13 minutuan agortu dira Zezen Plazako sarrerak

Ataria 2018ko urtarrilaren 29a

Inauterietako zezen-festetako sarreren %70 internet bidez saldu dute. 16:00etan jarri dituzte salgai, eta 16:13rako agortuak zeuden Ostegun Gizeneko, Zaldunitako, Astelenitako eta Asteartitako sarrerak.

'Momentu honetan 0 sarrera geratzen dira'. Hori da inauterizale askok 16:13tik aurrera inauterietako zezen-festetako sarrerak eskuratzean topatu duten mezua. Ez dago sarrerarik jada.

Pertsona bakoitzak, aldiro, 10 sarrera erosi ahal izan ditu, gehienez ere. Ostegun Gizenekoak, Zaldunita egunekoak eta Astelenitakoak azkar batean agortu dira. Astelenitan, esaterako, ez zegoen harmailetarako sarrerarik eskuragarri, harmaila osoa aisialdi taldeentzat baita. Asteartitakoak izan dira azkenak saldu direnak.

Dena den, sarrerak eskuratzeko bigarren aukera bat ere izango da. Leidorreko leihatilan jarriko dituzte salgai, otsailaren 5ean eta 6an, 16:00etatik 20:00etara. Sarreren beste %5 zezen plazako leihatilan izango da salgai, ikuskizun egunetan, egunero, 15:00etatik aurrera, agortu arte.

Prezioek ez dute aldaketarik izan aurten, iazko berberak mantendu dira. Leihatilan erosiz gero, 2 euroko salneurria izango dute tendidurako eta harmailarako; sarean berriz, 2,18 euroko salneurria izan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!