Unai Arroyok 10 kilometroko Euskadiko Txapelketa irabazi du

Ataria 2018ko martxoaren 18a

Argazkia: Noticias de Gipuzkoa

Unai Arroyo tolosarrak sei segundoko tartea atera dio Aitor Etxeberria bigarren sailkatuari XVI. Udaberriko Lasterketan; Kamel Ziani izan da hirugarren.

Hotza, euria eta tolosar bat izan dira 10.000 metroko Euskadiko Txapelketako protagonista nagusiak. Unai Arroyok irabazi du Donostian jokatu den lasterketa. 31:07ko denbora egin du, eta sei segundora helmugaratu da Aitor Etxeberria donostiarra. Podiuma Kamel Zianik osatu du, 31:21eko denborarekin.

Lasterketa erdira arte lehen hiru sailkatuak batera joan dira, baina 5. kilometrotik aurrera Ziani atzean geratu da. Hortik aurrera Arroyok hartu du agintea: "Tiraka jarri naiz, banekielako Aitor Etxeberria azken metroetan azkarra dela. Kosta zait atzean uztea. Kontxa parean 20 metroko tartea atera diot, eta horri eustea lortu dut", aitortu du tolosarrak Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia programan. 

Pozik zen Arroyo: "Duela aste bat Espainiako txapelketan izan nintzen, eta banekien sasoi onean nengoela. Txapelketa irabazteak beti poza ematen du" esan du. Hemendik aurrera pistan zentratuko da lasterkari tolosarra: "1.500 metrokoan 3:50eko denboratik jaisteko helburua dut, eta 5.000 metrokoan 14:30tik jaitsi nahi dut". 

Ander Etxeberria billabonatarra (33:09), Unai Señoran irurarra (33:12) eta Ander Garin alegiarra (33:43), berriz, lehen hogei sailkatuen artean izan dira: 14., 18. eta 20. izan dira, hurrenez hurren. Oiana Ortiz tolosarra, berriz, bederatzigarren emakumea izan da, 39:25eko denbora eginda. Lourdes Colomo zizurkildarra, berriz, lehen emakume beteranoa izan da, 40:33 eginda. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!