Unai Arroyo, garaile Donostian

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 16a, 15:39
Argazkia: Corriendovoy

Donostiako Maratoi Erdia jokatu da asteburuan. Oiana Ortiz tolosarra lehen emakume euskalduna izan da helmugan, laugarren amaituta; Unai Arroyo tolosarrak, berriz, 10 kilometroko lasterketa txikia irabazi du.

2.125 korrikalari bildu ziren, atzo, Donostiako XVIII. Maratoi Erdian. Bi lasterketa jokatu ziren: maratoi erdia bera, 21 kilometrokoa, eta distantzia txikiagoko beste bat, 10 kilometrokoa. Bietan eskualdeko korrikalarien presentzia nabarmena izan zen.

Proba nagusian, emakumezkoen artean, Oiana Ortiz tolosarra podiumetik gertu izan da. Duela aste batzuk bigarren egin zuen Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian, eta lehen gipuzkoarra izanik, Gipuzkoako txapeldun izendatu zen. Oraingoan, podiuma zapaltzetik ia sei minutura izan da, eta bera izan da sailkapeneko lehen emakume euskalduna.

Adawork Aberta Sadura izan zen azkarrena. 22 urteko etiopiarrak 1:13:45ko denboran osatu zuen ibilbidea. Bigarren Kabira Elgmiri marrokiarra izan zen, irabazlearengandik sei minutu pasatxora (1:19:58), eta Dolores Marco kantabriarrak osatu zuen podiuma, 1:21:23 eginda. Ortizen denbora 1:27:03koa izan da.

Arroyo, garaile lasterketa motzean

10 kilometroko lasterketan Unai Arroyo tolosarra izan zen azkarrena. 31:21eko marka egin zuen. Bigarren Asier Fernandez izan zen, minutu bat eta 20 segundora, eta beste zortzi segundo gehiago behar izan zituen hirugarren izan zen Raul Gomezek (32:49). Duela hilabete eskas, 10 kilometroko distantziako Euskadiko Txapelketa irabazi zuen Arroyok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!