Letoniako Era taldeari bereziki sumatu diot aje hori, eta Leidorko emanaldiaren aldean mugatuago irudikatu ditut, tentsio fisiko gehiegi. R Zalupe-k Carol ezagun baten gainean sorturiko kanpai hotsezko doinua ekarri digute, besteren artean. Indonesiarrak ere maila politean aritu badira ere, inpostazioaren ondorioz afinazio gorabeheratsua erakutsi dute. J Himesen Ave Maria zoragarrian akorde ederrak barreiatu dituzte elizan zehar, guztien atentziozko isiltasuna irabaziaz. Ukraniarren jardunaz, berriz, ezin aipatu gabe utzi musika asko dutela zainean. Emisio ilun bereizgarriaren gainean, Brahams boteretsua eta maisutasunez ekarria, doinu sarkorrak eta tradizio ortodoxozko otoitzek oso atsegina dutena.
Hamaseigarren mendeko musikari zor zaion malgutasuna gehienentzat ataka-estu bihurtu da goiz umelerako, baina ez Poloniako Artin- entzat; benetan dizdiratsu, elegantziaz eta inor gutxik bezalako ulermenaz, obraren muinari etekina ateratzeko gai dira. Musika erromantikoan ere kontzentrazio handiz aritu dira, eta ñabardurarik txikienak ere aurretik zorrotz landurik zituzten. Egitarau osoaren aukeraketa anitza eta arrisku erakargarriz josia. Autonomia harrigarriz funtzionatzen dute norbanakoek, eta aldi berean, elkarren arteko lanean, zentzuak fintasunean garatuak dituzte, armonia ororen aurrean zein esaldi arteko joskera ezberdinetan. Kalitate gorenekoak!
Belgikako Swara-k eman zidan ezustekorik pozgarriena, aurreko emanaldiaren aldean zeukatena erakusteko hurrats finkoa emanez. Ertaro xamur-xamurra. Poulenc-en Tristis Est Anima Mea-ri, edo Cruchifixus-e textu dramatismoari men egin eta, dagokion transzendentziarekin botaz, afinazio edo oreka arazotxoren batzuen gainetik, paperean ondo identifikatuak aritzeko gai izan ziren.
Azken saiorako nire lanean huts egitea tokatu zait, ordea, nire orkestraren lan saioari ezin iskin eginda, ordu batzuez, neroni izan naiz eskuekin eragile, entzule ordez. Pentsatzekoa da hau ere interesgarri suertatu dela Leidorrera hurbildu den edonorentzat.
Orain sarituen zerrendaren argitalpena eta banaketa besterik ez zaio geldituko 51. ekitaldiari.