Oiana Ortiz, Euskadiko txapeldunorde eta Gipuzkoako txapeldun

Ataria 2018ko martxoaren 26a

Tolosa CF Atletismo taldeko korrikalaria bigarren euskalduna izan da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian; lehen gipuzkoarra izanik, bera da Gipuzkoako txapeldun berria.

Mende laurdena bete du Azkoitia-Azpeitia probak, eta eguraldi petrala izan arren, 1.217 gizon-emakumek parte hartu dute 21 kilometroko lasterketan.

Mark Kiptoo keniarra izan da garaile, 01:01:03 eginda -2013an ere berak irabazi zuen proba-. Gainera, Master 40 mailako munduko marka ondu du Kiptook, gaur arteko 01:01:09 denbora hobetuta. Bigarren Stephen Omiso keniarra (01:01:11) izan da, eta hirugarren Samuel Kiplimo keniarra (01:01:23) sailkatu da.

Emakumeetan helmugaratzen aurrena Hawi Megersa etiopiarra izan da, 01:10:24 denborarekin. Bigarren Leonidah Jemwetich keniarra sailkatu da (01:10:42), eta hirugarren Azucena Diaz madrildarra (01:13:51).

Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa ere jokatu da. Emakumeetan Maria Zorroza gernikarra izan da lehen euskalduna, eta Oiana Ortiz tolosarra izan da bigarren, 01:25:39 eginda. Gipuzkoako txapela, beraz, Ortizentzat. Gizonezkoen bi txapelak Ander Sagarzazu donostiarrak eskuratu ditu.

[Argazki bilduma, Urola Kostako Hitzaren webgunean]

10 korrikalari Valentzian

Bestalde, Tolosa Atletismo taldeko 10 korrikalarik Valentziako maratoi erdian hartu dute parte: Ander Etxeberria, Iker Manso, Andoni Saldias, Ibon Gonzalez, Joseba Jauregi, Unai Hernandez, Javi Rodriguez, Josu Diez, Raul Viejo eta Enrique Piedra izan dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!