten jarraitzen laguntzen digu. Ondorioz, kalitate handiagoko abesbatza izatera hel gaitezke, eta horrela, Indonesian geroz eta handiagoa den abesbatzarako tradizioa zabaltzea lortuko dugu, beste talde batzuentzat eredu izatera iritsi arte.

Oraindik asko dugu ikasteko, batez ere Europa ekialdeko musika klasikoari dagokionez. Lehiaketa honetan, asko zaintzen da modalitate hori, eta maila altuko interpretazioak izaten dira. Hori dela eta, irabaztea lortuz gero, beste abesbatza batzuentzat erreferentzia bihurtzen zara, eta zuregandik ikasten dute.

Euskal kantuak abesten ere aritu izan zarete. Zerk harritu zaituzte bertako folkloretik, eta bertako tradiziotik?

Guztiz ederra da abesbatzarako euskal musika tradizionala. Letrek esanahi eta zentzu handia dute, eta moldaketak oso gustukoak ditugu Indonesian. Oso garrantzitsuak dira hemen dituzuen egileak, eta horien izenak eta jatorria ezagutzea ezinbestekoa da gure herrialdeko taldeentzat. Egun, Indonesiako talde askok abesten ditugu bertako egileen kantuak.

Haurren abesbatzarekin egin moduan, Europako Sari Nagusia irabazteko gai ikusten zarete?

Helburu horrekin joango gara, eta ea zortea izaten dugun. Espero dugu hala gertatzea. [Barreak]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!