Zezen plazan, egunero, 850 sarrera gutxiago

Ataria 2019ko ots. 13a, 11:37

Astelehenean jarriko dituzte salgai zezen plazarako sarrerak, inauterietarako. %70 internet bidez salduko da; iaz 13 minututan saldu ziren guztiak

Tolosako inauterietan zezen plazak Ostegun Gizenean, Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan zabaltzen ditu ateak. Sarrerak otsailaren 18an jarriko dituzte salgai. Aurten, ordea, egunero 850 gutxiago egongo dira. Nuria Carbonell Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotziaren esanetan, "legea eta segurtasun berme oro" betetzeko murriztu dute kopurua.

Guztira 3.040 sarrera jarriko dira salgai egun bakoitzeko. Zinegotziaren esanetan, zenbaki hori da araudiak onartzen duena: "Legeak ezartzen du irteera bakoitzeko zenbat pertsona egon daitezkeen plazan. Horren arabera, tendiduan 2.240 pertsona sar daitezke, eta harmailetan 800. Eguneko 850 sarrera gutxiago izango dira. Udal honen lehentasun nagusia da ikuskizunetan herritar zein bisitari ororen segurtasuna bermatzea".

Tolosako Udala zezen plaza eraberritzen ari da, "legeak ezarritako ebakuazio eta segurtasun neurriak betetzeko". Lanak lau fasetan banaturik daude, eta dagoeneko lehen biak amaituta daude: "Hiru irteera berri egitea eta palkoen estruktura indartzea". Aurten hirugarren fasea egingo dutela esan du udalak, hau da, harmailen eraberritzea. Hemendik aurrera, gainera, zezen plazaren edukiera aurtengo inauterietan ematen dena izango da.

Sarrerak salgai

Astelehenean, 16:00etatik aurrera jarriko dira sarrerak salgai sarean, www.bime.me web atariaren bitartez. Sarrerek aurreko urteetako prezio berberak mantenduko dituzte: 2 euro leihatilan eta sarean 2,18€.

Sarreren %70a internetez salduko da; iaz 13 minututan amaitu ziren. %25a Leidorreko leihatilan banatuko da, otsailaren 25ean eta 26an, 16:00etatik 20:00etara edo sarrerak agortu arte. Azken %5a zezen plazako leihatilan bertan ikuskizun egunetan salduko da, 15:00etatik aurrera.

Bai leihatilan eta bai internet bidez, bakoitzak aldiro gehienez 10 sarrera erosi ahal izango ditu, eta erositako sarrerak, internet bidez nahiz leihatilan, ezingo dira ez itzuli, ez eta aldatu ere. Tendiduko eta harmailetako sarrerak ateka sailkatuta egongo dira, eta Astelenitako harmailako sarrerak ez dira salgai jarriko, harmaila osoa aisialdi taldeentzat baita.

Palkoen zozketa bihar, osteguna, otsailak 14

Zozketa bihar, osteguna, otsailak 14, egingo da, arratsaldeko 18:00etan Tolosako Kultur Etxeko Areto Nagusian. Zozketako emaitzekin, otsailaren 14an edo 15ean Kultur Etxetik pasa beharko da, norberaren NAN-arekin, palkoko sarrerak hartzera eta ordaintzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!