16:00etatik aurrera, zezen plazako sarrerak erosteko aukera

Ataria 2019ko otsailaren 18a

Internet bidez erosi ahalko dira inauterietako zezen-festetarako sarrerak. Iaz, 13 minututan agortu ziren; aurten, egunero 850 sarrera gutxiago izango dira salgai.

Guztira, 3.404 sarrera jarriko dira salgai egun bakoitzeko. Segurtasun neurriak direla eta, tendiduan 2.240 pertsona sar daitezke, eta harmailetan 800. Gaur, 16:00etatik aurrera jarriko dira salgai sarean, www.bibe.me webgunean. Sarrerek aurreko urteetako prezio berberak mantenduko dituzte: 2 euro leihatilan, eta sarean, 2,18€.

Sarreren %70a internetez salduko da; iaz 13 minututan amaitu ziren. %25a Leidorreko leihatilan banatuko da, otsailaren 25ean eta 26an, 16:00etatik 20:00etara edo sarrerak agortu arte. Azken %5a zezen plazako leihatilan bertan ikuskizun egunetan salduko da, 15:00etatik aurrera.

Bai leihatilan eta bai internet bidez, bakoitzak aldiro gehienez 10 sarrera erosi ahal izango ditu, eta erositako sarrerak, internet bidez nahiz leihatilan, ezingo dira ez itzuli, ez eta aldatu ere. Tendiduko eta harmailetako sarrerak ateka sailkatuta egongo dira, eta Astelenitako harmailako sarrerak ez dira salgai jarriko, harmaila osoa aisialdi taldeentzat baita.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!