Indonesiako taldea izan da aurtengo abesbatzarik onena. Nolako taldea iruditu zaizu?
Oso talde sendoa da. Guztia oso ondo egiten dute, eta gainera, beharrezkoa den oreka hori mantentzen dute, era guztietako abestiak kantatu ahal dituztelako.
Eta zein izan daiteke emaitza horren sekretua?
Norbanako kalitatea sekulakoa da. Eta horri, inteligentzia handiko zuzendaria gehitu behar zaio. musikari handiak dira, eta beraz, ezin zaio ezaugarri negatiborik aurkitu talde honi, guztia oso ondo egiten dutelako. Agian, beste abesbatza batzuek izaten dute ahulguneren bat edo beste, baina honek ez.
Izan al da harritu zaituen beste abesbatzaren bat?
Japoniarrak ere asko gustatu zaizkit. Abesbatza gaztea da, baina elkarrekin abesten dutenean, goxotasun berezia transmititzen dute. Interpretazio bikainak egin dituzte, eta gainera, ez dira Japoniako talde batek egin ohi dituenak izan, eta ekarri dituzten moldaketak asko gustatu zaizkigu.
Eta izan al da huts egin duen talderen bat?
Beti espero izaten da gehiago talde batzuetaz. Aurten, agian, faltan bota dut sendoagoa izango zen abesbatzaren bat. Abesbatza gazte asko izan dira, eta beraz, zerbait indartsuagoa eta osatuagoa falta zen. Ez da abesbatza txarrik izan, baina desberdintasunak izan dira. Gainera, askotan konparazioetan erortzen gara, eta ezinezkoa da aurtengo edizioa iazkoarekin alderatzea. Aurtengoa oso ona izan da, baina beste mota batekoa.
Aurten, Asturiasetik eta Galiziatik etorri dira abesbatza gertukoenak. Zer iruditu zaizkizu?
Ezagunak ditut bi taldeak. Hala ere, aurtengo edizioan tentsio handia nabaritu dut bi taldeetan. Lan zoragarria egin dute biek ere. Bien programak asko gustatu zaizkit. Gazteak dira eta etorkizuna bermatuta dute. Orain lan egitea besterik ez zaie gelditzen. Kalitate handiko abesbatzak dira, baina beti esaten dugun moduan, Tolosakoa ez da nolanahiko erakusleihoa. Oso zaila da bertan aritzea.
Aurten, puntuazioari erreparatuz, aurreko urteetakoak baino baxuagoak izan dira. Zer dela eta?
Oso zaila da alderaketak egitea. Kontuan izan behar da, epaimahaia urtero desberdina dela, eta beraz, ez da erraza izaten puntuazioak berdinak izatea. Bi abesbatza nabarmendu dira besteen gainetik. Gero, oso ondo aritu diren abesbatzen multzo bat izan da irabazleen atzetik. Poloniarrak, letoniarrak eta ukraniarrak ikusgarriak iruditu zaizkit. Zailtasun handiko obrak interpretatu dituzte, eta beraien herrialdeetako musika tradizionala ekarri dute guregana.
Datorren urtean ikusiko al dugu euskal talderik hemen? Zure kasuan, 2010ean aurkeztu zinen Hodeiertz abesbatzarekin. Berriz aurkezteko moduan?
[Barreak] Orduan, hirugarren saria irabazi genuen, gainera. Urtarrilean hasi ginen guztia prestatzen, eta herriaren aurrean abestu aurretik 8 kontzertu eskaini genituen. Datorren urtean ea euskal talderik izango den? Ez dakit. Pentsatze hutsarekin izerditan hasten naiz.